«Isiltasunaren bidez gauza asko transmititu dizkiguzue: beldurra, mina, trauma... ikusi dugu isiltasun horietan», hala adierazi zien Iratxe Uriarte EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak Donostiako Miramar jauregian bildutakoei, atzo. EHUko udako ikastaroetan gai hau izan zuten hizpide: Giza eskubideen urraketak: belaunaldien arteko transmisioaren eragina. Pili Zabala GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak eta Aitziber Blanco bizikidetza proiektuetan zubigile aritu eta aditutakoak zuzendu zuten saioa, eta egun osokoa izan zen. Egiaren hainbat batzordetan aritutako batek abiatu eta itxi zuen saioa, Carlos Martin Beristainek. Tartean bi mahai izan ziren: goizean, jatorri diferentetako hiru biktimen artekoa. Arratsaldean, adituen artekoa; gatazkaren transmisioaz aritu ziren, hainbat ikuspuntutatik abiatuta: psikologiarenetik, feminismoarenetik, nazioartekotik eta belaunaldi artekotik.
Isiltasuna izan zen egun osoko saioak harilkatu zituen kontzeptu nagusia. Uriartek esan zuenenez, gazteek EGKri helarazi izan diote gatazka politikoari buruzko informazioa falta izan zaiela, ez etxean ez ikastetxean ez zaiela kontatu zer geratu den. Horregatik, Etikasi izeneko proiektua dute indarrean. Belfasten egon berri dira, Ipar Irlandako gatazkaren kontaketa nola egin zen ikusteko eta hona zer ekar litekeen pentsatzeko. Uriarteren irudiko, isiltasunak ez die utzi «atmosfera egoki bat eraikitzen bake kolektiborako», eta isiltasun horrek eragin du lehentasunetako bat ez izatea gazteentzat. EGKren arabera, gazteen hiru kezka nagusiak buru osasuna, etxebizitza eta enplegua dira, hurrenez hurren. Giza eskubideen urraketen inguruko historia lehentasuna ez izateak, ordea, ez du esan nahi interesik ez dutenik. Eta haien ustez, garrantzitsua da zer gertatu zen jakitea. Esan du talde txikietan gune seguruak sortzen ari direla gazteentzat, motibazio politikoarekin lotutako indarkerien inguruko kezkak, zalantzak eta iritziak plazaratzeko.
«Isiltasunak ez digu utzi atmosfera egoki bat eraikitzen bake kolektiborako»
IRATXE URIARTE EGK-ko presidentea
Isiltasuna izan zuen hizpide Maider Galardi ikertzaileak ere. Baina aldarrikatzeko, «erresistentzia tresna ere izan delako». Eta kontakizunerako ezarri beharreko polifoniaz aritu zen, uste baitu Euskal Herriko biolentzia politikoaren ziklo amaiera ez dela bere osotasunean kontatzen, eta hark horretan dihardu, perspektiba feminista batetik abiatuta emakumeen ahotsak jasoz, «agentzia dutelako eta erresistentziak landu dituztelako». ETAk aita hil zion neska baten bizipenak kontatu zituen, urte luzez preso bat bisitatzera joan behar izan duenarenak, BVEk hildako baten alabarenak, eta emakume torturatu batenak — emakume hark pairatutako indarkeria sexualaz ere aritu zen, zeina motibazio politikokoa ere baden—. Kontakizun horien guztien agentzia politikoa azpimarratu zuen. «Beharrezkoa da haien egiak ere ateratzea, gaitasuna baitute iruditeria kolektiboak berriz formulatzeko». Eta haiek elkarrizketan jartzeak ere ekarpena egin dezakeelakoan dago: «Gustatzen zait konstelazioaz hitz egitea, modua ematen baitigu konexioak eratzeko errealitate batzuen eta besteen artean, eta uste dut horrek ekarpena egin dezakeela».
