Israelekin duten erlazioa eteteko prest direla esan dute Hegoaldeko unibertsitateek

Gazari buruzko agiri bat onetsi du gaur Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak, eta han adierazi du asmoa; kide dira EHU, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea.

Palestinaren aldeko kanpaldia, EHUren Leioako campusean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Palestinaren aldeko kanpaldia, EHUren Leioako campusean. ARITZ LOIOLA / FOKU
arantxa iraola
2024ko maiatzaren 9a
18:30
Entzun

Apirilaren 24an, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean izeneko agiria onartu zuen. Hainbat konpromiso hartu zituen Palestinan Israelek hilabeteotan egin dituen eraso etengabeak gaitzeste aldera: besteak beste, erlaziorik ez duela izango Palestinako krimenak gaitzesten ez dituzten Israelgo erakunde eta unibertsitateekin. Gaur Espainiako Unibertsitateeko Errektoreen Konferentziaren errektoretza batzordeak bilkura izan du, eta han ere testu bat onetsi dute Palestinako gatazkaren inguruan; testu horretan ere prest azaldu dira harremanak eteteko Israelgo erakundeekin ez badute «konpromiso irmo bat» azaldu bakearen alde, eta giza eskubideen nazioarteko defentsan. EHUz gain, konferentziako kide dira NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitatea; Hego Euskal Herriko unibertsitateen artean, Euneiz bakarrik falta da errektoreen konferentziako kide izateko.

Gaur onetsi duten agirian, Israelgo militarrak egiten ari diren operazio guztiak «eteteko» eskea egin dute. «Terrorismo» ekintzak ere gerarazi egin behar direla esan dute, eta propio eskatu diote Hamasi urrian Israelen kontra egin zituen erasoetan bahitutakoak libre uzteko. Israelgo Estatuak nazioarteko zuzenbidea «errespetatu» behar duela nabarmendu dute, eta bideak ireki behar dituela Gazara laguntza humanitarioa hel dadin.

AEB Ameriketako Estatu Batuetan-eta indarra hartu dute asteotan Israelen jarrera salatzeko protestek unibertsitate ikasleen artean. Kanpaldi handiak egin dituzte, eta horien kontrako errepresioa ere handia izan da. Euskal Herriko zenbait tokitan hasiak dira protestak, baita CRUEren eragin eremuko beste hainbat unibertsitatetan ere; «aldarri» horiekin bat egiten dutela esan dute gaur errektoreek agirian, eta balio behar dutela «biolentziaren gorakada» gerarazteko urratsak bideratzeko.

EHUk aurrez egin zuen eran, gaurko agirian ere, Palestinako zientzia sistemarekin harremanak sendotzeko asmoa azaldu dute, eta handik ihes egin nahi dutenei laguntza emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.