Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena. Mikel Otero. EH Bilduko Arabako zerrendaburua

«Ispilu aurrean jarri nahi dugu bakoitza, ea noraino hel daitekeen»

Oteroren ustez, agerian geratu da herritarrek ezkerreko alternatiba gisa ikusten dutela EH Bildu, eta hori saritu dutela. Ez du uste EAJren eta PSEren arteko gobernua aukera bakarra denik: «Jokoa irekia dago», azaldu duenez.

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
joxerra senar
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Intentsitate handiko gaua izan zen igandekoa. «Urduritasun handiarekin» bizi izan zuen Mikel Otero EH Bilduko Arabako zerrendaburuak (Alkiza, Gipuzkoa, 1972). Zenbaketaren lehen uneek erakutsi zuten EH Bilduk goranzko joera zuela: «Ikusten genuen oso gora gentozela leku askotan, horietako batzuk espero ez genituen tokietan». Amaieran urduritasunari pozak egin zion tokia.

Zer interpretazio egiten duzu?

Batetik, herritarrek lau urtetako lana berretsi dute, eta konfiantza eman digute. Oro har, ikusi da EH Bilduren bueltan ezkerreko alternatiba bat dagoela. Bestetik, jokoa irekia dago. Hainbat gehiengo osa daitezke. Badirudi batzuek aukera bakarraz hitz egin nahi dutela. Guk, aldiz, esaten dugu herri honetan aurrera egin behar badugu subiranotasunaren eta ezkerreko alternatiba baten bidetik izango dela, eta EH Bilduk tarte horretan ibili behar duela.

Araban igoera handia izan du EH Bilduk. Zer esan nahi du horrek?

Azken hamarkadan Araban aldaketa soziologiko bat izan da. Aurreko hauteskundeetan pixkanaka ari ginen igotzen, baina orain gertatu den kolpea oso ikusgarria izan da. Araban, %50ak bakarrik bozkatu du, baina azken hauteskundeetan baino 14.000 boto gehiago lortu ditugu. Ia-ia lautik batek EH Bilduri eman dio botoa, eta emaitza horrek indar handia du. Gasteizko emaitzak historikoak dira, %23ren bueltakoak. Agurainen, %20ko aldearekin irabazi dugu, %45 lortuta.

Bizkaia eta bereziki BIlbo Handia delakoa erronka izan duzue azken urteetan. Aurrerapausorik eman duzue?

Bai. Orain arte nolabaiteko egonkortasuna azaldu du lurraldeak, baina gauzak mugitzen hasiak dira, guretzat estrategikoak diren tokietan. Adibidez, Ezkerraldean: osorik hartuta, emaitzak hobetu dira, baina Sestaon edo Santurtzin, lan handia egin denez, gureganako joera bat etortzen ari da. Galdakaon eta beste herri batzuetan gorakada handiak izan dira. Bilbon bigarren indarra gara. Joera bat da, eta oso poztekoa. Herritarrek ikusi dute badela alternatiba bat; gauzak egiteko beste modu bat.

Abstentzio handiko testuinguru batean, boto kopuruan igo den alderdi bakarra da EH Bildu. Non elikatu da?

Lekuan-lekuan, kontu desberdinetatik. Batetik, gure militantzia aktibatzeko gaitasuna erakutsi dugu. Ohiko boto emailea ez da etxean geratu, ez besteak bezainbeste. Bestetik, gazteak oso aktibatuta ikusi ditugu. Duela lau urte bozkatzen ez zuten gazte horietako askok eman digute babesa. Gero, Podemosek bilakaera trakets hori. Azkenik, Ordizia eta inguruko herrietan, eta Zaldibar eta inguruko herrietan badago orain arte egindako kudeaketaren aurka joan den boto bat.

Esanahi berezia du horrek?

Herritar horiek gertuagotik edo azalean bizi izan dute krisia, eta haren aurrean orain arteko gobernuak ez duela behar bezala erantzun. Zaldibar inguruan, Eibarren, Ermuan izan dugun igoera kudeaketa jakin baten kontrako botoak dira. Gure jarrera babestu dute, eta Ordizian, berdin.

