«Berriro gertatu da: beste behin ere, Irungo Udalak ez ikusiarena egin digu euskaldunoi». Irungo 35 eragilek bat egin dute salaketa egiteko, ohar bidez. Tartean daude hiriko eskola publikoetako guraso elkarteak, auzo elkarteak eta kultura, kirol eta beste arlo batzuetako elkarteak.
Eragileek, zehazki, udalak Gabonetako argiak pizteko ekitaldian izandako jarrera deitoratu dute: «Euskara eta euskaldunok existituko ez bagina bezala jokatu dute, noiz eta Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamunean, non eta bereziki haurrei zuzendutako ekitaldi batean. Euskara ikusezin». Hain zuzen, joan den asteazkenean izan zen ekitaldia. Eragileek gogora ekarri dute egun bat baino ez zela pasatu Euskararen Egunetik: «Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalak eta hitz polit eta potolo guztiak hutsalak dira ekintzaz lagundurik ez badaude; zurikeria merkea baino ez da, esaten denaren kontrakoa egiten bada».
Halaber, nabarmendu dute ezen, aipatutako kasua «are mingarriagoa» izanagatik, ez dela bakana: «Ez da lehen aldia; zoritxarrez, ohituta gaude, ohituegi, eta, mingarria bada ere, badirudi etsipenez hartzera ohitu garela». Orain, baina, dokumentua izenpetu dutenek salaketa publikoa egitea erabaki dute, Irungo Udalari aski dela esateko, eta jakinarazteko hemendik aurrera ez direla isilik geratuko. «Aski da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu!».