Jendetza batu da gaur Nakba oroitzeko Bilbon egindako manifestazio zaratatsuan. Hitz horrek arabieraz hondamendia esan nahi du. Izen horrekin oroitzen dute palestinarrek 1948ko maiatzaren 15a: duela 76 urte, Israelek jazarpen kanpaina hasi zuen, 700.000 palestinarri baino gehiagori etxea kentzeko eta euren bizilekutik kanporatzeko. Egun hori gogoratzeko antolatu du BDZ Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak taldeak protesta, eta herritarrei dei egin die: «Boikot kanpainak indartzeko, eta Israelgo estatu hiltzaile eta genozida zuritu nahi duten konplize guztien aurka ekiteko».
Palestina askatzeko, Israeli boikota lelopean abiatu dute protesta Plaza Eliptikotik, «estatu sionista, estatu terrorista» eta «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile» oihuek lagunduta. Eragile sozial, sindikal eta politiko ugarik egin dute bat, baita hainbat sektoretako langileek ere. Bakoitzak bere pankarta eraman du. Feministok genozidioaren kontra. Boikot Israel! lelodun pankartaren atzean dago Marije Etxebarria: «Emakumeak eta haurrak gara gerretan gehien sufritzen dugunak; gure gorputzak gudu zelai modura erabiltzen dituzte. Gerrak patriarkalak dira».
Aurten, inoiz baino garrantzitsuagoa da kalera ateratzea, Etxebarriaren iritziz. Argi utzi du «toki guztitatik borrokatzea» ezinbestekoa dela. Ikurrina eta Palestinako bandera bana jarri dute manifestazioaren hasieran, eta horien atzean gurutzatu dute Kale Nagusia. Feministez gain, han izan dira, besteak beste, EHUko ikasleak eta langileak, Bilboko konpartsak, guraso elkarteak, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, suhiltzaileak, kazetariak, antirrazistak eta osasun langileak.
«Gaur bat egin dugu lan esparruko sektore ezberdinek. Eraman dezagun boikotaren aldarria gure lantokietara, gure eskoletara, gure asanblada, herri eta hirietara!».
BDZ Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak
«Osasun langile izanda, subjektu aktibo ere izan behar dugu», nabarmendu dute Nekane Urra eta Unai Arraiza osasun langileek. Gogoratu dute osasun zentroei, anbulantziei eta osasun langileei ere egin dietela eraso: «Ur edangarririk gabe daude, medikaziorik gabe, jatekorik gabe eta artatuak izateko azpiegiturarik gabe».
Bakoitzak bere leloa eraman duen arren, guztiek izan dute boikota hizpide. Izan ere, BDZ taldeak, amaieran irakurritako oharrean, eragile diferenteak batu izana nabarmendu du: «Gaur bat egin dugu lan esparruko sektore ezberdinek. Eraman dezagun boikotaren aldarria gure lantokietara, gure eskoletara, gure asanblada, herri eta hirietara!».
34.500 hildako
Plaza Biribilaren ondoan dagoen Starbucks kafetegian oihuak areagotu dituzte manifestariek, eta txistuka hasi. Genozidioaren «konplize» direla salatu dute. Gauza bera egin dute Nyx hotelaren parean; «sionismorik gabeko auzoak» aldarrikatu dituzte.
Udaletxeko eskaileretan amaitu dute ibilbidea. Herritar guztiak ailegatu arte, txistulariek lagunduta, Kofia taldearen Leve Palestina abestia kantatu dute, euskaratuta: «Gure herria aske bedi/ inperialismo orotik. /Sozialismoa eraikiz /Palestina zutik! /Eta munduak hala ikusiko du /Libre, libre, libre Palestina /Libre Palestina, sionistarik gabe».
BDZ taldeko kideek gogoratu dute gaur egun Nakbak «iraun» egiten duela. Horren adibide da azken zazpi hilabeteetan 34.500 palestinar baino gehiago erail dituztela Palestinan. Are, erantsi dute Gazan biztanleen %75 baino gehiago indarrez lekualdatu dituztela. Hartara, zazpi milioi errefuxiatuk euren lurretara itzultzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.
Hori guztia «nazioarteko konplizitatearekin» egiten ari direla salatu dute. Hortaz, Espainiako eta Frantziako gobernuei, euskal erakundeei eta CAFen moduko enpresei exijitu diete Israelekin duten edozein harreman hausteko: «Harremanik ez kolonizazio eta garbiketa etnikoan oinarritzen den estatu sionistarekin».
Gasteizen eta Donostian ere gaur egin dituzte protestak. Iruñean, bart bildu dira. Gainera, Gernika Palestina herri ekimenak ekintza bat egin du gaur Algortan: hildako palestinarren omenez, zapatak jarri dituzte kalean. Bilboko manifestazioa aldarri argi batekin amaitu dute: «Palestinar erresistentziari gure babesa eta elkartasuna erakusteko, Euskal Herrian estatu sionista normalizatu nahi dutenen aurkako borroka indartu dezagun!».