'Zutik Euskal Herria' ebazpenaren 10. urteurrena. ETAren eraso ekintzen etetea

Isiltzen hasteko, isilpean aurrenik

ETAk orain hamar urte erabaki zuen eraso ekintza armatuak ez egitea, ezker abertzaleak estrategia berria ebatzi zuenean, baina irailera arte ez zuen neurria ezagutarazi. Etetearen garaia berrosatu du BERRIAk.

Frantziako poliziak, 2010eko martxoaren 16an, Dammarie-les-Lysen, ETAk Jean Serge Nerin hil zuen inguruan. L. DOLEGA / EFE.
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun

ETAren zuzendaritzak hartu zuen erabakia, bilera batean, oraintxe dela hamar urte: eraso ekintza armatuak ez egitea. 2010eko otsail bukaera zen. Baina erabakia «isilpean» eduki zuen hilabeteetan; ez zuen ezagutarazi urte bereko irailera arte. Atzera-bueltarik gabeko neurri bilakatu zen. 2011ko urtarrilean su-eten egiaztagarria eman zuen, eta, 2011ko urriaren 20an, jarduera armatua betiko utzi zuela jakinarazi zuen.

ERASOEN ETETEAREN ERABAKIA, PREMIAZ

Garai hura garrantzitsua zen ezker abertzalean, barne eztabaida baten ondoren 2010eko otsailaren 16an plazaratu baitzuen Zutik Euskal Herria ebazpena. Estrategia politiko-militarretik estrategia politikora pasatzeko erabakia zen; historikoa. ETA jabetzen zen bere eragin militarraren mugaz, eta bazuen indar metaketaren eta lanabes berrien bidez Euskal Herriaren askapen prozesu bat abiatzeko asmoa, baina ezker abertzalearen fronte politikoak lehen aldiz aurrea edo gain hartu zuen eztabaidaren gidaritzan. Ezker abertzaleak erabakita zeukan estrategia berrirako elementu armatua hasieratik eta betiko baztertu behar zela. ETAk artean ez zuen halakorik ikusten, eta eraso ekintza armatuak etetearen formula bera azken unean izan zuen mahai gainean. Barne eztabaidak Bateragune auziko operaziotik (2009ko urriaren 13a) aurrera hartu zuen abiaduragatik eta norabideagatik, ETAk nolabait premiaz hartu behar izan zuen neurria. Zutik Euskal Herria-rekin zabaldu zen agertokia errespetatzeko asmoa zuela zioen.

EZAGUTARAZI GABE; BARNE KOMUNIKAZIOA

ETAk nahiago izan zuen orduan ez ezagutaraztea etetearen erabakia. BERRIAk jorratutako iturrien arabera, batetik, ez zuen nahi izan espektatibarik sortzerik ETAri berari buruz. Bestetik, kontakizunaren bataila batean sartzea saihestu nahi izan zuen, hainbat eragile ez zitezen hasi esaten ahuleziaren ondorioz hartu zuela erabakia. ETAk iritzi zionez, erabaki politikoa zen etetearen neurria, ez bere ezintasun baten emaitza, eta garai hartan ezker abertzalea martxan jartzera zihoan apustu berria laguntze aldera eta konponbide demokratikorako baldintza berriak sortzen joateko hartu zuen erabakia. Lehen esplorazio bat zen, erakundeko arduradunen iritzian, eta ETAren prestasun edo borondate froga argi bat. Baztertu egin zuen, ordea, su-etenaren formulari eustea, horrek beste zerbait esan nahi zuelakoan. Gero heldu zion horri.

ETAren beraren 2011ko apirileko Zutabe aldizkarian (113. zenbakia) jaso zenez, eraso ekintza armatuak ez burutzearen neurria hartu ondoren eman zien berri hori erakundeko «burkide eta ekintza talde guztiei», eta «ETAk prest zituen ekintzak bertan behera gelditu ziren». Kontuan hartuta erakunde klandestinoa zela, Espainiako Estatua baliabide ugari erabiltzen ari zela haren aurka, testuinguru politikoak abiadura handia hartu zuela eta ezker abertzaleak irmo heldu ziola eztabaida prozesuari, ETAren zuzendaritzak nahiago izan zuen lehendabizi berak hartzea etetearen erabakia, eta ondoren komunikatzea bere kidegoari. Behar izan zituen aste batzuk komunikatzeko. Kontsultatutako iturri batzuen arabera, ETAko arduradun izandako eta orduan preso zeuden batzuei ere helarazi zien berria, baita aurretik asmoa ere haietako zenbaiti.

