Eihera kooperatibako kidea

Kattalin Miner: «Isiltasunak bakardade sentsazioa areagotzen du»

Eihera kooperatibak 'Oihu bat isiltasunean' liburua aurkeztu du, Azpeitiko LGTBI errealitateen erradiografia. Hitz egiteko beharra dutela nabarmendu du Minerrek.

Kattalin Miner. JON URBE / FOKU
Kattalin Miner. JON URBE / FOKU
Donostia
2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun

Idazlea eta kazetaria izateaz gain, Kattalin Miner (Hernani, Gipuzkoa, 1990) Eihera kooperatibako kidea ere bada. Eiherak eraldaketa feminista eta LGTBI prozesuak diseinatzen eta garatzen ditu, eta, aurten, Oihu bat isiltasunean liburua aurkeztu du, eta Azpeitiko LGTBI komunitatekoen istorioak, iritziak eta etorkizunean hartzeko neurriak jasotzen ditu. Urtea bukatu baino lehen Arrasaten, Pasaian eta Aretxabaletan ere egingo dituzte pareko lanak.

«Herri honetan gauza asko pasatu dira!», zioen azpeitiar batek Oihu bat isiltasunean lanerako. Zer pasatu da Azpeitian?

Pasatu direnak baino gehiago, kontatu ez direnak dira garrantzitsuak. Isiltasun handiko herri batekin topo egin dugu, hitz egiteko beharra zuen herri batekin, eta isiltasun klima izan da desberdina. Parte hartzaile guztiak oso eskuzabalak izan dira, eta udalari lan egiteko jarrera ikusi diogu. 

Izenburuak berak asko esan nahi du. Herriko LGTBI komunitateari ahotsa ematea izan da lanaren helburuetako bat?

Bai. Elkarrizketak transkribatzerakoan konturatu ginen hitz egiteko beharra zegoela. Guk uste genuen tabu gehiago izango zela, baina kontrakoa izan da, askok hitz egin nahi zuten. Pertsona ahaldunduak topatu ditugu.

Emaitza erradiografia bat da. Zeintzuk dira ondorio nagusiak? 

Ondorio nagusietako bat da isiltasun handia eta bakardade sentsazioa egon dela duela gutxira arte, eta kanpora joateak aukera eman diola jende askori bere burua garatzeko eta herria beste leku batetik ikusteko.

Sexilio kontzeptua aipatu da. Zaila da herri txiki batean LGTBI komunitateko kide bat izatea? Zergatik?

Arau itxiak dauden tokietan zailagoa da garatzea. LGTBI pertsona ia gehienek harremana daukate beraien jaioterritik kanpora. Baina gure galdera zen ea Azpeitia bizigarria den LGTBI pertsonentzat, eta hor zalantzak zituzten. Isiltasunak bakardade sentsazioa areagotzen zuen. Diagnostikoa eta gero espero dugu bizigarriagoa izatea.

Zer dago hirietan LGTBI komunitatekoak erosoago sentitzeko?

Logikoa da, hiriak handiagoak direnez eskaintza gehiago daukate  eta jende askok hirietara jotzen dugu bestelako gauzak topatzeko. Haiek bezalako jendea topatzen dute eta identifikazio kontu bat gertatzen da. 

Liburuan askotan aipatu da Azpeitia nahiko herri kontserbadorea dela. Ikuspegi hori Euskal Herri osora zabalduko zenuke?

Ez nuke orokortuko. Herri batzuk tradizioari lotutako identitate indartsuagoak dituzte, eta Azpeitian hori ikusi dugu eta berretsi digute LGTBIkoak ez diren pertsonek.

«Kanpora joateak aukera ematen dio jende askori bere burua garatzeko eta herria beste leku batetik ikusteko»

Euskara ere aipatzen da lanean.

Topatu dugu LGTBI Komunitateko azpeitiar askok beren nortasunaren parte garrantzitsua ikusten dutela euskaraz bizitzea eta LGTBI izatea, baina banatuta ikusten dituzten errealitateak direla. Aldi berean, aukera ikusten genuen euskalgintzak LGTBI ikuspegia irekitzeko eta LGTBI komunitatea euskalduntzeko.

Gaur egun beste herritarrek hobeto onartzen dituzte LGTBI komunitatekoak? Zergatik?

Diskurtsiboki aldatu egin da, eta LGTBIfobia zuzena aldatzen joan da. Baina «armairutik ateratzeko» eta familiari azaltzeko pausoa eman beharrak hor jarraitzen du oraindik. Zapalkuntza zuzenak agian nerabezaroan izaten dira gehiago, eskoletan batez ere. Hala ere, Azpeitiko aurkezpenera jende asko etorri zen. Diagnostikoaz gain, gure lana espazio horiek sortzea ere bada, non jendea ingura daitekeen eta errealitatea ezagut dezaketen. 

LGTBI komunitatearen barruan pertsona batzuk ikusezinagoak dira beste batzuk baino?

Bai, gaur egun transen errealitatea azpimarratuko nuke ikusezintasunaren aldetik, transfobia indartsuena delako LGTBIfobiaren barruan. Beldur gehiago eragiten dio pertsonari eta ingurukoei, eta gaitzespena ere handiagoa da. Azpeitian topatu ditugu kontrako babesleku batzuk, baino ikusgarritasunean asko dago egiteko.

Neurriak hartzeko, ematen zaie ahotsa LGTBI komunitatekoei?

Diagnostiko hori egin nahi duenaren arabera: batzuek neurriak zuzenean hartu nahi dituzte, LGTBI komunitateko pertsonekin hitz egin gabe; eta gure lanean ezinbestekoa da pertsonek beraien bizipenak, beharrak eta nahiak lehen pertsonan kontatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.