Isabel Jaurena.

Isiltasuna

2024ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Hamahiru egunean indarkeria matxista pairatu duten 130 emakume baino gehiagoren testigantzak bildu ditu @denuncias_euskalherria kontuak Instagramen. Aurkezleak, soinu teknikariak, medikuak, bikotekideak, bikotekide ohiak eta bertze hamaika gauza izan daitezkeen gizonek egindako erasoen berri eman dute horien bidez, eta ia guztietan esaldi bertsua irakur daiteke: «Nik ere kontatu nahi dut». Espazio horretara jo duten emakumeek bertze inon topatu ez duten babesa aurkitu dute, eta horrek ematen du zer hausnartu. 

Izan ere, testigantza horiek guztiak ez dira joan den hilabetean gertatu eta kontatutakoak; bi, zazpi, hamar edo hogei urtean isilpean edukitakoak eta lotsak eta beldurrak lurperatutakoak ere badira. Zertaz? Bada, Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministak errandakoa gogora ekarrita: «Isiltasuna hausteagatik zigortzen gaituztelako». Edozein dela emazteki horiek darabilten bidea egin dietena kontatzeko, seinalatu egiten dituzte, errudun direla sinetsarazi eta, azkenean, isilik egotera behartu. 

Testigantzen zabalkundearen aitzinean izandako erantzunak erakutsi du seinalatze ariketa hori egiteko tresna anitz dituela patriarkatuak. Fallarasek behin eta berriz azpimarratu duenez, erasotzaileak botere harremanez baliatzea da horietako bat, eta ez biktimekin bakarrik. Izan ere, aipatutako Instagram kontuko kudeatzaileek adierazi dute «mota guztietako mehatxuak eta irainak» jasotzen ari direla; esaterako, salaketa jarriko dietela.

Horrez gain, oihartzun handia izan du Barraka saioko aurkezlearen erasoak pairatu dituzten hainbat neskak kontatutakoak. Orain hilabete Iñigo Errejonekin gertatutakoak agerian utzi zuen, ezker edo eskuin, inor ez dagoela libre. Bada, oraingoak erakutsi du ezkerreko alderdietan bezala, Euskal Herrian ere badela zer kontatu, eta nor seinalatu. Eta, Errejonekin gertatu bezala, erasotzaileak babesten duen isiltasunik ere badela, eta isiltasun hori gorpuzten duten gizonak ere bai. 

Bada, horri aurre egiteko memoria ariketa kolektiboaren alde egitea aldarrikatu du behin eta berriz Fallarasek, defendatuta ariketa horrek «identifikazio mekanismoak» sortzen dituela emakumeen artean. Horren alde egin dute Euskal Herriko kasuen berri eman duten horiek guztiek ere. Gisele Pelicotek erran moduan, adierazi dute badela garaia lotsa aldez aldatzeko, eta testigantzen berri ematen jarraituko dutela: «Hau guztia isiltasunean geratu ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.