Nafarroako Yala elkarteak manifestaziora deitu du beste behin ere, Palestinako genozidioa salatzeko. Oraingo honetan, dei zuzena egin diete erakunde sozial eta politikoetako agintariei, Israelgo Gobernuarekin dituzten harreman guztiak eten ditzaten. Izan ere, elkarteko arduradunen esanetan, Israel ez da betetzen ari «nazioarteko legediaren arau bakar bat ere»; are, salatu dutenez, Palestinako genozidioak «ez du parekorik edo aurrekaririk, ez sarraskiaren bortizkeriari dagokionez, ez aldebakartasunari dagokionez ere». Larunbat honetan eginen dute protesta, 18:00etan, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuta.
Gaur egin dute manifestazioaren aurkezpena, Katakrak liburu dendan. Bertan, elkarteko kide den Eduardo Iberok esplikatu du zein izanen den protestaren oinarria: «Israelek azken 15 hilabeteotan Palestinan egin duen genozidioa salatuko dugu, batez ere. Izugarria da nola urratu dituen su-eten akordioak behin eta berriro, inpunitate osoz». Hori irudikatzeko, NBE Nazio Batuen Erakundearen arau eta legeak erakutsiko dituzte afixetan eta pankartetan: «Israelek urratu dituen lege guztiak ikusarazi nahi ditugu». Iberok gehitu du, hala ere, arazoa ez dela oraingoa soilik: «Azken 76 urteetan, sarraskiek eta hilketek ez dute etenik izan».
Egunotan indarrean den menia «oso hauskorra» dela gaineratu dute Nafarroako Yalako kideek, eta harago jotzeko galdegin dute: «Posible da genozidioa erabat gelditzea, baina, horretarako, presioa egin behar zaio Israeli».
Agerraldian, Nafarroako Yala elkarteko kideekin batera, bi abokatuk hitz egin dute: Amaia Izkok eta Carlos Alberto Ruiz Sochak (bideo dei bidez). «Nazioarteko giza eskubideak aldarrikatu behar dira», esan du Ruiz Sochak. «Israeli aurre egin behar zaio eskubide oinarrizkoenak eskatuz, eta gobernuek, unibertsitateek eta bestelako erakundeek harekin dituzten harreman guztiak etenda». Izan ere, manifestazioaren antolatzaileen irudiko, nazioarteak «bakartu» egin beharko luke Israel: «Beste ezein estatuk ez du inoiz pilatu Israelek bezainbeste akusazio eta arau hauste».