EZKER ABERTZALEA, MADRIL, NAZIOARTEA

Ezker abertzaleko iturrien arabera, berak 2010eko udaberri bukaera edo uda hasiera aldera jakin zuen erakunde armatuaren otsaileko erabakia, eta ez modu ofizial batean; hori iraileko agiria baino pixka bat lehenago izan zuen, haien esanetan. ETAk bere desegite faserako idatzitako txosten batean jakinarazi zuen estrategia aldaketaren gogoeta garaian komunikazio eten bat izan zuela eztabaida gidatu zuten kideekin. Ezker abertzaleak eta EAk 2010eko ekainaren 20an izenpetu zuten Lortu Arte akordioa, eta EAren izenpetzaile Pello Urizarrek iaz bere dimisioaren ostean kazeta honetan zioen ituna sinatu zutenerako bere alderdian «seguru» zeudela «ETAk utzia» zuela; «bermea zen hori, jakina».

ETAk 2011ko apirileko Zutabe-n idatzi zuen Espainiako Gobernuak 2010eko udaberrirako bazuela bere erabakiaren berri. Nazioarteko eragileek 2005-2007ko negoziazio prozesuaz geroztik ere izan zuten ETArekin kontaktua; halaber, bazuten Madrilgo gobernuarekin (PSOE) harremana, eta jakinarazten zizkioten ezker abertzalearen gogoetak eta asmoak. ETAk, dena dela, bere aldizkarian ez zioen nola jakin zuen Madrilek eteteari buruzko isilpeko erabakia. Theresa Whitfield ikerlari britainiarrak Endgame for ETA liburuan (ETAren amaiera, 2014) dio erakunde armatuak 2010ean bazeukala harremanik nazioarteko entitateekin —Henri Dunant zentroko eta inguruko bitartekariekin, 2005-2007 prozesutik zeukaten harremana zela medio—, eta haien bidez helarazi zuela Espainiako Gobernura otsaileko erabakiaren mezua. Madrilek ETAren erabakia udaberrirako jakiteko beste aukera bat da 2010eko lehen urte erdiko atxiloketetan haren informazioa eskuratu izana. Espainiak eta Frantziak uda hasi aurretik hilero egin zituzten polizia operazioak.

Sasoi hartan Espainiako Gobernuak izandako jarrera salatu zuen ETAk 2011ko apirileko Zutabe aldizkarian, eraso armatuak etetearen berria «jakin» arren, «maltzurkeriaz, ETAren jarrerarekiko zalantzak sortu nahian» aritu zelakoan. ETAk iritzi zion bere «ekimen eta borondatearen sinesgarritasunari kalte» egiteko asmoz aritu zela Madril, eta atxiloketez eta «torturaz» baliatu zela «gezurrak» zabaltzeko. Ezker abertzalea artean barne eztabaida prozesuan zela —baina jadanik 2009ko azaroaren 14an Altsasuko (Nafarroa) agerraldian ardatz nagusiak plazaratuta zituela—, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak 2009ko abenduaren 28an adierazi zuen Espainiak aurki Europako Parlamentuko presidentetza hartuko zuela-eta oso litekeena zela ETA atentatu handi bat edo bahiketa bat egiteko aukera aztertzen aritzea. 2010eko apirilaren 3an, berriz, ezker abertzaleak jada Zutik Euskal Herria argitaratua zuela, antzeko azalpena eman zuen Antonio Camacho Estatu Segurtasun idazkariak.

ETAk aipatutako Zutabe-n zekarren estatuaren filtrazioengatik hedabideetan zabaldu zela 2010eko ekainean Patxi Lopez (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta Rodolfo Ares Barne sailburuaren aurkako ekintza bat egitekoa zela; edota zabaldu zela 2010eko irailean atxilotutako kide batzuek deklaratu zutela 2011ko maiatzeko udal eta foru bozak arte ekintza armaturik ez egiteko agindua zutela. «Berriak ez zuen ez hanka ez buru, baina letra handiz jaso zuten Espainiako komunikabideetan», zioen erakundeak barne aldizkarian. «Oroitarazi» nahi izan zuen, «batetik, ETAk 2010eko otsailean hartu zuela eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia (...). Eta Espainiako gobernuak bazuen horren berri [udaberrirako]. Bestetik, ETAren erabakiak ez duela denbora mugarik. Beraz, Espainiako gobernua, berriro, gezurretan ari da».

