Kazetaria eta idazlea

Cristina Fallaras: «Isiltasuna hausteagatik zigortzen gaituzte»

Iñigo Errejon politikariak egindako sexu erasoak salatu dituzte zenbait emaztekik. Testigantza horietan lehenbizikoa Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministak zabaldu zuen, Instagram bidez.

Cristina Fallaras hilabete hasieran, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Cristina Fallaras hilabete hasieran, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko azaroaren 6a
05:00
Entzun

Indarkeria matxistaren biktimen testigantzak biltzen ditu Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministak (Zaragoza, Espainia, 1968) bere Instagrameko kontuan. Berriki argitaratutako testigantza batek hautsak harrotu zituen, politikari ezagun baten kontrako salaketa ekarri zuelako laster: Iñigo Errejon Espainiako Diputatuen Kongresuan Sumar alderdiko bozeramailea izan zenaren kontrakoa. Fallarasek erran duenez, horrek ekarri duen erreakzioak erakutsi du sexu indarkeriak «isiltasunez blindatuta» daudela, batez ere erasoak «gizon boteredunek» egiten dituztenean.

Errejonen kontrako lehenbiziko salaketa agertu zenetik, anitz izan dira biktima seinalatu dutenak, hura babestu beharrean eta hari sinistu beharrean. Zer erakusten du horrek?

Ez dela deus ere aldatu. Testigantza modu anonimoan ematen badugu, erasotzailea seinalatu gabe, demokraziarendako txarra dela erraten dute, hitz erdika erraten dugula. Ordea, epaitegietan salaketa jarriz gero, erraten dute emagalduak garela, eta eskerrak jakin den nork jarri duen salaketa. Isiltasuna hausteagatik zigortzen gaituzte. Modu anitzetan hautsi dezakegu isiltasun hori, baina beti zigortzen gaituzte, egiten duguna egiten dugula. 

Seinalatze horretan kokatu daiteke emaztekiek zuregana jotzea?

Nik kanala ireki nuen modu bat zelako errateko: «Hemen, zer egin dizueten konta dezakezue, zer gertatu zaizuen, berriz ere biktimizatuak izateko arriskurik gabe». Testigantza horiek salaketak baino garrantzitsuagoak dira niretako, baina, batez ere, eraginkorragoak. Izan ere, lan horrekin, indarkeria sexual deritzogunaren memoria kolektibo bat osatzen dugu.

Zer indar du memoria ariketa horrek?

Memoria kolektibo horrek, batetik, identifikazio mekanismoak sortzen ditu emakumeen artean, eta, bertzetik, bakardadea, errua eta lotsa hausten ditu. Izan ere, ez da kasualitatea arlo anitzi buruzko dokumentazioa eta testigantzak egotea, baina indarkeria sexualari buruzkoa ez. Hau da, sexu indarkeria isiltasunez blindatuta dago: ez zaienean ongi etorri horri buruz solastatzea, lotsa edo errua erabili dituzte, baina orain ez dakite zer egin, eta kriminalizatzen dute. Horregatik, testigantzak biltzea lan baliagarria da ez bakarrik emakumeendako: zentzu historiko edo akademikoan ere bai. 

«Sexu indarkeria isiltasunez blindatuta dago: ez zaienean ongi etorri horri buruz solastatzea, lotsa edo errua erabili dituzte, baina orain ez dakite zer egin, eta kriminalizatzen dute»

Indarkeria matxista bikote harremanetatik kanpo gertatzen denean, halako kasuak epaitegi arruntetara bideratzen dituzte oraindik. Zer da hori biktimendako?

Izugarria da. Duela gutxi arte, gainera, halako kasuak ez ziren indarkeria matxistatzat hartzen. Hor badugu zer egin. Niri erraten didatenean auzitara joateko erreminta nahikoa dugula, erantzuten diet Elisa Mouliaaren kasua paradigma bat dela: emakumearen kontrako indarkeriaren kasu bat da, baina epaitegi arrunt batera bideratuko dute. Ez dut pentsatu ere egin nahi zerekin aurkituko den bertan. 

Kasu horren berri eman zenuenean, Instagrameko kontua itxi zizuten, baina hiru orduren buruan berreskuratu zenuen. Zer erakusten du horrek?

Ikaragarria iruditu zitzaidan. Metako zuzendariak berak deitu zidan kontua ixteagatik barkamena eskatzeko, eta berriz ere martxan jarri zutela errateko. Mugimendu kolektibo feministak erremintaren erabakia eta funtzionamendua zuzendu zuen, eta hori gertatzea ohiz kanpokoa da. 

Kolektibo horren indarra ikusita, zer etorriko da orain? 

Moda arloan izaten diren erasoak salatzeko kontu bat ireki berri dute, eta musika munduan gertatzen direnendako bertze bat. Hau da, hurrengo pausoa da gaia arloka lantzea, eta izenik eman gabe baina enpresak erranez testigantzak ematea. Zergatik? Ba, ehunka mezu iristen baldin bazaizkit enpresa batean gertatzen dena salatuz, kazetariek enpresa horren mekanismoak aztertu beharko lituzketelako. Biktimak babesteko dituzten protokoloak azaldu ditzatela.

«Biktima batek salaketa jartzen badu, enpresak ezin du jakin nor den, zeren, bertzela, hortik aurrera infernua biziko baitu»

Politikari baten izena atera da oraingoan, baina iritsi zaizu bertze arloren bateko kasurik. Guztiek dute zerbait komunean: gizonak botere harremanez baliatzen direla.

Ohiko zerbait da gizon boteredunek botere hori erabiltzea sexu erasoak egiteko. Hortaz, hierarkia funtzionamendua duten enpresetan biktimak babesteko protokoloak behar dituzte, eta salaketak modu anonimoan egin ahal izateko mekanismoak sortu. Biktima batek salaketa jartzen badu, enpresak ezin du jakin nor den, zeren, bertzela, hortik aurrera infernua biziko baitu.

Testigantza horiek guztiak liburu batean bildu dituzu. Zertaz plataforma aldaketa hori?

Liburu hau egin genuen testigantzak sare sozialak ez diren bertze leku batean egon daitezen. Gainera, badago sare sozialik ez duen emakumerik, eta ulertu behar dute gertatzen zaiena jende gehiagori gertatzen zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.