Jose Antonio Santanok baietz esan dio Espainiako Gobernuak egin dion proposamenari, eta Irungo alkate postua utziko du, Madrilen Garraio idazkari postua hartzeko.
Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren ministro berriak deitu dio Santanori, postua eskaintzeko.
PSE-EEko kideak 21 urte egin ditu Gipuzkoako hiriko alkatetzan, eta seigarren agintaldia hasi berri zuen. Izan ere, maiatzeko udal hauteskundeen ostean alkatetza eskuratu zuen EAJk eta PPk abstentzioa eman ondoren.
Trenbideei loturiko gaien inguruan egingo du lan postu berrian. Joan zen abenduan Bordele eta Irun arteko trenbidea berritzeko eskatu zuen, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezarekin eta Bordeleko (Okzitania) Pierre Hurmicekin batera. Esan zutenez, AHTaren proiektua «ez da sinesgarria», eta hori da gaur egun dagoen «alternatiba bakarra». Indar politiko, ekonomiko eta sozialei dei egin zieten eskaerarekin bat egiteko.
Litekeena da Cristina Laborda Alboleak hartzea Irungo alkatetza, Santanoren ordez, hura izan baitzen bigarrena hauteskunde zerrendan.