Irungo 80 urteko bizilagun bat etxegabetua izateko arriskuan dela salatu dute gaur, Donostian. Bizitza erdiz haren etxebizitza izan da. Banku bati eman zion haren abala mailegu bati aurre egiteko, finantza krisiaren ondorioz semeak ordaindu ezin izan zuen negozio baten ondorioz. Hiru urterako alokairua ere sinatu zuen, luzatu ezinekoa. 2021eko urtarrilean bete ziren hiru urte horiek, eta etxebizitza Promontoria Coliseum putre funtsaren esku geratu zen. Irungo Udalaren laguntzarekin, beste urtebetez atzeratu zuen kontratuaren amaiera. Ez zuen putre funtsaren erantzunik jaso, harik eta iazko uztailean, kontratua amaitu eta sei hilabete ingurura, etxebizitza uzteko eskatu zieten arte. Irundarrak gaurkoa zuen berez horretarako azken eguna.
Bere horretan jarraitu du bizilagun horrek: «Nahi dudan bakarra alokairu kontratua berritzea da». Hainbat eragilerekin, sindikaturekin eta alderdietako kiderekin batera, Donostiako Askatasunaren hiribidean elkartu da; mailegua eman zion bankuaren egoitzaren parean, hain zuzen. Angel etxean geratuko da! Funts putreak, kanpora! lelopean bildu dira; baita Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa goiburupean ere. Kaleratzeak Stop, Alokairu Benta Berrik eta Azora funtsaren kaltetuen elkarteak deitu dute elkarretaratzera.
Kaleratzeak Stop plataformako Rosa Garciak hitza hartu du, eta azaldu du putre funtsari eskaintza bat egin diotela: 600 euro hileko, zazpi urtez. Oraintsu arte 315 ordaindu ditu hilean etxegabetze arriskuan den bizilagunak. Kontratu berri horrekin, berriz, 400 euro ordainduko lituzke, eta beste 200 Irungo Udalak. Eskaintza egin, egin diote Promontoria Coliseum putre funtsari. Baina erantzunik ez dute jaso oraindik. «Kalera bota nahi dute [bizilaguna], etxebizitzarekin espekulatzeko eta 800-850 euroko alokairua jartzeko», erantsi du Garciak.