BRUSELAKO ADIERAZPENA

Ezker abertzaleak errotiko estrategia aldaketa egin zuen Zutik Euskal Herria ebazpenarekin, eta harentzat funtsezko sostengua izan zen nazioarteko komunitateko hainbat eragilek 2010eko martxoaren 29an Bruselako Adierazpena plazaratzea. Ezker abertzaleak proposatu zituen «urratsak» eta hartu zuen «konpromiso publikoa goraipatu» zituzten nazioartekoek idatzian, eta ETAri eskatu zioten konpromiso horrekin bat egin zezala, «su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzeko moduko bat emanda». ETAk izaera horretako menia emango balu, Espainiako Gobernuari galdegin zioten «behar bezala erantzuteko».

Artean ETAren ekintzen etetearen berria ez zekitela atera zuten nazioartekoek Bruselako Adierazpena; alde guztiek baieztatu izan dute hori. Sinatzaileen artean ziren Jonathan Powell, Silvia Casale, John Hume, Mary Robinson... Madrilek presio politiko eta diplomatiko handiak egin zizkien adierazpenaren zenbait sinatzaileri; inork ez zuen, ordea, atzera egin.

Ezker abertzaleak azkar erantzun zion Bruselakoari: apirilaren 24an, Ondorioetatik, bidea eta urratsak. Ezker Abertzalea abian dokumentuan. Ados azaldu zen nazioarteko eragileen eskaera bikoitzarekin. Espainiako Estatuaren jazarpenak eta ETAren ekintza armatuak «blokeoa» areagotuko zutela ohartarazi zuen militante ezagun ugarik, Iruñeko agerraldian. ETAk, berriz, ez zuen Bruselakoaz deus esan irail erdira arte, eta bitartean izan zen urduritasunik ezker abertzalean; dena dela, garbi zeukan estrategia aldaketagatik egin zutela nazioarteko eragileek Bruselako Adierazpena, eta, batik bat, Altsasuko idatzian Mitchell printzipioak jaso zituelako.

FRANTZIAKO POLIZIA BATEN HILKETA

ETAk 2010eko martxoaren 16an Jean Serge Nerin Frantziako polizia hil izanak —«ustekabeko enfrentamenduan», erakunde armatuak apirilaren 4an agiri batean azaldu zuenez—, ez zuen arriskuan jarri Bruselako ekinbidea. Hilketaren biharamunean ezker abertzaleak prentsa ohar batean «prozesuarekiko konpromiso argi eta zehatzak» eskatu zizkion ETAri. Ezker abertzalean kontsultatutako iturriek diotenez, artean ez zuten ETAren otsaileko erabakiaren berri, eta aitortu dute «ohar gogorra» atera behar izan zutela Nerinenagatik, nazioartekoek euren posizioa ezbaian jar ez zezaten. Izan ere, Mitchell printzipioek besteak beste diote indarra erabiltzeari uko egin behar diola norberak, eta kontrako jarrera agertu behar dela gainerakoek erabiliz gero. Beraz, nazioarteari «lasaitasun mezu bat» eman nahi izan zioten.

ETArentzat Nerinen hilketaren auzia politikoki konplikatua izan zen, etetearen erabakia isilpekoa zen arren. Bere sinesgarritasunerako eta ekinbiderako nolabait zorte ontzat jo zuen otsaileko erabakia artean publikoa ez izatea.

