Irungo alardea

Irungo alkateak lehenengo aldiz harrera egin dio alarde parekideari

«Egun historikoa» izan da, alarde parekideko jeneralaren esanetan. 1.900 gizon-emakume inguruk parte hartu dute desfilean. Lehenengoz gizonezko bat atera da kantinera

Festa giroaz gozatu ahal izan dute Irungo alarde parekideko parte hartzaileek. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Irati Urdalleta Lete
Irun
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
«Bazen garaia». «Hau marka, hau marka». Irungo (Gipuzkoa) udaletxearen aurrean dagoen San Juan plazatik zeharka bezala begiratzen zuten batzuek udaletxeko balkoira; burua bueltatu eta zuzen-zuzenean beste batzuek. Harridura keinuak eta marmarrak. Bai, han zegoen. Jose Antonio Santano alkateak (PSE-EE) atzo egin zion aurreneko aldiz harrera alarde parekideari, emakumeek Irungo alardean ateratzeko lehen saiakera egin zutenetik 27 urtera eta lehenengoz alarde parekidea atera zenetik mende laurdenera. Ez zen bakarra izan: alarde mistoa babestu zuten PSE-EEko, EAJko, EH Bilduko, PPko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek ere.

Herritarrei besoetako ileak laztu zitzaizkien arrankadarekin, urtero bezala. Azken urteetan bezala, txalo artean igaro zuten Urdanibia plazatik San Juan plazara doan San Martzial kalea. Eta hunkitu ziren ikusleak eta parte hartzaileak Oihana Briones EH Bilduren Irungo Udaleko bozeramaileak hiriaren bandera alarde parekideari eman zionean. Baina atzokoa ez zen izan beste alarde bat. Maite Bergara alarde parekideko jeneralak berak hala aitortu zuen: «Egun historikoa da».

Bi arrazoi eman zituen esana berresteko. Batetik, parte hartzaileak: beste konpainia bat batu zen alarde mistora, eta, gainera, gizon bat atera zen lehenengo aldiz kantinera: Antxon Jauregi Vidal. «Oso balorazio ona egiten dut. Jende pila bat elkartu gara, eta giroa oso alaia izan da», nabarmendu zuen Bergarak. Honatx hark emandako datua: 1.900 pertsona inguruk parte hartu zuten. Bestetik, eguneko albistea, Santanoren harrera: «Irungo alkatea harrera egitera atera da; eta ez bera bakarrik, baizik eta udalbatza osoa. Bazen garaia». Baina Bergarak argi du Santanok baduela zereginik: «Pauso gehiago eman behar ditu: alarde bakarra egin behar dugu, guztion alardea. Eta listo».

Goizean goizetik nabari zen zerbait bazetorrela. Alarde baztertzailea San Juan plazatik alde egiten ari zela eta udal garbitzaileak udaletxearen aurrealdea garbitzen ari zirela, Irungo udaletxearen barruan giro berezia zuten. Zurrumurru bat hedatu zen azkar: Santano balkoira atera zitekeela. Izan ere, azken 25 urteotan alarde baztertzaileak udaletxe aurretik alde egiten zuenean, alkateak ere utzi egiten zuen udaletxea. Atzo, ordea, Santano han geratu zen. Handik minutu gutxira gertatu zen ordura arte ikusi gabekoa: Santano bere bulegotik atera zen, eta udalbatzaren aretoko balkoi nagusira irten zen, udal talde osoarekin. Alarde parekidea San Juan plazatik Junkal elizaren aurrealdera joan ahala, Santano bere bulego ondora itzuli zen; han erantzun zituen bere presentziak sortutako galderak. Ondoan zituen Miguel Angel Paez Irungo Udaleko PSE-EEren bozeramailea eta lehen alkateordea, Xabier Iridoi EAJren bozeramailea eta Iñigo Manrique PPrena; haien izenean ere hitz egin zuen.

Santano, «guztien alkatea»

Santanok nabarmendu zuenez, beren lehentasuna izan da «bizikidetza eta errespetua» ez hondatzea. «Uste dut lortu dugula». Atzo urrats bat egin zutela gaineratu zuen, baina bi alardeei aitortu zien zilegitasuna: «Irunek alardea ulertzeko bi modu ditu. Biak dira, legearen ikuspegitik, ez soilik onargarriak; legearen babes osoa dute. Bat gehiengo batena da, eta bestea, gutxiengo batena. Ni guztien alkatea naiz». Gainera, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi mintzatu zitzaien, leporatuz ez zirela egon alarde baztertzailearekin: «Udalaren gehiengo bat bi alardeetan dagoenez, gustatuko litzaidake haiek ere urrats hori egitea. Urrats hori gizartea aitortzeko eta herritar guztiak errespetatzeko da. Pilota haien teilatuan dago, eta horri erantzun beharko diote». Santanok, orain arte, agurra ukatu izan dio alarde parekideari. Gainera, aurtenIrungo Berdintasun Plana ondu dute, eta alardea ez dute aipatu ere egin alkatearen ekimenez, PSE-EEren eta EAJren botoekin.

Oihana Briones izan zen beste protagonistetako bat, hura arduratu baitzen emakumeak eta gizonak onartzen dituen alardeari hiriko bandera emateaz. Santanok orain arte izandako jarrera kritikatu zuen. Horrenbestez, «albiste ona» iruditu zitzaion atzokoa, baina ez nahikoa: «Espero dugu udalak alardea antolatu ahal izateko lehen urrats bat izatea».

Brionesez gain, koalizio abertzaleko ordezkaritza zabala egon zen Irungo udaletxean. Maddalen Iriartek, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren eledunak, adierazi zuen Santano balkoian egon izana «aurrerapauso bat» dela, baina «berandu» eman duela.«Urrats gehiagotan lehena izan beharko litzateke, udalak antolatu dezan mundu guztia kabitu ahalko den alarde bat». Mertxe Aizpuruak ere, Espainiako Kongresuko EH Bilduren diputatuak, «urrats» hitza ahoskatu du: «Erakundeak emakumeen eskubideak babesteko ere badaude, eta gizartearekin egindako konpromisoak betetzeko».

Elkarrekin Podemoseko Gipuzkoako Batzar Nagusietako eleduna ere, Miren Etxebeste, joan zen Irungo udaletxera.Alarde publikoa defendatu zuen: «Espero dugu Irungo Udalak antolatzea tradizioa, herriarekin batera: alarde publiko bat. Horrek izan beharko luke legegintzaldiko helburu nagusietako bat».

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak adierazi zuen «pozgarria eta hunkigarria» dela alarde berdinzalea ikustea; bere lehen aldia izan da Emakundeko zuzendari gisa alarde mistoa ikustera joaten. Gizarte «berdinzaleago» bat izateko keinuak ikusi dituela esan zuen, eta etorkizunean jarri zuen soa: «Oso garrantzitsua da hurrengo belaunaldietara herri gatazka bat ez pasatzea. Horretarako, oso garrantzitsua da belaunaldi berriekin lan egitea eta gazteengan itxaropena jartzea».

EAEko Arartekoaren ordezkariak ere egon ziren. Arartekoak ohar baten bidez nabarmendu zuen «Irungo jaietan emakumeek berdintasunez parte hartzeko eskubidearen alde» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.