Gizonek 127 emakume hil dituzte 2003tik Euskal Herrian. Horietako bi aurten: duela hilabete, 63 urteko gizon batek 84 urteko ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia), eta herenegun, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta. Emakumea ospitaleratu egin zuten, eta ordu batzuk geroago hil zen erietxean, zauriengatik. Epaileak gaur erabaki du gizona espetxera sartzea.
Atzo Irungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Emakundek eta Eudelek hilketa gaitzetsi zuten, eta gaur Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak protokoloa aktibatu duela jakinarazi du; Eusko Legebiltzarrean minutu bateko isilunea egin dute.
Emakumeen Mundu Martxakoek hilketa gaitzetsi dute: «Emakumeak emakume izateagatik erailtzen gaituzte eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak behar ditugu hemen eta orain. Egungo instituzioen pasibotasunaren eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu». Indarkeria matxistaren «konplize orori» ardurak eskatzeko prest daudela gogoratu dute, baita erakundeei «minutu bateko isilunea baino zerbait gehiago egiteko eskatzeko» ere.
Autodefentsa feministarako deia egin dute: «Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu, eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak». Era berean, Irunen eta Euskal Herriko bertze hainbat txokotan eginen diren elkarretaratzeetan parte hartzera dei egin dute. Zabaldu dutenez, Bilbon, Irunen eta Iruñean gaur eginen dituzte kontzentrazioak 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan, hurrenez hurren. Donostian, berriz, bihar 13:00ean elkartuko dira, Bulebarrean.
Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ere hilketa gaitzetsi du: «Beharrezkoa da salaketatik harago matxismoa amaituko duen erantzun kolektiboa antolatzea. Jarrera matxistak goraka doazela ikusita, mobilizatzeko garaia da». Hala, mobilizazioak iragarri dituzte.
Erakundeak
Eusko Legebiltzarrean, berriz, minutu bateko isilunea egin dute gaur, hilketa gaitzesteko. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak hartu du hitza saioaren hasieran: «Indarkeria matxista gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen erakusgarririk larriena da, eta botere harremanetatik dator».

Irungo Udalak atzo iluntzean egin zuen hilketa salatzeko elkarretaratzea: «Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak emakumeen osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoak dira, eta, ondorioz, giza eskubide guztien urraketa larri eta onartezinak. Matxismoaren adierazpenik larriena da hilketa, baita lehen mailako gizarte arazoa ere, duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka egiten baitu, batez ere pairatzen eta aurre egiten dioten emakumeen aurka». Ildo horretan, herritar guztiei dei egin zieten «indarkeriaren aurkako borrokan zeregin aktiboa» izatera. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak kontzentrazioan parte hartu zuen, eta gaur eguerdian foru egoitza guztietan egin diren elkarretaratzeetan parte hartzera deitu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak.
127 emakume
Hilabete eskasean bi emakume hil dituzte gizonek Euskal Herrian. Iaz, sei emakume hil zituzten. Maiatzean, 33 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko Paris hotelean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Hamabortz egun lehenago, emakumea artatu behar izan zuten Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori zelako. Emakumea ospitaletik desagertu zen maiatzaren 1ean, eta handik bi egunera atzeman zuten gorpua.
Erlazionatuta
Irailaren 11ko goizaldean, berriz, gizon batek 31 urteko bikotekidea hil zuen, Yanely Gonzales, Bilboko Santutxu auzoan, arma zuri batekin. Urriaren 8an, Iruñeko Arrotxapea auzoan, gizon batek Kayle Villar Pons hil zuen, labankadaz. Biktimak 20 urte zituen, eta etxabe batean bizi zen. Bertan bizi zen gizon batek hil zuen ustez, aurrez hainbatetan liskarrak izan eta mehatxuak egin ostean. Euskal Herrian, Pasaian (Gipuzkoa) izan zen iazko azken hilketa: 53 urteko gizon batek bikotekide ohia hil zuen, suzko arma batekin. Panaman, Eneritz Argintxona Fraile hil zuten uztailean. Costa Rican boluntario zebilen, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak haren desagerpena salatu berritan. Poliziak bi gizon atxilotu ditu, eta feminizidio gisa ikertzen ari dira kasua.
Laure Zacchello 43 urteko emakumea ekainean desagertu zen, Urruñan (Lapurdi): Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu zuen ustezko hilketagatik. Haren senarra atxilotu, eta behin-behinean preso sartu zuen Frantziako Poliziak. Ekainean egin zuen agerraldian, prokuradoreak erran zuen hipotesi guztiak zabalik zeudela, baina indarkeria matxistako kasu bat izatea lehenetsi zuen. Zacchelo senarrak hil zuela uste du, eta hura bizirik aurkitzeko aukerak urriak direla. Joan den abenduaren 31n gizonak aske utz zezatela eskatu zuen, eta datorren asteartean ebatziko dute eskaera.