«Espero dugu Enrique Maiak neurriak hartuko dituela». Iruñeko alkateari eredugarritasunez jokatzeko eskatu diote Joseba Asironek eta Endika Alonsok, EH Bilduko zinegotziek. Zehazki, Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotziaren eta haren arloko zuzendari Patxi Fernandezek kargutik kentzea galdegin diote. «Alkateak babestuko balu afera hau, hau guztia argitzeko prozedurarik eraginkorrena bilatuko luke EH Bilduk», azpimarratu du Asironek.
Iazko urriaren 15ean, Javier Labairu Navarra Sumako zinegotzi eta Iruñeko Herritarren Segurtasuneko hautetsiak Iratxeko Monastegia kalean aparkatu zuen bere autoa, zona urdinean. Dornier enpresako langileak egiaztatu zuen autoak ez zuela txartelik edo tiketik jarrita. Zinegotziek ibilgailuentzako baimen berezia eskatzeko eskubidea dute euren jarduerarako, baina araudiak behartu egiten ditu ikus daitekeen tokian jartzera. Txartel hori begi bistan ez zegoela egiaztatu ostean, garabiak erretiratu egin zion handik gertu dagoen dagoen biltegira. Handik lau ordura, zinegotziak autoa biltegitik atera zuen.
EH Bilduk salatu du Javier Labairuk ez zuela ordaindu herritar orori exijitzen zaion isunik. «Herritarren Segurtasun arloko zuzendariak ez ordaintzea eta, gainera, hori ezkutatzen ahalegintzea, etikoki gaitzesgarria da». Kasurik arinenean, «faboritismo adibide argi» bat dela azpimarratu du Joseba Asironek.
Zazpi hilabeteko itzulinguruak
Koalizioak bi aldiz eskatu zion udal gobernuari udal biltegitik isuna ordaindu gabe erretiratu izan diren autoen espedienteak emateko, baina, datuen babeserako legea edo eskaera gaizki egin zela argudiatuta, ukatu egin zitzaien. Udal batzetako idazkariari txosten bat eskatu behar izan zioten argitzeko ea udal talde batek informazio hori eskatzeko aukera duen, eta hark baimena eman zuen. Ondoren, datuak babesteko zerbitzuari txosten gehigarri bat eskatu zion udal gobernuak, eta hark ere udal taldeen eskumena zela aitortu zuen.
Zazpi hilabetez jardun du koalizio abertzaleak informazio eskatzen, harik eta Endika Alonso eta Joxe Abaurrea zinegotziek udal biltegira joateko aukera izan zuten arte. Espedienteak begira ari zirela, Labairuren espedientean eskuz idatzitako orri bateko agiria baino ez zegoela egiaztatu ahal izan zuten. Normalean, posta elektroniko bidez, garabien arloko udaltzainburuak ematen du baimena, isunik ordaindu gabe autoa erretiratu ahal izateko (baimendutako kasu bereziak izan ohi dira). Kasu honetan, aldiz, beste departamentu bateko udaltzain batek sinatu zuen eskuz idatzitako dokumentu hori. Endika Alonsoren arabera, Labairu eta udaltzain hori lagunak dira.
«Azkenean, baduzue»
Alonsok gaineratu duenez, espedienteak begiratzen ari zirela, Patxi Fernandez arloko zuzendaria alboan izan zuten, une oro, eta informazioa aurkitzean hau esan zien: «Azkenean baduzue bil zenbiltzatena». EH Bilduren arabera, emandako informazio hori guztia eta azken esaldi horrek agerian uzten du informazioa ezkutatzen saiatu direla, eta herritarrei jakinarazi die Navarra Sumaren kudeaketa txarraren beste adibide bat dela. Alonsoren arabera, agerikoa da eskuz idatzitako orri hori «gutxien-gutxienez erabat ohiz kanpokoa» dela.
Asironek azpimarratu du herritarren aurrean trafiko kontuetan eredugarri jokatu behar lukeen lehen pertsona izan dela araudiei izkin egin diena, eta, horregatik, uste du dimisioa eman behar lukeela. Halaber, informazioa ezkutatzen ahalegintzeagatik, Patxi Fernandez arloko zuzendariak ere kargua utzi behar duela deritzo. Azkenik, barne ikerketa bat egiteko eskatu du.