ERREPIDEAK

Istripuak urritzeko arau berriak

Hego Euskal Herrian txaleko islatzailea eta umeentzako eserleku homologatuak eraman beharko dira autoetan; Ipar Euskal Herrian gehiegizko abiaduragatik neurriak zorroztea aztertzen ari

DONOSTIA
2004ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Gaurtik aurrera txaleko islatzailea eta umeentzat eserleku homologatuak ezinbestekoak izango dira Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko ibilgailuetan. Badira, ordea, istripuak gutxitzeko aztertzen ari diren beste hainbat neurri ere.

-Txalekoa: Txaleko islatzailea ibilgailuan izatea ezinbestekoa izango da gaurtik aurrera. Errepide nahiz bazterbide batean autotik ateratzen denak txaleko islatzailea izan beharko du soinean. Gidaria izan ez arren, autotik irten behar duenak ere jantzita izan behar du. Araua urratzen duenak 60 euroko isuna ordaindu beharko du.

-Haurrentzat eserlekuak: 12 urtetik beherako haurrentzat eusteko sistema bereziak izatea ere beharrezkoa izango da gaurtik aurrera. Pisuaren eta adinaren arabera, legeak hiru eserleku mota aurreikusi ditu. 12 urte baino gutxiagokoek ezin dute aurreko eserlekuan bidaiatu, autoak eusteko sistema homologaturik ez badu. Era berean, hiru urte baino gehiago eta 1,50 metro neurtzen dituztenek euren pisu eta neurrira egokitutako euste sistema izan behar dute. Autoaren atzeko eserlekuetan doazen hiru urtetik beherakoek ere eusteko sistema homologatuak erabili behar dituzte.

-Gidabaimena: Azarotik aurrera, gidabaimenak plastikozko txartelmodura banatuko dira. Baimena atera berri dutenek horrela jasoko dute; gainontzekoek, berriz, berritzeko garaia iritsi arte itxaron beharko dute plastikozko txartel itxurako baimena izateko. Zailagoa izango da agiria faltsutzea eta orain artekoak baino tamaina erosoagoa izango du.

-Atzerriko gidariak: Espainiako gidatzeko arauei egokitzeko, beste estatu batzuetako gidabaimenak balioa izan dezan froga teoriko bat gainditu beharko dute. Arauak Europako Batasuneko kide ez diren herrialdeetako pertsonekin izango du balioa. Gainera, aldez aurretik Gobernuak herrialdearekin akordio batera iritsita egon beharko du.

-Motorrak: Uztailaren hasieratik B gidabaimena dutenek motor arinak gidatu ahal dituzte. Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren arabera, helburuak hirietako trafikoa erraztea, erregaia aurreztea eta kutsadura gutxitzea dira. Motor arinak gidatzeko, baina, gutxienez hiru urtetan izan behar da B gidabaimena. Bestalde, RACC Kataluniako Automobil Klubak motorretan bi pertsona joatea galarazteko eskatu du. Izan ere, 1997an bi pertsona motorrean joatea onartu zenetik istripu kopuruak nabarmen egin du gora. RACC-ren ikerketa baten arabera, Espainiako motorzaleen %6 eta ziklomotorren %12 segururik gabe ibiltzen dira errepideetan. Helburua, istripuak gutxitzea da.

-Abiadura: Frantziako Gobernuak egungo Zirkulazio Kodea aldatzeko asmoa duela iragarri berri du Europako Auto Gidari Elkarteak. Horrela, orduko abiadura muga 50 kilometroz gaindituz gero 6 hilabeteko kartzela zigorra bete beharko du gidariak. Egun, aipaturiko lege urraketa eginez gero, 1.500 euroko isuna ordaindu behar da eta lau puntu galtzen dira gidabaimenean puntukako gidabaimena dute Frantzian. Bigarrengo aldiz, huts-egite bera eginda hiru hilabeteko kartzela zigorra bete behar da. Kodearen aldaketarekin, ordea, lehen urraketan sei hilabeteko zigorra eta 7.500 euroko isuna ordaindu behar da. Gainera, autoa konfiskatuko eta gidabaimena kenduko diote legea urratu duen gidariari. Sentsibilizazio ikastaro bat ere egin beharko du. Era berean, abiadura dela medio jartzen diren zenbait isun merketu egingo dira. Ezarritako abiadura muga 20 km-tan baino gutxiagotan urratuz gero, 68 euro ordaindu beharko diraorain 135 euro. Izan ere, egiten diren abiadura urraketa gehienak orduko 20 km baino gutxiagokoak dira, %88.Huts horiek ez dute arriskua bereziki areagotzen; horregatik, isunak gutxituko dituzte.

-Argiak: Frantziako Gobernuak ibilgailu guztiek egunez argiak piztuta eramatea proposatu du. Arau berria ezarri aurretik datorren urriaren 30etik 2005eko martxoaren 27ra arteko froga egitea ebatzi dute. Frogaren emaitzak ikusi ondoren erabakiko dute legea martxan jarriko den ala ez. Saiakera hiriguneetatik urruti egingo dira. Halere, gidariak ez dira argiak piztuta eramatera behartuta egongo. Gobernuaren esanetan, «gomendioa» baino ez da izango frogak iraungo duen sei hilabeteetan. Suitza, Finlandia eta Norvegian, esaterako, aspaldi jarri zuten martxan egunez argiak piztuta eramatearen gaineko legea. Izan ere, argi izpiekin errazagoa da ibilgailuak ikustea. Beraz, istripuak nabarmen gutxitzen dira. Frantziako motozaleak, baina, ez dira egunez argiak piztuta eramatearen gainean ados agertu. 1975 urtean motorrek egunez ere argiak piztuta eraman behar zituztela ebatzi zuten Frantzian. Orain, ibilgailu guztiek argiak piztuta eraman beharko dituztenez, motozaleak autoak eta motorrak desberdintzeko arazoak egongo ote diren beldur dira.

-Alkoholemia: Argiena ez da Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko errepideetan egingo duten aldaketa bakarra izango. Garraiolarien alkoholemia tasak ere jaitsi egin dituzte. Lehen litroko 0,5 gramokoa zen, orain, berriz, 0,2koa.

-Bide seinaleak: Gaurtik aurrera errepideetan hil diren pertsonen kopuruaren gaineko informazioa eta abiaduraren inguruko leloak dituzten panelak jarriko ditu errepideetan Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak.

Xedea gidariak sentsibilizatzea eta arriskua gutxitzea dela adierazi du Trafikoko Zuzendaritzak.«2003ko asteburu batean 52 lagun hil ziren errepideetan» eta «alkohola+gidatu = istripua» dira, besteak beste, erabiliko diren leloak.Iparraldean, berriz, bide seinaleen egoera aztertuko dute. Gidariak horien egoera kaskarraz kexu baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.