Irungo alardea

Irungo alarde parekideak «mugarri historikotzat» jo du alkateak harrera egin izana

25 urteren ostean udaleko ordezkariek «eginbehar politiko eta etikoa» bete dutela azaldu du alarde parekideak. Espero dute «garaiarekin bat» egingo duen udal alarde bat sortzea izango dela hurrengo aurrerapausoa.

Bi mila lagunek hartu zuten parte joan den San Martzial eguneko desfile parekidean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko uztailaren 7a
15:44
Entzun

Jose Antonio Santano Irungo (Gipuzkoa) alkateak (PSE-EE) aurten egin dio harrera lehen aldiz alarde parekideari. Joan den ekainaren 30ean, 25 urte bete zituen emakumeak soldadu gisa onartzen dituen alardeak, eta egun horren balorazioa egin dute gaur. Mende laurdenaren ostean Irungo Udalak «egin behar politiko eta etikoa» bete duela azaldu dute: «Beti pentsatu dugu erakundeen egitekoa dela giza eskubideak bermatzea eta gizarte zuzenagoen eta berdinagoen aldeko neurriak eta ekimenak aurrera eramatea».

«Garrantzi handiko aurrerapauso» gisa definitu dute, eta eskerrak eman dizkiete harrera egin zieten ordezkariei. PSE-EEko alkateak ez ezik, harrera egin zieten EAJko, PPko EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariek ere. Orain, alarde mistoak beste pauso bat emateko eskatu dio udalari: «Espero dugu hurrengo aurrerapausoa udal alardea antolatzea izango dela: bizi garen garaiarekin bat egingo duena, irundar guztiok harro egoteko modukoa». Urteak daramatzate eskari horrekin, eta «ziur» daude «berandu baino lehen» ikusiko dutela.

San Martzial eguna «hunkigarria» izan zela adierazi dute. Bi mila lagunek hartu zuten parte desfile parekidean, eta mila ikusle inguru batu ziren. Alardearen antolatzaileek egun hartako errespetu giroa nabarmendu dute: «Ezin harroago gaude ekainaren 30ean nagusitu den jai giroaz eta errespetuaz».

Aurtengo alardearen berrikuntzak ere azpimarratu ditu alarde parekideak. San Migel auzoko konpainia batu da alarde mistora aurten. Horrez gain, konpainia horretako kide bat lehen gizonezko kantinera izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.