Israelgo Gobernuak Gazako su etena hautsi izanak kalera atera du berriro Gernika-Palestina Deialdi Herritarra. Donostian bildu dira talde horren bultzatzaileak, eta alderdi politiko, sindikatuen eta beste gizarte talde batzuen babesarekin, erasoak berehala amaitzeko eta Gazatik erretiratzeko exijitu diote Israeli. Europako Batasunari ere zuzendu zaizkio, eta hiru eskaera egin dizkiote: Israelekin dituen akordioak hausteko, hari arma gehiago ez saltzeko, eta presio diplomatiko «eraginkor» bat egiteko.
Babes sozial zabala jaso du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak Kursaal jauregian aurkeztutako agiriak. Sinatzaileen artean honako hauek daude: EH Bildu, PSE, EH Bai, Geroa Bai eta ezkerreko beste alderdi batzuk; LAB, CCOO eta Steilas sindikatuak; Euskal Herriko Bilgune Feminista; eta Palestinari loturiko dinamika sozialak.
Gogorarazi dute Israel izan zela Nazio Batuen Erakundearen ebazpen batek sortutako lehen estatu modernoa, baina NBEren eskaerak behin eta berriro baztertu dituztela Tel Aviveko agintariek. «Amnesty Internationalen arabera, Israelek giza eskubideen arloan zuzendu zaizkion ebazpenen %0,5 baino ez ditu bete, eta muzin egin die sistematikoki egin zaizkion dei guztiei: legez kanpoko kokalekuak ez eraikitzeko eta lurralde palestinarren anexioa eta konfiskazioa amaitzeko, baita bortxazko husteak egiteari eta palestinarren jabetzak suntsitzeari uzteko ere».

Hamasek eta Gazako zerrendako beste talde armatu palestinar batzuek Israelen aurka 2023ko urrian egindako erasoari «erantzun basatia» eman izana aurpegiratu diote Benjamin Netanyahuren gobernuari. «Gazako hondamendi humanitarioaren» zenbakiak azpimarratu dituzte: 47.000 pertsona baino gehiago hil dira, 111.563 zauritu eta 10.000 baino gehiago desagertu dira. 1,9 milioi pertsona inguruk utzi behar izan dute beren etxea, zerrendako biztanleen %90.
Taldeak gogorarazi du Gazako eraikin zibilen %92, eskolen %88 eta errepideen eta laborantzako lurren %68 suntsitu edo hondatu dituela Israelgo armadak, eta «irudi danteskoak» ikusten direla gaur egun zerrendan. «Mundu osoak ikusi ditu genozidioaren irudiak», diote deialdiaren egileek, eta gehitu dute horrek Gazako herritarrekiko elkartasuna piztu duela. «Palestinaren aldeko mobilizazioak jendetsuak, globalak eta zeharkakoak izan dira. Euskal Herriak egoerak eskatu bezala erantzun du, eta esan daiteke Gernikako herriaren gehiengo soziopolitikoak elkartasuna adierazi diola Palestinari eta exijitu duela Israelgo Estatuaren zigorgabetasuna amaitzeko».
Inpunitatearen aurka
2025eko urtarrileko su etena «albiste ona» izan zela dio Gernika-Palestinak, nahiz eta ez den «bake prozesu iraunkorraren sinonimo». Israelgo Gobernuari eskatu diote operazio militarrak «berehala» eteteko, eta nazioarteari, berriz, «premiazko neurri diplomatiko eta legalak hartzeko su etena betearazteko». Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluari ere zuzendu zaizkio: «Ausardiaz jokatu behar du, erasoa gelditzeko eta Palestinako biztanleria zibila babesteko neurriak hartuz».
Estatu eta erakunde guztiei eskatu diete Nazioarteko Zigor Auzitegiaren irizpideak betetzeko, eta gerra krimenetan eta gizateriaren aurkako krimenetan laguntzeari aurre egiteko dituzten betebeharrak betetzeko. «Justiziarik gabe ez da bakerik izango, eta inpunitatea gailentzen den bitartean ez da justiziarik izango ere».
«Mendebaldeko gizarteak ez gara basakeria honen erantzule zuzenak, baina axolagabekerian edo pasibotasunean erortzeak gizatasuna kenduko liguke» GERNIKA-PALESTINA DEIALDI HERRITARRA
Azkenik, aldarrikatu dute elkarrizketa dela Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko bide bakarra, eta edozein irtenbidetan Palestinaren autodeterminazioa derrigorrezkoa dela. «Palestinari ahotsa ematea eta erabakitzeko duten eskubidea bermatzea ezin da arazoa izan, konponbidearen hasiera baizik. Segurtasunari eta bakeari eginiko ekarpena, Palestinan eta mundu osoan».
Herritarrei ere deia egin diete Palestinarekiko «elkartasun aktiboa» izan dezaten. «Mendebaldeko gizarteak ez gara basakeria honen erantzule zuzenak, baina axolagabekerian edo pasibotasunean erortzeak gizatasuna kenduko liguke. Ahal dugun neurrian emateak eta laguntzeak egiten gaitu gizatiar». Palestinarentzat etorkizun berri bat eraiki eta herri palestinarraren zauriak sendatzeko garaia da. Euskal Herritik bakea, justizia eta errespetua bultzatzea etorkizuneko erantzunak ematea da, eta, beraz, hori ere bada gure konpromisoa. Historiaren alde onari ekarpena egiten saiatuko da Euskal Herria.