Nafarroan, aurrekontuetako eztabaidek ustekabeak eman ohi dituzte, eta inoiz ez da ezer ziurtzat hartu behar. Iaz, laborariak oldarka sartzen ahalegindu ziren, eta gaur bi parlamentari falta ziren bozkatzeko unean: PPko Irene Royo eta Zurekin Nafarroako Carlos Guzman. Denbora irabazi nahian, PSNko Ramon Alzorrizek bost minutuko atsedena eskatu du, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak legezkoa ote zen galdetu du mahaian, eta oso motel hitz egiten hasi da. Bitartean, ganberako ateak ireki dituzte, eta korrika sartu dira biak: lehenik, Royo, eta, beranduago, Guzman. Azkenik, aurrera atera da 2025eko aurrekontu legea. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak alde bozkatu dute, EH Bildu abstenitu egin da, eta UPNk, PPk eta Voxek kontra bozkatu dute.
Bozkatzeko unean, ateak itxita egon beharko luke, eta, horregatik, UPNko Javier Esparzak galdetu du zergatik eten den bilkura eta nolatan ireki den atea. Iskanbila sortu da orduan. Parlamentariek elkarri erantzun diote, eta Hualdek aurrera jo du. Aritmetika arazoa egon zitekeen atzean. PPkoa Guzman baino lehentxeago sartu bada ere, bien hutsuneak ez zuen bozketan eraginik izango. Alta, Guzmanen faltan, EH Bildu taldeko kideren batek bederen baiezkoa bozkatu beharko zuen aurrekontuak atzera ez botatzeko.
9.658Herritar bakoitzeko aurrekontua. Aurrekontua herritarren artean banatuko balitz, 9.658 euro lituzke, edo hori ordaindu behar luke herritar bakoitzak zerbitzu publikoen truke. Aurten baino 112 euro gehiago: hala, herritar bakoitzeko 2.236 euro inbertituko dira osasungintzan, 1.500 euro hezkuntzan, 840 gizarte zerbitzuetan, 224 gutxieneko pentsioak bermatzeko, ehun enplegua sustatzeko,121 euro kulturgintzarako...
Azkenean, Guzmanek bozkatu duenez, EH Bildu ez da behartuta egon jarrera aldatzera. Dena den, eskuineko harmailetan haserre zeuden parlamentariak. «Eskandalua izan da», aurpegiratu dio Esparzak Hualderi. Hark erantzun dio haren protesta jaso dela aktan.
UPNk ohar bidez jakinarazi du Unai Hualderen dimisioa eskatuko duela. Alderdiaren ustez, parlamentuko lehendakariak saioa nahita atzeratu du bi parlamentariak ganberan sar zitezen. Nafarroako Auzitegi Nagusira joko du aurrekontu legearen bozketa baliogabetzeko, eta argudiatu du parlamentuko araudia urratu dela. Hualdek erantzun du legebiltzarreko legelariek ez dutela legez kanpoko ezer antzeman, eta dena «legediaren arabera» egin dela.
Aurrekonturik handiena
Ezohiko gertakari hori kenduta, Nafarroako Gobernuak lortu du 2025eko aurrekontuak aurrera ateratzea. Finantza gastuak kenduta, 5.974 milioi euro izango ditu orotara gastu eta inbertsio publikoetarako. Inoizko aurrekonturik handiena, beraz.
Gobernuko bazkideen artean, PSNko Ramon Alzorrizek azpimarratu du politika baliagarriaren adibide dela hitzartutako aurrekontu akordioa. «Gobernatzeak berekin dakar arazoei aurre egitea, arazoei konponbidea ematea». Gogora ekarri du aurrekontuen %55 inbertsio sozialerako direla. Nabarmendu du 2022tik 60 milioi euro gehiago bideratu direla udalen finantzaketarako, eta jauzi handia eman dela. «Aurrekontuek pertsonak jarri dituzte politika publikoen erdigunean. Gezurrek eta desinformazioek ezin dute ezbaian jarri egindako lana».
«Aurrekontuek pertsonak jarri dituzte politika publikoen erdigunean. Gezurrek eta desinformazioek ezin dute ezbaian jarri egindako lana».
