'Irutxuloko Hitza'-ri eman diote prentsaren Argia saria, «eskuin muturraren gorakadari egin dion jarraipenagatik»

Gaur banatu dituzte 36. Argia sariak. 'Irutxuloko Hitza' ez ezik, EITB Kultura, 'BaDAbil!' podcasta, Oroibidea bilatzailea, Altxa Burua eta Ene Kantak ere saritu dituzte.

Argia sarien irabazleak, gaur arratsaldean. BERRIA
Argia sarien irabazleak, gaur arratsaldean. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko urtarrilaren 31
17:17
Entzun

Komunikazioan egindako lana aitortu dute 36. aldiz Argia sariek. Hain zuzen, gaur arratsaldean banatu dituzte, Usurbilgo Atxega jatetxean (Gipuzkoa), eta sei kategoriatako lanak saritu dituzte: ikus-entzunezkoa, prentsa, entzunezkoa, Internet, kanpainarik onena eta merezimenduzkoa. Prentsa saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, «eskuin muturraren gorakadari egin dion jarraipenagatik».

Banan-banan igo dira sarituak Antton Mendizabalek egindako garaikurra jasotzera —azken aldiz arduratu da Mendizabal horiek egiteaz—, eta Argia-ko ordezkariek aletu dituzte sariok emateko arrazoiak. Banatu duten lehen saria ikus-entzunezkoen arlokoa izan da; EITB Kulturak jaso du, «euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik». Argia-ren irudiko, bistakoa da kultur sorkuntza bizirik dagoela, eta horrek badu erakusleihorik telebista publikoan. EITB Kultura «mimoz eta gustuz» egindako erakusleihoa dela diote: «Hau da guk ikusi nahi dugun telebista; hau da jaso nahi dugun kultura; eta, noski, hau da entzun nahi dugun hizkuntza».

Prentsaren arloko aitortza Irutxuloko Hitza-rentzat izan da. Nagusiki, hiru arrazoi eman dituzte: «eskuin muturraren gorakadari» egindako jarraipena, «talde erreakzionarioen benetako aurpegia» erakusteko kalean egotea, eta aurten hogei urte beteko dituztela euskaraz «Donostiari buruzko bestelako kontakizun bat» egiten. Nabarmendu dute «joera autoritarioak eta Poliziaren indarkeria» areagotzen ari direla eta komunikabideek horren kontra ekin dezaketela, Irutxuloko Hitza-k egiten duen bezala: «Posizio editorial garbia, elkarlana oinarri, auzoetatik hasita eta gaiari gertuko kazetaritza jarraipena eginda, nahiz eta horrek faxisten seinalatzeak eta mehatxuak ekarri kazetariei».

Irutxuloko Hitza-ko ordezkariek saria eskertu dute, eta tokiko kazetaritzari beren-beregi gorazarre egiteko probestu dute sariak emateko ekitaldia. Adierazi dute begiratzeko modu bat dela tokiko kazetaritza, «behetik gora» begiratzekoa: «Tokian tokitik kontatzen da mundu osoa, eta mundu osoa da tokikoa».

Entzunezkoen arloko saria, berriz, BaDA!bil podcastak eskuratu du; Durangoko Azokaren bueltan bigarren aldiz ekoitzitako lana da, eta iruditzen zaie parada ematen duela, besteak beste, euskal kulturgintzaren panoramaz, euskarazko kulturaren transmisioaz eta sorkuntzaren prekaritateaz hausnartzeko: «Azkarregi bagoaz ere, eztabaidatzeko espazioak behar ditugu. Kulturak salbatuko bagaitu, izan dadila gisa honetako gogoetengatik».

Internet saria ere banatu dute; Oroibidea bilatzaileak eskuratu du. «Altxor bat da aspalditik senide galduaren bila dabilenarentzat». Argia-ko kideen esanetan, Nafarroa aitzindaria izan da oroimen historikoa berreskuratzeko lanean: «Senideak lehenak izan ziren fusilatutakoak lurpetik ateratzen, biktimen datuak kolektiboki bildu ziren herriz herri, eta beste hainbat ikerketa egin dira geroztik». Orain, informazio hori guztia nahi duen ororen esku jarri dute, bilatzaile batean. Azaldu dutenez, saritu duten Interneteko atariak milaka pertsonaren fitxak biltzen ditu. Baina ez hori bakarrik. Tresna horren bidez, ahozko testigantzak, funtsak, argazkiak, errepresioaren mapak eta beste hainbat material ere kontsultatu daitezke.

Altxa Burua azkenaldian hauspotutako mugimendu bat da. Eta, Argia-ren aburuz, haiena izan da kanpainarik onena. Honatx gorazarre egiteko eman dituzten arrazoiak: «Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lana, eta ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokan lortutako emaitzak». Nabarmendu dute Altxa Burua eskoletako digitalizazioa berriz aztertzeaz mintzo dela, deskonexio digitalaren garrantzia mahai gainean jarri duela, sare sozialek eta mugikorretako aplikazioek sortzen duten menpekotasuna dutela mintzagai, besteak beste, eta «korronte kritiko bat» bultzatu dutela.

Azkenik, Merezimenduzko saria ere eman dute; Ene Kantak izan da irabazlea. Abestiak eta bideoak Youtubera igo dituzte, euskaraz, eta oihartzun handia izan dute; egun, 250 bideo baino gehiago, 76.000 harpidedun eta ehun milioi ikustaldi baino gehiago dituzte. Azken hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik omendu dituzte, Argia sari bat emanda.

Facebooketik eta X-tik kanpora

Argia-k, sariak ematearekin batera, iragarpen bat ere egin du: ez dute jarraituko X eta Facebook sare sozialetan. Zera nabarmendu dute: «Gaurtik aurrera, Argia-k ez die bere edukia dohainik oparituko Facebooki eta Twitterri. Argia-k ez ditu gehiago elikatuko bi plataforma horiek, herritarrak publizitate jale bilakatu baitituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.