Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak eskatu du Israel-Premier Tech txirrindulari talde israeldarrari Donostiako Klasikoan parte hartzea galarazteko, «gizateriaren historian bereizi gabeko lehen bonbardaketa zibila jasan duen herriaren zoritxarreko legitimitateari» erreparatuta. «Harriduraz eta suminez» jakin dute berria, gaur azaldu dutenez: «Gure herria munduan proiektatzen duen eta euskal txirrindularitzazaleok gehien maite dugun lasterketetako batean» parte hartuko duela Israelgo talde horrek.
Gernika-Palestinak gogoratu du euskal gizarte zibilak «herri palestinarrari babesa» agertu diola etengabe, «eta Israel egiten ari den genozidioa irmo gaitzetsi» duela. Horregatik, «okupazio israeldarraren etengabeko sarraskia gelditzeko» eskatu du taldeak berriro, «eta genozidio horren edozein onespen eta konplizitate» salatu.
Taldeko bozeramaileek esplikatu dute Israel-Premier Tech taldeak «Israelen enbaxadore gisa» aurkezten duela bere burua: «Hau da, Palestinako biztanleria sarraskitzen ari den estatu sionistaren ordezkari gisa». Egoera hori ezin da «naturaltzat» hartu, Gernika-Palestinaren arabera: «Ezin dugu gure lurraldean sionismo arrazista eta genozidaren presentziaren normalizazioa onartu».
Udalaren adierazpena
Taldeak gogora ekarri du Donostiako Udalak adierazpen bat onartu zuela apirilean, palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta konpromisoa hartzeko «Israelgo enpresa, elkarte edo eragileekiko harreman komertzial eta instituzional guztiak bertan behera uzteko». Idatzi hori «presio neurri bezala» onartu zuen udalak, «Israelgo Estatuak Gazako eta Palestinako beste eremuen aurkako erasoak bertan behera utz ditzan, okupazioa amaitu dezan eta apartheid sistema eraits dezan».
«Egoeraren aurrean posizioa eta jarrera aktiboa har dezatela lasterketa laguntzen duten erakundeek»
GERNIKA-PALESTINA
Horiek horrela, Donostiako Klasikoko antolakuntzari eta UCI Word Tourri eskatu diete Israel-Premier Tech taldea bere probetan ez onartzeko «genozidioa eteten ez den bitartean», eta, beraz, Donostiako Klasikotik kanpo uzteko.
Txirrindularitza lasterketako laguntzaile instituzionalei ere bidali die ohar bat, hau da, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari: «Ordezkari politiko instituzional gisa, egoeraren aurrean posizioa eta jarrera aktiboa har dezatela». Erantsi dute espero dutela Donostiako Udalak «orain arteko bideari segida» emango diola, onartutako adierazpenean hartutako konpromisoak betez.
Halaber, txirrindularitzazaleei eskatu diete «historikoki erakutsi duten eredugarritasun eta errespetua oinarri hartuta», Palestinar herriarekiko elkartasuna agertzeko errepide bazterretan, «gure ikurrei Palestinar ikurrak gehituz».