Iruzurra ikertzeko, Alliot-Marieren etxea miatu du Poliziak

«Karguaz baliatzea» leporatuta, Frantziako Neuilly-sur-Seine herrian duen etxea eta aitarena miatu dituzte

Michelle Alliot-Marie, artxiboko argazki batean. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Donibane Lohizune
2014ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Michelle Alliot-Marie Donibane Lohizuneko auzapez ohia eta Frantziako Justizia eta Barne ministroaren etxea eta Bernard Marie haren aitarena miatu zituen atzo Frantziako Poliziak. «Karguaz baliatzea» leporatu diote alabari, Bernard Marie Miarritzeko auzapeza eta diputatua izan zen garaian, aitaren onuran aritzeko. Robert Gelli Nanterreko prokuradoreak baieztatu du inkesta dagoela abian Paris, Nanterre eta Miarritzeko jurisdikzioetan. Oren erdiz Alliot-Mariek Frantziako Neully-sur-Seine herrian duen etxea miatu du Poliziak. Bernard Mariek Donibane Lohizuneko Xantako auzotegian duen etxea ere miatu du. Kontrakoa zabaldu zen arren, Poliziak ez zuen miatu Alliot-Mariek Ziburun (Lapurdi) duen etxea.

2010etik 2012rako tartea ikertzen du Frantziako justiziak. Donibane Lohizuneko Turismo Bulegoarekin lotura duen elkarte bat eta Bernard Mariek Xantakon duen luxuzko hotelaren arteko lotura ikertzen du epaileak. Izan ere, Bernard Marie zen Filma Egile Gazteen Festibala antolatzen duen elkarteko presidentea. Elkarte horrek eta herriko etxeak hitzarmen bat zuten, eta, horren arabera, herriko etxeak nahi zuen komunikazioa egin zezakeen. Ordainean 24.000 euroko txekea ematen zion elkarteari. Preseski horretan ikusten dute delitu zantzua, Bernard Marie elkarteko presidente izateaz gain, hotelaren jabea delako. Orotara, 200.000 euro desbideratu zituztela dio inkestak.

Epaileak dokumentu komertzialak bilatzen ditu. Horregatik, hainbat dokumentu eskatu dizkio Turismo Bulegoari eta Donibane Lohizuneko Herriko Etxeari. Joan den ekainean ezarri zuten abian prozedura.

Alliot-Marie, lasai

Frantziako Parlamentuko telebistan egindako adierazpenetan, lasai dagoela jakinarazi du Alliot-Mariek. «Ezkerrak bultzatu du afera, eta helburu bakarra du: heldu diren udal hauteskundeetan abstentzioa bultzatzea». Le Monde egunkariak plazaratu du berria, eta hori, Alliot-Marieren iritziz, susmagarria da. «Le Monde egunkariak zabaldu du berria gertatu aitzin, eta, nik dakidala, ez da eskuineko egunkaria...».

Inkestarako epaileak eraman dituen dokumentuei balioa kendu die, erabat. «Inkestaren ardura zutenek ez dute gauza handirik eraman, borondatez lan egiteko agiri bat eraman dute, duela hamabost urte suprefeta batekDonibane Lohizuneko oposizioan zegoen hautetsi bati igorritako gutuna eta deus gutxi gehiago".

Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezak, berriz, agerraldia egin zuen atzo herriko etxearen ardura denak argitzeko. «Hitzarmena da Marie jaunaren eta Turismo Bulegoaren arteko lotura bakarra», nabarmendu du Duhartek. Erran du Nanterreko epailea Ipar Euskal Herrira jin dela eta goizean herriko turismo bulegoan izan dela, dokumentuak eskatzen. Atzo arratsaldean Herriko Etxera joan zen, herriko kontseiluan hartutako deliberoen eta hitzarmenen dokumentuen bila. Eskatutako dokumentu guztiak epailearen esku utzi ditu Herriko Etxeak. Honako dokumentuak eskatu ditu epaileak: 2010., 2011. eta 2012. urteetan elkarteei ematen zaizkien diru laguntzen deliberoak ; hitzarmen orokorrak eta ordainketen agiriak; aurrekontua eta Turismo Bulegoaren finantza orria onartzen dituen hiru urtetako deliberoak.

Auzapezaren iritziz, «biziki harrigarria» da miaketak egitea udal hauteskundeak izan baino bost egun lehenago. Jakinarazi du Herriko Etxeak diru laguntzak eman ziola festibalari 2010ean, 2011n eta 2012an. Duharten arabera, «2012 arte festibalaren antolaketarako 23.800 euro eman dizkio urtero Herriko Etxeak». Diru laguntzen adjudikazioa«prozedura garbi eta garden» batez burutu dela berretsi du auzapezak.

Horretan oinarrituz, Herriko Etxearen eta Bernard Marieren arteko loturarik ez dagoela azpimarratu du, elkarte baten zuzendari izatea ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.