(Frantziako poliziak, 2010eko martxoaren 16an, Dammarie-les-Lysen, ETAk Jean Serge Nerin hil zuen inguruan. L. DOLEGA / EFE)

ERABAKIA PUBLIKO, IRAILEAN

2010eko irailaren 5ean atera zuen ekintza armatuak eten zituela jakinarazteko agiria. «ETAk jakinarazten du hilabete batzuk direla eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia hartu zuela». Agirian ez zuen zehaztu neurria otsailean hartu zuela; geroago esan zuen hori, Zutabe-n. «Aldaketa politikoa posiblea da», zioen iraileko agirian. Aurreko hilabeteetan izan ziren Bruselako Adierazpena eta Lortu Arte, mobilizazio batzuk ere izan ziren, eta iristear zen Gernikako Akordioa (irailak 25). «Ardurak hartzeko eta urrats sendoak egiteko garaia da: independentismoaren proiektu estrategikoaren artikulazioan; prozesu demokratikoa eraikitzeko baldintzak sortzeko bidean; errepresioari erantzuteko eta eskubide zibil eta politikoen defentsa irmoan». 2011ko apirileko Zutabe-n zekarren aurreko urteko otsaileko erabakia isilpean edukiz «eztabaida politikoa desitxuratzea saihestea» nahi izan zuela, eta aurrerapausoak ematen ari ziren eragile politikoengan eta sozialengan jarri nahi izan zuela protagonismoa.

Egoera berriak sortzeko asmoz atera zuen agiria irailean ETAk, baita aurreko hilabeteetako mugimenduek segurtasun bat behar zutela uste zuelako ere. Erabaki politiko bat zen etetearena, haren iritziz, eta garrantzitsua iruditzen zitzaion erabakia hilabete batzuk lehenago hartu zuela jakinaraztea, bere borondatea nolakoa zen erakusten zuelakoan. Kontuan hartzeko beste datu bat harentzat: 2010-2011ko urte politikoa hasi bezain azkar iragarri zuen publikoki ekintza armatuak eteteari buruzko erabakia. Hura ere aldebakartasunez hartutakoa zen, Madrilen zain egoteke.

Dena dela, Espainiako Gobernuari mezua bidali zion: prest zegoela prozesu demokratikoa abiarazteko gutxiengo demokratikoak adosteko. Nazioarteko komunitateari ere deia: parte har zezala. Baina irailaren 5eko agirian ETAk ez zion erantzun Bruselako Adierazpenari. Hil bereko 15ean egin zuen hori. Sinatzaileekiko «begirunea eta esker ona» agertu, eta esan zuen «gatazka gainditzeko, urrats partzialetatik harago, proposamen osatua» behar zela. Prest azaldu zen pausoak elkarrekin aztertzeko. Hala ere, orduan ez zuen pentsatuta su-eten bat ematea.

ETA-REN NEURRIAK, DESEGIN ARTE

ETAren eraso armatuen etetea abiapuntu bat izan zitekeela uste zuten eragile gehienek. Brian Currinek zioen «demokraziaren eta politikaren garaipen bat» zela. Baina, pribatuan, erabakiak nazioarteko eragileentzat ez zuen nahikotasun bat. Neurria motz gelditzen zen, eta, nazioarteak pauso gehiago emateko, su-eten egiaztagarria eskatu zioten ETAri. 2011ko urtarrilaren 8an eman zuen «nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra», eta ezker abertzalearen apustua berretsi zuen.

Ordutik aurrera ETAk «nazioarteko bitartekariekiko harremana estutu eta egonkortu» egin zuen, erakundeak desegite fasean 2009-2017 aldiari buruzko txostenean jaso zuenez. «Une hori oso garrantzitsua izan zen, bitartekariek hasieran zituzten aurreiritziak gainditu eta Erakundearen borondatearen gainean konfiantza hartzeko». Negoziazio prozesu bati ekiteko asmoz, nazioartekoak ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean bitartekari lanak egiten hasi ziren, eta Osloko elkarrizketa mahaia hitzartu zuten. 2011ko urriaren 17an izan zen Aieteko Adierazpena, hiru egunera ETAk esan zuen jarduera armatua betiko bukatu zuela, eta ondoren ziren Oslon hitz egitekoak ETA eta Madril, gatazkaren ondorioei buruz, edukiek esangura politiko nabarmena ere bazutela jakinda biek. Azkenean ez ziren, baina, Norvegiako mahaian eseri ere egin.

ETAk hasia zuen bere ibilbidea bukatzeko prozesua. 2018an desegin zen. Isiltzen hasteko neurri garrantzitsua izan zen orain hamar urte isilpean hartutako erabakia.

----

BERRIAren Harian-eko beste edukiak:

Paradigma berri bat helburu bererako

Altsasukoa, nahikoa

Rufi Etxeberriaren balantzea hamar urteez

Mahai ingurua: Ainhoa Etxaide, Iosu Lizarralde eta Ion Ansa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.