RAMON ALZORRIZPSNko eleduna
Geroa Baiko Pablo Azkonaren irudiko, berriz, aurretik hitzartutako bide orria betetzen ari da gobernua, eta horren adibide dira aurrekontuak. Azpimarratu du azken hamar urteetan gauza bera egin dutela. «Batzuek koherentzia falta egozten digute, baina azken hamar urteetan egin dugun gauza bera egin dugu». Gogora ekarri du 2015ean, Geroa Bai gobernura iritsi zenean, altxortegia hutsik aurkitu zuela, eta finantza egoera zail hori irauli dela. Halaber, gaineratu du arlo ekonomikoan neurri ugari jaso direla ekonomia zirkularrerako, enpresak nazioartean hedatzeko, deskarbonizaziorako...
Esparzaren kritika
Eztabaidan, talde guztiek gogoan izan dute BSHk asteon iragarritako itxiera. UPNko Javier Esparzak gobernuari aurpegiratu dio erabat jokoz kanpo harrapatu duela multinazionalaren erabakiak, eta begiak ixten dituen haurraren tankeran jokatzen duela: «Ez ahaztu gobernua zaretela. Zuena da erantzukizuna». Azkenaldian enpresa munduan izan diren albiste txarrak zerrendatu ditu, eta egungo politika publikoen ondorio direla argudiatu: «Gaur egun, EH Bilduk duen pisu ekonomikoa itzela da, eta izutu egiten du enpresaren mundua. EAEn, EAJk eta PSE-EEk ez diote uzten ekonomiari buruzko erabakirik hartzen. Nafarroa da EH Bilduk erabaki ekonomikoak hartzen dituen lurralde bakarra», esan du. «Uste duzue benetan konfiantza sortzen duzuela enpresaburuen artean, eta eroso daudela EH Bilduk erabakitzen duelako?».
Haren ustez, «boterean segitzearen truke egin dute» aurrekontuetako akordioa. Erantsi duenez, egungo aurrekontu ereduak «diruz lagundutako Nafarroa menpeko bat sustatzen du», baina ez du bultzatzen jarduera ekonomikoa. «Ez duzue lurra ereiten eta lantzen. Aurrekonturik handiena Nafarroa pobretzeko erabiltzen duzue», adierazi du Esparzak.
«Ez duzue lurra ereiten eta lantzen. Aurrekonturik handiena Nafarroa pobretzeko erabiltzen duzue»
JAVIER ESPARZAUPNko eleduna
Erantzuteko txandan, EH Bilduko Laura Aznalek beldurraren mezua erabiltzea leporatu dio UPNri. Gogora ekarri du berak VWen zuzendaritzarentzat lan egin izan duela iraganean, eta orain EH Bilduko eleduna dela. «Begiak ixten dituen haur bati buruz hitz egin duzu, nork eta zuk, orain dela hamar urte bezala jarduten duen eledun berak». Deslokalizazioaren arazoari etekin politikoa ateratzea egotzi dio. «Baina gero hari aurre egiteko neurriak aztertzean, izutu egiten zarete». Haren esanetan, EH Bilduk egindako ekarpenen %47 gastu sozialerako izan dira, %19 udalentzat, eta beste ehuneko handi bat euskararen alde. «Erronka jotzen dizut ea gure neurrien artean ba ote den Nafarroari kalte egiten dion neurri bakar bat».
Haren mintzaldian, Aznalek akordioaren balio politikoa azpimarratu du: «Eskuinak esan ohi du aurrekontuek lehentasun politikoak ezartzeko balio dutela. Ados nago. Akordio horrek hurrengo urterako politika publikoen ildoa ezarriko du». Gaineratu du ez dela eurek nahiko luketen aurrekontua, baina baliagarria dela zerbitzu publikoak indartzeko eta hobetzeko. Eraldatzeari begira, «anbizio eta ausardia handiagoa» eskatu dio gobernuari.
«Eskuinak esan ohi du aurrekontuek lehentasun politikoak ezartzeko balio duela. Ados nago. Akordio horrek hurrengo urterako politika publikoen ildoa ezarriko du»
LAURA AZNALEH Bilduko eleduna
ZErga neurriak onartu dira, UPN eta EH Bildu abstenituta
Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek (PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak) aurrera atera dituzte ere datorren urterako zerga neurriak. UPN eta EH Bildu abstenitu egin dira. Onartutako neurrien artean daude, besteak beste, mutualistei dirua itzultzea, 1.035 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, tentsio handiko eremuetan etxea alokatzen duten jabeentzako %50eko kenkariak, lehen sektorerako eta ikus-entzunezkoen alorrerako pizgarriak... Onartutako aldaketen ondorioz, ogasunak datorren urtean 220 milioi euro gutxiago bilduko ditu.