Isilarazitako begiradei, argia

Estatu indarkeriaren 105 biktimaren senideak erretratatu ditu Joseba Zabaltzak, beren ahaideak hil zituzten lekuetan. «Ikusgarri» egin nahi ditu Euskal Memoriak.

Aitziber Ibaibarriaga. Txabi Etxebarrieta osaba Benta Handin hil zuten (Gipuzkoa). JOSEBA ZABALZA / JOSEBA ZABALTZA.
jon olano
Donostia
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Donostiako Errekalde auzoa zeharkatzen duen errepidean, hiru emakume; Itziar, Nekane eta Miren. Keinu serioa hirurek, aurrera begira. Esanahi handiko lekua da eurentzat; bide horretan hil zuten Mikel Salegi Urbieta anaia, 1974ko abenduaren 18an, Guardia Zibilaren kontrol batean.

Estatuaren indarkeriaren ondorioz hildako biktima baten senideen irudia da, baina ez bakarra; halako 105 bildu ditu Joseba Zabaltza argazkilariak, Euskal Memoria fundazioak argitaratutako Gogoan hartzeko izenak liburuan. Biktima horiei ikusgarritasuna emateko, 105 lagun horiek hil edo desagerrarazi zituzten lekuetara eraman ditu senideak; kasuaren azalpenarekin batera, senideen argazkiak dira ardatz. Kopuru horrek badu azalpena, fundazioak azaldu duenez: «Batetik, ikusarazi nahi dugu ez zirela izan gertakari bakanak, asko izan zirela gehiegikeriak; bestetik, ezinezkoa da biktima guztiak liburu bakarrean jasotzea, ez litzatekeelako maneiagarria».

Liburua atzo aurkeztu zuten, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, estatuaren indarkeriaren eraginez hildako ugariren senideak bertan zirela. Horien izenean aritu ziren hizlari Eneko Etxeberria, Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia, eta Itziar Salegi. Horiekin batera izan ziren Iñaki Egaña historialari eta fundazioko lehendakaria eta Zabaltza bera.

Argitalpenari buruzko xehetasun batzuk eman zituen Egañak; esaterako, zergatik aukeratu dituzten estatuaren indarkeriaren biktimak eta ez, esaterako, ETArenak. Egañaren hitzetan, «diskriminazio positiboa» egin nahi izan dute, «ikusgarritasuna» emateko «bigarren edo hirugarren mailakotzat jotzen diren biktimei». Horrela, espero du «noizbait» kokatzea biktima guztiak «maila berean». Gainera, aurten «aurreratu» egin dute lan monografikoaren argitalpena, Durangoko Azokara itxaron gabe, argudiatuta fundazioaren helburua «dibulgazioa» dela, eta ez salmenta.

Aitzitik, ezaugarri askotariko biktimak jaso dituzte; torturen ondorioz hildakoenak, desagerrarazitakoenak, Batallon Vasco Españolek eta beste talde armatu batzuek tirokatutakoenak edo Ertzaintzak pilotakadaz hildakoenak. Baita hamarkada ezberdinetakoak ere; 1936ko gerraostekoak dira batzuk, baina badira XXI. mendean gertatutakoak ere; Iñigo Cabacasen hilketa edo Jon Anzaren desagerpena, esaterako. Orotara, bost urteko lanaren emaitza da.

Liburua egiteko abiapuntua azaldu zuen Zabaltzak: «Zein ekarpen egin dezake argazki dokumentalista batek ahanzturaren aurrean?». Ideia horretatik tiraka hasi zen biktimekin harremanetan jartzen eta liburuan jaso nahi zuenaren berri ematen. Erasoen lekuek esangura handia izanagatik, Zabaltzak uste du tokiak bakarrik ez zirela «nahikoa»; horregatik eraman nahi izan zituen biktimen senideak. Ez zioten denek baietz esan, eta ulergarria iruditzen zaio: «Batzuei oinazea eragiten die gogoratzeak; beste batzuk, berriz, oraindik ere jazarpenaren beldur dira».

Jakinik parte hartu duten askok «kostata» parte hartu dutela, eskerrak eman zizkien Zabaltzak: «Ikasi dut gorrotoa gainditzen duela jendeak, eta hala izan behar duela, ez baduzu nahi gorrotoak zu akabatzea. Agertzen diren guztiek eman didate lezio bat. Beste gauza bat da barkamena edo ahanztura. Horregatik irteten dira argazkietan: ez dutelako ahaztu nahi, justizia baizik».

Zailtasunak, ugari

Senideen argazkiez gain, Zabaltzak hildakoen argazki bana ere jaso nahi izan du liburuan. Ez da erraza izan kasu guztietan; adibidez, Maria Jose Bravo del Vallerenean: «Lanak izan ditut nortasun agirirako ez den argazki bat topatzeko. Haren amak, alabaren argazkiak ikusteak eragiten zion saminagatik, erre egin zituen. Auzoko lagunen bidez lortu nuen bat». Beste zailtasun batzuk ere izan ziren; besteak beste, German Rodriguezen argazki bat lortzeko: «Haren bikotekideari eskatu nionean argazkiren bat, azaldu zidan urte batzuk geroago atxilotu zutela eta Germanekin zeuzkan argazkiak eraman zituela Poliziak. Bakarra utzi zuten».

Zenbait kasutan, Zabaltzari berari egin zaio zail. Bereziki hunkitu zuen Joxi Zabala eta Joxean Lasa hil eta lurperatu zituzten lekura joan izanak: «Utzi zituzten lekua ezin hobea zen inork ezer jakin ez zezan». Axun Lasa Joxeanen arrebarekin eta haren seme Anderrekin joan zen Zabaltza Busotera (Herrialde Katalanak), bi gazteen arrastoak topatu zituzten lekura. Han eginiko argazkian ageri dira ama-semeak, harri bati eta gainean jarritako loreei begira: «Axunekin hitz egin nuenean, pentsatu nuen ez ote zuen edukiko irudipena burutik jota nengoela. [Lasa eta Zabala] Filma argitaratu berria zen, eta gaindituta zeuden. Bi urte geroago, Tolosara joan nintzenean pertsonalki hitz egitera, oso pertsona gertukoa ezagutu nuen, primeran ulertu zuena zer egin nahi nuen».

«Etengabe umiliatuta»

Euskal Memoriaren arabera, ez da «historia liburu bat», liburuan historia jasotzen den arren: «Jada gurekin ez dauden pertsonen senide eta lagunek bizitako esperientziaren intimitatera gerturatzea da asmoa». Fundazioaren hitzetan, «nolabait, berreraikitze saio bat» egin nahi du liburuak; «apustu bat» da, «senideak modu traumatikoan galdu zituztenen aurpegiak ikusgarri egiteko».

Aurkezpenean, bere anaiaren hilketa ekarri zuen gogora Salegik. Aginagan afaldu ostean, etxera bidean zihoan Mikel Salegi. Guardia Zibilak kontrola jarri zuen Errekalden, eta hamazazpi tiro eman zizkioten. Polloeko hilerrira eraman zuten poliziek, eta, hasieran, gorpua ikustea galarazi zieten senideei. Auzia artxibatu egin zuten, eta Maria Servini Argentinako epaileak Frankismoko krimenen aurka abiatutako kereilaren bidez ari dira erantzuleen bila: «Egia da biktimatzat aitortu gaituela Eusko Jaurlaritzak, eta kalte-ordaina eman digutela, baina zauria sendatzeko modu bakarra egia jakitea da. Hori da biktimoi duintasuna itzultzeko bide bakarra». Prozesua «tortura bat» izan da senideentzat, Salegiren esanetan: «Etengabe umiliatu gaituzte, eta gure ahotsa isilarazi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.