Palestinarekin Elkartasuna plataformak kanpaina berria jarriko du abian, Israelen desegitera bidean, harreman oro eten goiburupean. Horren helburua da «estatu sionista desagertzeko baldintzak jartzea»; harekin izaten diren harreman guztiek «arnasa» ematen diotela iritzita, horiek agerian utzi, salatu eta bertan behera uzteko eskatuko dute datozen hilabeteetan.
Plataformako kideen esanetan, Israel «hil ala biziko gurutzada batean» sarturik dago, erasoaldia bizkortzen ari da, eta herrialde gehiagotara hedatzen. Gazaren kontrako erasoaz gain, Zisjordania anexionatzeko ahaleginak, Libanoren inbasioa, Siriaren, Yemenen eta Iranen kontrako bonbardatzeak eta beste zenbait aipatu dituzte horren erakusgarri.
Hala ere, plataformak ez du uste hori guztia «burua galdu duten agintari batzuen» jardunaren ondorioa denik: «Ezin dugu pentsatu Israelen sorrera posible izango litzatekeenik Mendebaldeko bloke inperialistaren babesik gabe». Pentsatzen dute «NATOren blokearen babes militar, komertzial eta diplomatikoak» zabaldu duela azken hilabeteetako erasoaldiak egiteko bidea ere: «Israel hemen hasten da, Mendebaldeko herrialde kapitalista eta inperialistetan».
Horregatik, uste dute «Israel desagertzeko baldintzak» sortzen hasi behar dela, eta, horretarako, harekiko harreman mota guztiak eten behar direla. Diotenez, Euskal Herrian asko dira Israelekin loturak dituzten enpresak, haren irudia «indartzeko» erabiltzen diren kirol eta kultur ekitaldiak, eta Israelgo Estatuarekin harreman komertzial eta diplomatikoak dituzten gobernu, diputazio eta alderdiak. Horiek guztiak agerian utzi eta salatu nahi dituzte kanpaina horren bidez.
Mota askotako harremanak
Batez ere, lau atal jorratuko dituzte kanpaina berriaren bidez. Alde batetik, harreman militarrak salatu nahi dituzte, «zuzenean hornitzen baitute Israel bere sarraski planifikatua aurrera eramateko». Harreman diplomatikoak ere jomugan jarriko dituzte, uste baitute horiek «Israelgo Estatuaren normalizazioa» dakartela, eta hura «eragile legitimo eta errespetagarritzat» aurkezten dutela. Harreman komertzialak bertan behera uzteko ere eskatuko dute, eta, azkenik, era guztietako kultur eta kirol harremanak salatuko dituzte, Israeli «aurpegia zuritzeko» ezinbestekoak direlakoan.
Ostiralean, eta kanpainaren abiapuntu gisa, mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Bilbon, manifestazioa egingo dute, 18:30ean, Plaza Eliptikotik abiatuta. Gainerako hiriburuetan elkarretaratzeak egingo dituzte: Gasteizen, 18:30ean, Andre Maria Zuriaren plazan; Donostian, ordu berean, Gipuzkoa plazan; eta Iruñean, 19:00etan, udaletxeko plazan.
Azaroaren 29a aukeratu dute mobilizazioak egin eta kanpainari hasiera emateko, egun horretan 77 urte beteko baitira NBE Nazio Batuen Erakundeak 181. ebazpena onartu zuenetik. Plataformaren esanetan, ebazpen horren ondorioz zatitu zuten Palestinako lurraldea, eta erdia «sionistei oparitu»: «Horrek palestinarren kanporatzea eta haien lurren kolonizazioa ekarri zuen, eta, beraz, bidea zabaldu zuen Israelgo Estatua sortzeko».