«Beharrezkoa da emakumeen egiak ere ateratzea, gaitasuna baitute iruditeria kolektiboak berriz formulatzeko»
MAIDER GALARDIIkertzailea AFIT antropologia feministako ikerketa taldean
Isiltasuna izan zuen hizpide Anna Miñarro psikologo klinikoak ere. Dozenaka ikerlan argitaratu ditu frankismoko errepresaliatuen eta haien ondorengoen bizipenak azaltzeko. Haren esanetan, isiltasuna are handiagoa izan zen 1939tik aurrerako urteetan, hau da, erregimen frankista ezarri zenetik. Zurian beltz jarri nahi izan zuen orduan zer gertatu zen: «1936ko gerraren ostean erregimen nazional-katoliko bat ezarri zuten. Frankismoak egindakoa ezin da indarkeria subjektibo gisa ulertu, baizik eta gizadiaren aurkako krimen gisa. Hori argi izatea garrantzitsua da, traumaren transmisioa ulertzeko». Haren esanetan, lehen belaunaldia hil zuten, eta uste zuten bigarrena hilda dena amaituko zela: «Baina ahanztura ez da existitzen. Eta batzuek dolua normal egiten dute: gorpuak jaso eta loreak jarriz; beste batzuek, aldiz, dolu patologikoak izan dituzte».
Miñarrok ziurtatu zuen frankismoko errepresaliatuen eta haien ondorengoek askotariko patologiak garatu dituztela. Galardik ere sumatu du hori, beste aro politiko bat aztertu badu ere: «Nik 30 emakume elkarrizketatu ditut. Guztiek behar izan dute laguntza psikologikoa edo psikiatrikoa noizbait; medikalizatuak egon dira bolada batzuetan».
Nondik hasi?
«Instituzionalki tratu txarra egon bada, nondik hasi?» galdetu zuen Annabel Martin Gonzalezek. Moderatzaile gisa aritu zen. Emakumeekin, generoarekin eta sexualitatearekin lotutako gaien irakaslea eta katedratikoa da Dartmouth Unibertsitatean, AEBetan. Espainiako Estatua jarri zuten jomugan bai Miñarrok, bai Uriartek. «Estatuak erantzukizuna hartzea da lehen pausoa», esan zuen Miñarrok. Oraindik ere hobi komunen mapa osatzen ari direla gogoratu zuen, eta hori Espainiako Gobernuaren eginbeharra dela gehitu, salatzeko estatuak uko egin diola erantzukizunari. Beharrezkotzat jo zuen Espainiako Gobernuak biktimarioak aitortzea, eta aitortza ekonomikoa ere eskatu zuen. «Apustu etiko bat behar dugu, subjektu guztien egia ager dadin». Uriartek zera gehitu du: «Hemen bakegintzan aurrera egin da, pixkanaka aurrera egin da, baina Espainiako Gobernuaren aitortza falta da; eskuin muturraren igoerari galga jarri behar zaio: eskerrak Frantzian geratu duten! Eta gazteok asko daukagu esateko. Transmisioa egin behar da».
«Apustu etiko bat behar dugu, subjektu guztien egia ager dadin»
ANNA MIÑARRO Psikologo klinikoa
Yuri Gahona Muñoz telematikoki sartu zen mahai ingurura, Txiletik. Haren ama eta aita desagerrarazi egin zituzten hango diktaduran. Elkarte bat sortu zuten, auziari ikusgaitasuna emateko eta senide bat desagerrarazia izateak zer-nolako ezinegona dakarren erakusteko. Latinoamerika osoko diktaduretan patroi berari jarraitu zaiola uste du. Estatu krimen horiek egin dituztenak ez dituzte zigortu, edo zigor arinak jarri zaizkie: «Pribilegioak eman zaizkie gizon garaileei, zuriak eta klase altukoak guztiak, eta batzuk besteekin erlazionatu dira estatuetako botere nagusiak haien esku gera zitezen.
«Orain arte iraun duten prozesuak irauli behar dira, etorkizun kolektibo hobea eraikitzeko. Mugimendu feministak erakutsi du nola egin daitezkeen prozesu horiek»
YURI GAHONA MUÑOZ Txileko unibertsitateko soziologoa
Ondorioz, ez da erreparaziorako biderik izan. «Trauma eragin zuten baldintzei eutsi egin zaie; ezin izan dira tramitatu». Eta bataila kulturala garrantzitsua delakoan dago. «Prozesu horiek irauli behar dira, etorkizun kolektibo hobea eraikitzeko. Mugimendu feministak erakutsi du nola egin daitezkeen prozesu horiek, eta argi bat dugu hor, hari jarraitzeko».