«Emakundek berak uste du ezinbestekoa dela alarde parekideak erantzuna izatea V. Berdintasun Planean», Irungo Udaleko Berdintasun ordezkari Miren Etxebestek egin zuen atzo jakinarazpena, IU-Elkarrekin Podemoseko taldekideen ondoan egindakoagerraldi batean. Orain arte Irunen ondu diren berdintasun planetan inoiz ez da aipatu alardearen gaia, baina hori aldatzearen alde ari dira eragile asko, eta Emakundek ere horren alde egin duela nabarmendu du Etxebestek.
Abenduan egin zuen salaketa bati lotuta etorri da Emakunderen erantzuna; orduan, Etxebestek esan zuen berdintasun plana ontzeko herritarrekin batera egin zen prozesuak eman zuen agiriaren ordezko bat egin zuela Jose Antonio Santano alkateak, eta bigarren testu horrek helburu bakar bat zuela: jatorrizkoan alardearen inguruan eginda zeuden aipamen guztiak kentzea. PPren eta EAJren babesarekin dokumentua «balorazio eta kontraste teknikorik gabe» onartu zuela salatu zuen Berdintasun ordezkariak, eta ezin onartuzkoa zela hori.
Alkatearen jokabide horren ondorioz, berdintasun planaren bi bertsio jaso zituen Emakundek. Miren Etxebestek azaldu duenez, Santanok bidalitakoa lehenetsi du Emakundek, baina adierazi du gomendatutako aldaketen artean «ezinbestekoa» dela alardea aipatzea.
Prozesuari babesa
«Esan dezakegu Emakundek arrazoia eman diola prozesu parte hartzaileari, bertan ordezkatuta dauden elkarte eta kolektiboei, Berdintasun Batzordean talde politikoak ordezkatzen dituztenei, eta planaren zirriborroa egin zuten teknikariei», azaldu dute gaur Elkarrekin Podemoseko-IUko ordezkariek agerraldirako atera duten oharrean. Miren Etxebestek esan du Emakundek egindako txosten «sakonean» aipatzen diren aldaketa proposamenak aintzat hartuko dituztela orain Berdintasun Batzordean, eta Santanok ondu zituen testura eramango dituztela egokitzapen horiek. Guztiak; baita alardeari buruzkoa ere.
Espero dute gero hori izatea alkateak udalbatzara daraman testua, han plana onartzeko. Beste era batera jokatzen badu, Emakundek esandakoei muzin egiten badie, «errespetu instituzional falta handia» erakutsiko duela esan du Etxebestek. «Orain planteatzen den galdera da zer pauso emango dituen Jose Antonio Santano alkateak eta babesa eman dioten alderdi politikoek».
Irungo berdintasun planean alardea sartzea ezinbesteko jo du Emakundek
Irungo alkate Jose Antonio Santanok aldaketa proposamenak aintzat hartzen ez baditu «errespetu falta instituzionaltzat» joko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu