Alderdiak Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde zerrendak zehazten ari dira egunotan. EH Bilduren kasuan, jakina zen Laura Mintegi lehendakarigaia izango zela Bizkaiko zerrendaburua. Gara egunkariak atzo jakinarazi zuen Arabako zerrendaburua Belen Arrondo sindikalista izango dela, eta Gipuzkoakoa, Xabier Isasi unibertsitate irakaslea eta orain arte Gaindegia behategiko lehendakaria. Belen Arrondo Beasainen jaioa da, 1956an; 1977tik Gasteizen bizi da, eta EILAS sindikatuko zuzendaritzako kidea da. Xabier Isasi, berriz, Bilbon jaioa da, 1956an, eta Psikologian doktorea da, eta EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea. Isasiren ibilbidea UEUrekin lotuta egon da, eta lau urtez horko buru izan da. Gaur egun, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiko lehendakaria da. Gaindegiko zuzendaritzak gaur bertan aztertuko du Xabier Isasiren ordezkapena, gutxienez batzar nagusia egin arte. EH Bilduren hiru zerrendaburuak, beraz, independenteak izango dira, eta antzeko ezaugarriak dituzte: ibilbide publikoa dute, eta formazio akademikoa; euskaltzaleak dira, eta konprometituak eskubide sozial eta politikoekin.
Koalizioa osatzen duten alderdiei dagokienez, guztiek aurpegi ezagunak jarriko dituzte zerrendetan hautatuak izateko aukerarekin. Ezker abertzaleak, esate baterako, Maribi Ugarteburu eleduna hautatu du Bizkaian hautagai izateko, eta Marian Beitialarrangoitia Gipuzkoan. Eusko Alkartasunak Pello Urizar idazkari nagusia eta Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidea ditu hautatuak izateko postuetan jartzeko asmoa. Aralarrek Dani Maeztu berriro hautatua izatea nahi du, eta Alternatibak, Oskar Matute.
Isasi EH Bilduren zerrendaburua Gipuzkoan, eta Arrondo Araban
Ezker abertzaleko bozeramaile Maribi Ugarteburu hautagai izango da Bizkaian, Mintegiren atzetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu