Bereizgarritasun bat izan dute orain arte Irunen (Gipuzkoa) ondu diren berdintasun planek: ez dute inoiz «alardea» aipatu ere egin. Igaro hamarraldiotan hirian berdintasun faltarekin lotutako arazo argienetarikoa izan da alardea; zaila eta luzea izan da hiriko andreek herriko jaietan urtero egiten den ekitaldi horretan parte hartzeko egin behar izan duten bidea, eta, horiek horrela, urte askoan eskeak egin dira hiriko berdintasun planetan gaiari dagokion tokia emateko. Aurten, urtarrilean abiatu zen plan berria egiteko prozesua; hiriko eragile askok hartu dute parte prozesuan, agertu egin da berriro «alardearen» auzia, eta, Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak (Elkarrekin Podemos-IU)atzo agerraldi batean azaldu zuenez, gaia jasota dago urriaren 27an egin zen Berdintasun Mahaian onetsi zen testuan. Aldeko 11 boto jaso zituen testuak, eta hiru abstentzio: hiriko emakume talde batena, eta PSE-EE eta PPrena. Etxebesteren aburuz, aldeko boza ez ematean ez da geratu, ordea, Irungo alkate Jose Antonio Santano; ordezko testu bat garatzeko prozesua gidatu du ordutik, xede nagusi batekin: «Alkateak alardearen elementua ezabatu nahi du V. Berdintasun Planetik».
Urriaren 27ra arte plana egiteko administrazio prozesua «normaltasun guztiz» egin zela azaldu zuen Etxebestek. Udal taldeen eta hiriko beste kolektibo askoren «ekarpenak» jasota daudela bertan, eta jaso beharreko «kontraste guztiak» dituela testu horrek. Hala ere, Etxebestek salatu zuen egun horretan bertan alkateak testu hori moldatzeko prozesua hasi zuela, eta «udal arautegitik eta ohiko administrazio prozesutik kanpo» egin zuela hori. Etxebestek uste du horren xede bakarra dela dokumentua «ateak itxita» eztabaidatu ahal izatea, eta ezin onartuzkoa deritzo.
«Funtsean» aldatua
Alkateak abiatutako prozesu paralelo horren ondorioz, jatorrizko dokumentua «funtsean» aldatu dute. Etxebestek azaldu zuenez, EAJren eta PPren sostenguarekin onetsi dira aldaketa horiek. Eta, asteon, ordezko dokumentu hori Berdintasun Zerbitzura bidali du Santanok, eta udaleko talde teknikoari eskatu dio aldaketa horiek egiteko planean. Etxebestek salatu zuen ezin dela horrelakorik egin inolako «balorazio eta kontraste teknikorik gabe».
Jatorrizko testua bidali du jada Emakundera Etxebestek, eta Santanok ere berea bidaltzen badu, plan beraren bi testu izango dituzte han. Udal gobernuan PSE-EErekin dago Elkarrekin Podeos-IU; alardearen gainean desadostasunak dituzten arren, gainerakoetan «oso ados» daudela esan zuten atzoko agerraldian.
Irungo alkateak «ezabatu» egin nahi du «alardea» Berdintasun Planetik
Elkarrekin Podemos-IUk leporatu dio Santanori «udal arautegitik kanpo» ordezko dokumentu bat egitea, PPren eta EAJren babesarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu