Atxiloketak

Iruñerrian atxilotutako hamar gazteak aske irten dira

Lauri talde kriminal bateko kide izatea egotzi die Poliziak. Abokatuetako baten arabera, ikerketaren jatorrian den polizia txostenak dio gazteek ETAren zatiketa baten ondorengo talde bat osatzen zutela.

jarraia196960.jpg
joxerra senar
2021eko apirilaren 29a
11:27
Entzun

Aste honetan Iruñerrian atxiloturiko hamar gazteak aske geratu dira gaur epailearen aurrean deklaratu ahala. Udaltzaingoaren egoitzan deklaratu dute, telematikoki, eta, azken 48 orduetan bezala, senide eta lagunak izan dituzte kanpoan zain gaur ere; txalo artean hartu dituzte irten direnean. Atzo, Poliziaren azken deklaraziotik abokatua atera arte izan ziren esperoan. Lehen gaztea 14:30ean atera da, eta azkena, ordubete geroago.

Auzitegitik jakinarazi dutenez, hamar gaztetatik lauri talde kriminaleko kide izatea egozten die Poliziak. Gainera, lau horiei eta beste hiru gazteri desordena publikoa eragitea, eraso egitea eta lesioak eragitea leporatu diete. Azkenik, hiru gazteri lesioak eragitea egotzi diete. Aske uztea erabaki duenez, epaileak ez du autorik atera, eta informazio hori ematera mugatu da epaitegia.

Gazteek uko egin diote deklarazioak egiteari. Dena den, galdeketa hasi aurretik, abokatuetako bat atera da goizean familiei zekienaren berri ematera. Atxiloketak egin zirenean sumarioa sekretupean zegoen, eta hala egon da azken orduetan, gaur goizera arte. Hala, defentsak tarte laburra izan du Poliziak bildutakoa ikusteko. Abokatu horrek azaldu duenez, ikerketaren jatorria Poliziaren txosten bat da, zeinak adierazten duen gazteek ETAren zatiketa baten ondorengo taldea osatzen zutela. Arrotxapea auzoko lagunarte bat «talde kriminal» bihurtu nahi izatea leporatu dio abokatuak Espainiako Poliziari. Gazteetako lauri egotzi diete hori.

«Oinarrizko eskubideak urratu dizkiete», esan du abokatuak. Nabarmendu du Espainiako Poliziak salaketa oinarritzeko txostenak zazpi liburuki dituela, eta, hura gainbegiratzeko izan duten tarte motzean, ondorioztatu du «kontu txikiak» direla. Adibidez, kartelak jartzea egotzi diete, eta hori asko jota isunekin zigortzen da. Halaber, txostenetan aipatzen da baimendu gabeko manifestazioetan parte hartu dutela. Abokatuak gaineratu duenez, bertso ekitaldietan edo gaztetxeko kultur ekitaldietan parte hartu izana aipatzen da txostenetan.

Horrez gain, haien arteko telefono deien zaintza egin du Poliziak, azken lau hilabeteetan. Ikusitako transkripzioak gisa honetakoak dira, abokatuek esan dutenez:

-Joango gara frontoiraem>>

-Ez, hotza egiten du

Beste batean:

-Ez dut dirurik liburua erosteko Katakraken.

Abokatuaren arabera, Espainiako Poliziak urtarriletik kontrolatu dizkie telefonoak.

Atxilotuetako lauri «talde kriminala» osatzea egotzi die Poliziak, abokatuaren arabera. Guztiak ere txikitako lagunak dira; Arrotxapeko ikastola batean ezagutu zuten elkar. Bi anaia daude atxiloturikoen artean.

Sei abokatu daude saioan, bat ofiziozkoa. Gazteak Udaltzaingotik telematikoki ari dira deklaratzen; abokatuak, epaitegitik. Ematen du abokatuek ez dutela denbora askorik izan polizien akusazioaren atzeko informazioa kontsultatzeko.

14:30ean atera da lehen gaztea eta azkena ordubete geroago. Tentsio une bat egon da, Poliziak pandemiagatik jende multzo handia ez elkartzeko ohartarazi baitu. Aske geratu ostean, abokatuetako batek esan du ez duela deklaraziorik egingo. Familiek aztertu egin nahi dute egoera. Azken hiru egunak tentsio handikoak izan dira senideentzat eta lagunentzat. Udaltzaingoaren eraikin aurrean eman dituzte. Poliziaren ikerketaren zantzuen nondik norakoak ezagutzeak ere kezka eragin du. 

«Ziurgabetasuna erabatekoa da»

«Ziurgabetasuna erabatekoa da». Asteartean Iruñean atxilotua izan zen gazteetako baten amaren hitzak dira horiek. Espainiako Poliziak hamar gazte atxilotu zituen herenegun —bederatzi Arrotxapea auzoan, eta bat Burlatan—, eta Iruñeko Udaltzaingora eraman zituzten. Han igaro dituzte azken 48 orduak. Asteartean bezala, atzo goizean atxilotutakoen senideak eta lagunak elkartu egin ziren udaltzainen eraikinaren kanpoaldean, eta informaziorik apenas zutela azpimarratu zuten.

Apurka, asteartean hasitako operazioaren inguruko xehetasun bakan batzuk jakin ahal izan dira. Hasieran zortzi gazte atxilotu zituztela aurreratu bazuten ere, astearte gauean baieztatu zen hamar izan zirela. Operazioa Iruñeko 5. instrukzio auzitegiak agindu zuen, une hartan guardian zegoelako. Litekeena da, hortaz, epaitegi horrek hartzea auziaren instrukzioa. Operazioa agindu zenean, sumarioa sekretupean zegoela adierazi zieten poliziek gazteen gurasoetako batzuei, eta hasiera hartan ez zieten utzi haiekin egoten eta mintzatzen.

Abokatuekin egon dira

Dena den, ez daude inkomunikatuta. Azken orduotan, gazteek telefono deiak egin ahal izan dituzte, eta haiei arropa emateko aukera izan dute abokatuek. Era berean, Poliziaren aurrean deklaratu aurretik abokatuekin mintzatu ahal izan ziren atzo, zer moduz dauden jakiteko eta defentsaren nondik norakoak azaltzeko. Galdeketa ere abokatuekin batera egin ahal izan zuten.

Dena den, diferentziak egon dira. Operazioa egin aurretik, gazteetako lauk ez zuten abokaturik, eta astearte arratsaldean egin zieten galdeketa, ofiziozko abokatuarekin. Gainerako sei gazteei dagokienez, euren konfiantzazko abokatuekin egon ahal izan ziren. Atzo, Poliziak beste bi gazte deitu zituen deklaratzera, eta, hortaz, hamabi dira operazioan inplikatutakoak.

Oraindik nahasmen handia dago gazteei leporatutakoaren inguruan. Asteartean jakin zenez, atxilotuetako bati talde kriminal bat osatzea eta desordena publikoak eragitea leporatzen zioten, baina ikusteko dago guztiei delitu berak egozten dizkieten edo ez. Abokatu desberdinak daude, eta gaur epailearen aurretik pasatzean jakingo da zehazki zer kargu leporatzen dizkien epaileak. Hainbat komunikabidek aipatu dute Arrotxapea auzoan azaroaren 7an izandako istiluetan parte hartzea egotzi dietela, besteak beste.

Talde kriminalaren kasuan, aurrekari bat dago. 2016an, Indar Gorri Osasunako zaleen taldeko hamazortzi kide atxilotu zituzten, eta azkenean horietako 11 auzipetu zituzten. Instrukzio epailearen tesia zen oro har Indar Gorri ez zela talde kriminala, baina auzipetuei akusazio hori egin zien. 2018an zen epaiketa egitekoa, baina defentsak akordioa lortu zuen akusazioarekin. Urtebeteko zigorrarekin eta isunarekin amaitu zen.

Kontuan hartu behar da, gainera, azken bi asteetan bi operazio egon direla Iruñean. Zerikusirik ez dute elkarren artean, baina iragan astean Poliziak LABeko sei kide atxilotu zituen, N-121 errepidea trabatzeagatik garbiketa sektoreko lan gatazkaren testuinguruan eta CEN patronalaren egoitzan protesta bat egiteagatik. LABek salatu zuen ez zela beharrezkoa halako operazio bat egitea.

Herenegun, Arrotxapean, elkarretaratze bat egin zuten, eta 400 lagun inguru elkartu ziren. Amaieran, handik gertu, Poliziak bertan parte hartu zutenetako batzuk identifikatu zituen. Atzo, 20:00etan, atxilotuak aske uzteko eskatu zuten berriro.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.