Ispilu bat baino gehiago dagoelako

Fundazio batean bilduko dira Espainiako eta Frantziako estatuen indarkeriaren biktimak. Igandean aurkeztuko dute elkartea. Urteetan ezkutatutako egia agertzea izango da helburua.

Estatuen indarkeriak eragindako biktimak, iazko azaroaren 26an eginiko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Orain arte egon den aldebakartasunari amaiera eman nahi diogu. Pitzatu nahi dugu minaren eta sufrimenduaren inguruan bidegabeki eraiki den monopolioa». Karmelo Arregiren hitzak dira horiek. 1990. urtean, Irunberrin, Guardia Zibilaren segada batean bizia galdu zuen Susana Arregiren neba da Karmelo. Inoiz ez da erabat argitu Irunberriko arroilan zer gertatu zen. Gertakari horrek bizi osorako markatu du Oñatiko familia horren bizimodua. Justiziarik ez, ordainik ez. Ez dute ezer jaso Espainiako Estatuko erakundeen aldetik. Hori hala izanik ere, ez dutela etsiko dio Arregik. «Interpelazio, elkarrizketa, iritzi emate eta agerpen publiko etengabeen bidez gaindituko dugu ikusezintasuna. Argitara aterako dugu estatuek hainbat urtetan ezkutatu nahi izan dutena». «Estatuak beren biolentziaren ispiluaren aurrean ipini behar ditugu», nabarmendu du Arregik.

Hori izango da igandean aurkeztuko duten estatuen errepresioaren biktimen fundazioaren helburuetako bat. Bertako kide dira Karmelo Arregi eta Bixen Mujika. «Ideien borrokan murgilduko gara», adierazi dio Mujikak BERRIAri.«Errepresioa, haren hedapena eta ondorioak, haren arduradunak saltzearekin atera, inpunitateari eutsi eta zapalkuntza bere horretan mantentzeko eraiki den harresi ideologikoa ideia berriekin, gure bizipen eta kontakizunaren pitzatu nahi dugu».

Juanra Aranbururen emaztea da Bixen Mujika. Cabo Verden deportatuta zegoela hil zen Aranburu, 1989. urtean. Aranburu Euskal Herritik milaka kilometrotara bidali izana «finkapen juridikorik gabeko erabakia» izan zela dio Mujikak, eta deportazioak «makina bat hildako» eragin dituela azpimarratu du; azkena, Luxiano Izagirre. Kuban hil zen, matxoaren 30ean.

Igandean aurkeztuko dute elkartea, eta Arregik eta Mujikak aurreratu dutenez, fundazio izaera izango du. «Tresna arina behar dugu, ideien konfrontazioan arituko baikara nagusiki, eta eremu horretan talde dinamikoa, sarbide errazekoa eta izaera juridiko egokia duena izateak lana errazten du», azaldu du Mujikak.

Besteak beste, elkartea osatuko dute 50 urte baino gehiago iraun duen «enfrentamendu armatuaren ondorioz» hildako pertsonen senideek, zauritutakoek eta torturak salatu dituztenek. «Tipologia anitz dago, zoritxarrez. Estatuaren jardun bortitza legezkoa eta legez kanpokoa izan da une oro. Izan ere, legearen barruan koka daitezkeen baliabideak erabiliz samin handia sortu dute Euskal Herrian», azaldu du Arregik.

Fundazioaren helburua zein den argi daukate biek ala biek. «Ahotsa eta iritzia izango duen subjektua izan nahi dugu, biktimen esparruan orain arte nagusitu den alde bakarreko joera apurtuko duena», azaldu du Arregik.

«Irekia eta parte hartzailea» izango da fundazioa, eta igandean aurkeztuko duten manifestua izango da elkartearen «ekinbiderako abiapuntua». «Zer esan, zer egin. Norekin elkartu, norengana jo. Zer arlotan lan egin, nondik eragin, guztien artean erabakiko dugu, aldiro egingo ditugun deskargo eta iritzi hartzeak direla medio. Manifestuarekin bat egiten duen edozein pertsonak parte hartu ahalko du eztabaidetan eta jardunetan», adierazi du Arregik.

Elkartearen funtzionamenduari dagokionez, Mujikak azaldu du euskal gizartea izango dela fundazioaren lanaren «heldulekua eta muga». Hala ere, prest azaldu dira elkartearen eskakizunak eta egindako lanaren proiekzioa «arlo guztietara eta munduko edozein lekutara» eramateko. «Egia esateko, ez dugu Espainiako eta Frantziako epaitegietan sinesten, eta haien aldetik ez dugu ezer espero. Dena dela, ikertzearen eta dagokien erakundeen aurrean salaketa aurkeztearen bidea bultzatzea egokia da, gertaera ilunak edo suizidio faltsuak argitzeko, baita desagertutakoak aurkitzeko eraginkorrak diren heinean. Ahalik eta esfortzu handiena egingo dugu egia osoa jakiteko», adierazi du Mujikak.

Prozesua azkartzeko helburua

Estatuen indarkeriaren biktimak une honetan bildu izanaren garrantzia azpimarratu du Arregik. «Gatazka armatuaren fasea gainditzear gaudelarik, oso garrantzitsua da gatazkaren ondorio guztiak ezagutaraztea. Gatazkaren ondorioek bi aldeetan samina eragin dutela ikusaraztearekin batera, gatazka bera politikoa dela eta konponbide demokratikoa ezinbestekoa dela nabarmenduko dugu».

Mujikak uste du, halaber, konponbide prozesuan «eragiteko» eta hura «azkartzeko» lan handia egin dezaketela estatuen indarkeriaren biktimek. Euren egitekoa «konponbidearen beharra ikusaraztea» eta «hura azkartzea» dela azaldu du.

ETAren indarkeriaren biktimei dagokienez, haien mina eta dolua aitortu dute Arregik eta Mujikak, eta irabazlerik eta galtzailerik gabeko kontakizuna aldarrikatu dute. «Garaipenaren edo porrotaren arteko dialektikatik aldendurik, norberaren proiektua askatasunez gauzatzeko aukera exijitzen den neurrian, besteena ere defenditu daitekeela esaten ari gara», adierazi du Arregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.