'Kote Cabezudo auzia'

Iruzurrean oinarritutako «patroi bat» deskribatu du biktimen abokatuak ere, ondorioetan

Mario Diez abokatuak Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren amaierako ondorioak aurkeztu ditu. Haren arabera, argazkilariak «iruzur» eginda erakartzen zituen modelo gazteak, eta nahieran erabiltzen zituen gero.

Cabezudo, atzo, Ertzaintzaren autoan epaitegira iristen. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2022ko apirilaren 12a
12:19
Entzun

Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako salaketa jarri duten modeloen ordezkari Mario Diez abokatuaren txanda da gaur. Epaimahaiak epaiketan izan duen «profesionalatasuna eta sosegua» eskertuz hasi du amaierako ondorioen aurkezpena. Fiskalaren jarrera ere goraipatu du. Fiskalak berak atzo aurkeztu zituen bere ondorioak, eta akusatuak egindako delituak gordin aurkeztu zituen: Cabezudok modeloak bere «uztarripean» zituela esan zuen. 250 urte inguruko zigorra eskatzekoa da fiskala, baina esan zuen akusazio partikularraren eskabidera hurbiltzea ere ondo ikusiko lukeela, «kontserbadore» jokatu duela onartuta. 2.000 urtetik gorako zigorra eskatzen du akusazio partikularrak. Diezek ere gordin aurkeztu ditu gaur argazkilariaren delituak. Guztien atzean «patroi» bera ikusten dela esan du; «iruzur» eginda erakartzen zituen modelo gazteak, eta nahieran erabiltzen zituen gero.

Abokatuak esan du «frogatu diren ekintzen kontakizuna» ondo zehaztea dela biktimentzat garrantzitsuena: «pairatu» zuten hori jasota uztea. Eta jokatzeko era baten ondorio izan zela erakustea. «Hemen gertatu dena ez da modelo bakoitzari gertatu zaionaren batuketa bakarrik: portaera patroi bat zegoen atzean, eta akusatuak hamarraldiz hamarraldi zigorgabetasunez jarduteko era izan du horregatik». Argi du biktimak bakarrik edo banaka aurkeztu izan balira dena zailagoa izango litzatekeela, eta gertaeren argazki «osoagoa» lortu dela horrela.

Argazkilari «profesional» gisara bazuen sona Cabezudok: «erreferentziazko» profesionala zen, modelo asko famatu egin zituela argi adierazten zuen, eta hori ulertzea eta aintzat hartzea ezinbestekoa dela esan du abokatuak. Hain justu ere, «publizitatea eta moda» erabiltzen zituen amu gisara modelo gazteak erakartzeko. Areago, bere lana aurkezteko, hainbat espaziotan esaten zuen ez zuela loturarik «erotismoarekin». Gero hainbat modelo, ordea, oso bestelako bideetara eramaten zituen.

Baimen bikoitza

Akusazio partikularreko abokatuak argazkilariaren estudiora ametsez eta ilusioz beteta joaten ziren emakume gazteak aurkeztu ditu. «Gero, Cabezudoren estudiora iritsi, eta kontratu bat eskaintzen zitzaien han. Kontratu horrek berekin zekarren arima deabruari saltzea», azaldu du abokatuak: «Ez zitzaien informatzen, ez zitzaien kopiarik ematen». Betiere, lehen saioa «normala» izaten zela esan zuen. «Eta, jakina, neskak berriro joaten ziren harengana». Orduan «kontratuan» aldaketa bat egiten zuen argazkilariak, «biluzia» ere aipatuz. «Eta bazekien neskak nola eraman biluztera». Ondoren, nesken baimen «berariazkorik» gabe irudiak zabaltzeko hautua egiten zuen usu Cabezudok. Eta egoera «zaurgarrian» uzten zituen modelo horiek. «Porno izar» bihurtzen zituen askotan, nahi gabe, zer gertatzen ari zen ondo ulertu gabe.

