Egunetik egunera Palestinako egoera «larriagoa» dela adierazi dute Nafarroako BDZk eta Nafarroako Yalak gaur, Iruñean, prentsaurreko batean. Elikagai eskasia, hornidura falta eta Israelgo armadaren etengabeko erasoak salatu dituzte. Protesta gisa, ekintza bat antolatu dute abenduaren 28rako: azken hamalau hilabeteetan Israelek eraildako 16 urtetik beherako haur eta gazte guztien izena eta adina irakurriko dute, etenik gabe.
Agerraldian salatu dute Israel «infantizidioa» egiten ari dela, «mendebaldeko gobernuen konplizitateaz eta pasibotasunaz». Inozente eguna aukeratu dute Israelek hil dituen ia 18.000 adingabeei omenaldia egiteko. Horretarako, bi metro kuboko oihalezko kutxa bat diseinatu dute, Gazako Zerrenda jasaten ari den bakartzea eta hesia simulatzeko. Kutxa barrutik irakurriko dituzte izenak eta adinak. Baluarteko plazan izanen da omenaldia, eta herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Halako datuei neurria hartzeko zailtasuna da egitasmoaren abiapuntua. Izugarrikeriara eta haren kopuruetara ohitzea. «10.000 eta 12.000 hildako izan direla entzuten ditugunean, anestesiatzen hasten gara», Iker Fernandez Nafarroako BDZko (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) ordezkariaren iritziz. Izen-abizenak irakurtzeak neurria hartzen lagundu dezakeela uste dute, denboran behintzat: uste dute 30 bat ordu beharko dituztela izen-abizen guztiak irakurtzeko.
Irakurketak eragin dezakeen ezinegona kanporatzeko, izen-abizenak irakurriko dituztenei mural batean mezu edo eskaera bat idazteko eskatuko diete. Umeei koloreztatzeko paperezko diseinuak ere emango dizkiete. Murala eta marrazkiak Gazara bidaltzeko asmoa dute. Gainera, goizean, ipuin kontaketa bat antolatu dute, eta LaDiversa Cris ipuin kontalaria arituko da. Ipuin propioak eta ipuin palestinarrak kontatuko dizkiete haurrei.
Haurrentzako jarduerak antolatu dituzte, txikitatik elkartasunean heztea oso inportantea dela uste dutelako. «Borrokan eta sufritzen ari direnenganako deshumanizazio eta ahazte honetan, oso garrantzitsua da gure haurrei ere modua ematea parte hartzeko modu ludiko eta kulturalean, beren elkartasuna adieraziz eta babes eta maitasun mezuak bidaliz», adierazi du Fernandezek.
«Manifestazioetan ikusten dugu familia osoak joaten direla eta haurrei mezua iristen zaiela», jarraitu du Lidon Soriano Nafarroako Yalako ordezkariak. «Beraz, haiek ere zuzenean inplikatzeko eta sentitzen dutena adierazteko modu bat da». Txalotu egin du Euskal Herriko herritarren mobilizatzeko gaitasuna.
Kulturaren eta komunikazioaren alorreko zenbait pertsonak bat eginen dute egitasmoarekin. Bideo baten bitartez parte hartuko dute irakurketan. Fermin Muguruza eta Rozalen musikariak batu dira ekintzara, besteak beste.
Hala ere, adierazi dute ezinezkoa dela ume guztien izena jakitea. «Une oro ari dira umeak hiltzen, eta ez dakigu askok nola duten izena», esan du Lidon Sorianok, Nafarroako Yalako kideak. Hil dituzten guztiei errespetua erakutsi nahi diete, eta Palestinari eginiko omenaldi bat izatea.
Salam Gaza
Gaur bertan, Ola Arafat ekintzaile palestinarrak erakunde berri bat aurkeztu du Iruñean: Salam Gaza du izena, eta Nafarroaren eta Gazaren artean zubi bat eraikitzeko helburua dauka. Hainbat proiektu garatu ditu dagoeneko, Gazako haurrei laguntzeko: edateko ura lortzeko proiektua, jantoki sozialetan banatzeko laguntza ekonomikoa biltzekoa, ogia egiteko labeak eraikitzekoa, familiarik gabe geratu diren umeak laguntzekoa eta talasemia duten familiei material sanitarioa banatzekoa.
Azken urtean Nafarroan egin diren ekintzak eta mobilizazioak eskertu ditu Arafatek, eta sortu berri duen erakundeari laguntzera deitu ditu herritarrak.