Milaka herritar elkartu dira ikastetxeetan eta udaletxe atarietan, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deituta, Israel Palestinan egiten ari den sarraskia geratzeko eskatzeko eta konponbide politiko baten alde. Deialdiak sindikatu nagusien babesa jaso du.
Bilboko elkarretaratzea, esaterako, jendetsua izan da. Israelen eta Europako Batasunaren kontrako mezuak ozendu dituzte parte hartu dutenek. LABeko ordezkari Amanda Berronek esan du Israel «genozidioa» egiten ari dela, eta nabarmendu du berehala hartu behar direla neurriak hori geratzeko. Hamasek urriaren 7an Israelen kontra egin zuen erasoaren aurka egiten ari dela argudiatuta, Israelek orain Gaza osoa «zigortu» nahi dutela adierazi du: «Era kolektibo batean».
Hain justu ere, 10.000 pertsonatik gora hil ditu Israelek hilabete eskasean; zibilak dira gehienak, adingabeak asko, eta beste hainbat tokitan ere antolatu da gizartea, Euskal Herrian bezala, Israelen jarrera kritikatzeko eta nazioarteko erakundeen inplikazio handiagoa eskatzeko.
Elkarretaratzeen harira atera duten oharrean, gogora ekarri dute bakartuta dagoela Gaza, inolako laguntzarik ez dela sartzen han, eta egoera hori konpontzera egin behar dela, eta erasoak geratzera. Behin hango erasoak baretuta, negoziazioek hasi behar dutela esan dute, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak aurrez auziaren inguruan emanda dituen irizpideei jarraitu behar zaiela horretarako.
EH Bilduk ohar bat atera du protesten harira, eta esan du nazioarteko komunitatea ezin dela isilik geratu Gazan gertatzen ari dena ikusita . Gogora ekarri du, gainera, bakea lortzeko bidean Israelek ezinbestean bertan behera utzi behar duela Palestinaren «okupazioa», eta urratsak egin behar direla Palestina independente baten alde.