Halako kontratuetan «baimen bikoitza» behar izaten dela azaldu du abokatuak —baimen bat da fotoak egiteko, eta bestea horien erabilera ondo zehazteko—, baina esan du argazkilariak hori ez zuela errespetatzen: «Nahita». Eta gero eta egoera zailagoetara eramaten zituen, gainera, emakumeak. «Izan ere, gero eta irudi sexualizatuagoak egiten zituen», azaldu du abokatuak. «Eta kontratuarekin lotu egiten zituen». Argazkiak egitera astean bitan joaten ziren neskak ere bazirela esan du. «Zer zentzu du? Helburua ez zen argazkiak egitea: haietaz abusatzea zen helburua».

Horiek horrela, modeloak gaizki sentitzea lortzen zuen, beren burua auzitan jartzea, zigortzea. «Nola azaldu hona eraman nauela?». Modelo askok onartu diote galdera horretan katigatuta ikusi zutela beren burua, eta, irudiek izan zezaketen erabileraren harira, «libertatea» galduta sentitzen zirela. Neskei egindako «abusuak» badira Cabezudok egindako delituen artean, eta horiek ere «grabatu eta saldu» egiten zituela adierazi du, haren jokabide okerraren erakusgarri.

Hortik, beraz, abokatuaren ondorioa. «Hau ez da, beraz, istorio bakan bat. Jokatzeko era kriminal bat izan da». Auzibideak aurrera egiteko usu izan dituen zailtasunek egoera oraindik gehiago zaildu dutela esan du. «Eta biktimek tunelaren amaieran argirik ez dute ikusi hainbat unetan».

Engainu argia

Iruzur delitua «etengabea» dela uste du abokatuak, emakume «guztiei» egindakoa. «Izan ere, hemen hasiera batean moda edo publizitate modelo izateko eskaintza bat egoten zen... Hor atzean dagoen engainua argia da. Eta hamarraldi askotan zehar neska asko erori dira hor atzean». Adierazi du epaiketan argi geratu dela sarean «kontrolik gabe» zabaldu direla Cabezudok egindako argazkiak, eta irudi horien gaineko eskubidea izan arren ez zuela deus egiten hori eragozteko. «Eta horrelako zerbaitek ez badu ondorio penalik, hau oihanaren legea izango da». Intimitatearen kontrako delitu «etengabea» egozten dio, biktima guztientzat. Akusatuaren jokatzeko modu bat nabarmendu du, hori erakusteko: «Min eman nahi zienean, modeloen izenordea kendu eta benetakoa izena jartzen zuen». Emakumeak estutzeko modu bat zen, eta auzibidea saihesteko erabili nahi zuen: «Salatzen zutenei, izena eta abizena jartzen zizkien».

Osotasun «moralaren» gaineko delituak, adingabeak galbidera ematea eta sexu askatasunaren kontrako delituak ere egozten dizkio hainbat biktimarentzat akusazio partikularrak. Horiek ere «frogatuta» daudela argi du. Epaiketan hitz egin duten gurasoen hitzak nabarmendu ditu, adibidez. «Ez dago lekukotasun bakar bat guraso batena onartzen duenik bere alabari argazkiak biluzik egitea onartzen zuenik. 15 urterekin, 16 urterekin... Justu kontrakoa. Hitz egin duten hiru gurasoek esan dute justu kontrakoa». Sexu askatasunaren kontrako delituak zehazki hiru emakumeri egin zizkiela esan du. Eta froga sendoak daudela hor ere. «Dokumentatuta daude argazki eta bideoetan». Argi du ezin dela esan «baimenduta» zeudenik. «Izan ere, andre horiek hor zeuden argazki batzuk egitera joan zirelako». Testuinguru «profesional» betean zeuden beti. «Eta ez da testuinguru egokia. Modeloa ez doa hara akusatuarekin sexu harremanak izatera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.