Pandemiaren eraginaz harago, Otegik aipatu du abstentzioak Jaurlaritzaren gaineko zalantza adierazten duela. Hala bada, oposizioak aukera galdu du?

Lana dugu egiteko, bai. Hauteskundeak bai edo bai, lehenbailehen eta egoerari jaramon handirik egin gabe egitea bultzatu dutenek egin beharko lukete autokritika. Hautetsontzitara joateko errefusa azaldu du hautesleriak. Berdin zait nori egiten dion kalte eta nori onura; parte hartze apala ohartarazpen bat da hauteskundeetara deitu duenarentzat. Hortik aurrera, gobernuan ziren alderdiak eserleku kopuruan gora egin dute, baina ezin dute hain erraz esan gobernua berretsi dutela: 55.000 boto galdu dituzte bien artean. Bereziki, EAJk.

EAJ eta PSEren arteko gobernu bat egintzat ematen bada ere, sozialistek norabidea alda dezakete?

Ikusi beharko da. Kontraesanezko diskurtsoa dute. Esan dute akordioen alderdia direla, baina gero praktikan diote EAJrekin soilik egon daitezkeela gobernu batean. Guk diogu ezin dela egintzat ezer eman une honetan, eta datozen urteetan mundu guztiak hausnarketa egin beharko dugu. EAJk ere bai. Badaki gaur egun PSE-EEri kateatuta egoteak burujabetasunean urratsak egitea galarazten diola. Horregatik bata bestearen eraginpean, ezerezean geratzen dira bai arlo sozialean bai burujabetzarenean egin ditzaketen ekarpenak. Guk ez dugu ontzat eta egintzat ematen orain arteko formula.

BIlera sorta bat iragarri duzue, bai alderdiekin, bai eta gizarte eragileekin. Zer jarriko duzu mahai gainean?

Gure ekintza politikoaren bi adar nagusiak. Herri honek aurrera egiteko burujabetzarako tresnak behar ditu, bai ala bai. Horren gaineko hausnarketa partekatu nahi dugu alderdiekin eta eragileekin. Ezin bada aurrera egin, alor sozialean konpromisoak bilatu behar ditugu datozen urteetan etorriko den esfortzu izugarri horretan inor atzean utzi behar izan ez dezagun. Horretarako, aldaketa asko egin behar dira; ea zer zutoin egon daitezkeen abiatu berri den bide honetan partekatzeko. Gure aldetik, saiatuko gara. Azkenean, orain arteko bidea antzua da, eta egoera bereziegia da berdin jarraitzeko.

EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk 38 parlamentari dituzue. Hala ere, sozialistak uzkur agertu dira. Goizegi da halako gobernu baterako?

Esan dezakedana da guk aukera guztiak jorratuko ditugula. Bideak esango digu ea akordioren bat lor daitekeen. Erraza dela? Badakigu ezetz. Aurretik jarrera ezkorra dago. Itxia dagoela guztiz? Goiz da oraindik hori esateko. Guk bakoitza ispiluaren aurrean jarri nahi dugu, jakiteko ea noraino hel daitekeen. Auzia ez da akordioak egon daitezkeela, baizik eta zer nahi dugun bakoitzak eta zer oinarritan egingo liokeen aurre egoerari. Hortik aurrera, hitz egin daiteke.

Eusko Legebiltzarra aldatu da. Zer nabarmenduko zenuke?

Jarleku kopuruan gora egin du EAJk, baina bidean 50.000 boto utzi ditu. Ez dira ergelak, eta, kanpora begira azpimarra hori egin ez arren, aztertuko dute. PSE-EEk ez du Espainiako Gobernuan egotearen ikusgarritasuna inondik inora baliatu, eta aukera politiko zaharkitu bezala aurkezten da. Podemosi begira, azken urteetan hemen behintzat herri honetan ibili duten noraeza eta ika-mika ordainarazi dizkio jendeak. PP-Ciudadanosek ez dute ezer herri honi eskaintzeko; garaiz kanpo daude, beste norabide batean.PPren noraezak Voxen indartzea ekarri du. Araban, 4.000 boto gutxirekin nahikoa izan zaio, eta batzuk pentsatu beharko lukete abstentzio handiko hauteskunde batzuetara deitu izanak Voxen sarrera erraztu duela. Albiste txarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.