Apirilaren 16an okupatu zuen Iruñerriko Kontseilu Sozialistak Gelbentzu zinema areto zaharra, Iruñerriko Zentro Sozialistak bertan leku hartzeko. Arrosadia auzoan dago eraikina. Kontseiluko kideek salatu dutenez, Poliziaren jazarpena nabarmena izan da gazteek aretoa bere egin zuten unetik bertatik. Azkenik, Espainiako Poliziak asteartean hutsarazi zuen aretoa. Operazioa gaitzetsiz, Kontseilu Sozialistako kideek salatu dute joan diren egun hauetan guztietan ez dutela izan husteko agindurik «esku artean». Elkarretaratzera egin zuten atzo: 19:00etan bildu ziren atzo dozenaka lagun, eraikinaren parean.
Desalojoaren aurrean, Zentro Sozialistak aurrera! Poliziaren jazarpenik ez izan zuten atzo lelo. Iruñerriko Kontseilu Sozialistak irmoki salatu du polizien jarduna. Nabarmendu duenez, Poliziak «gau eta egun» zelatatu du eraikina, leihoetatik sartzen ahalegindu dira behin baino gehiagotan, jo dituzte ateak, eta barrenean ziren zenbait kide identifikatu dituzte, besteak beste.
Halaber, kontseilukoek azpimarratu dute zentro sozialisten «sortze, garapen zein defentsarako» mobilizatzeko beharra dagoela.