Iruñerriko mugimendu feministak bigarren aldiz bete du Gazteluko plaza. Ehunka eta ehunka herritar bildu dira ostegun gauean, 21:30 aldera, sanferminetan gertatu diren sexu erasoak gaitzesteko. «Nazkatuta» daudela adierazi dute elkarretaratzean hitza hartu dute emakumeek, eta nabarmendu dute, ostera ere, emakumeek eskubidea dutela festak askatasunez bizitzeko: «Ez gara etxean geratuko».
«Kaleak gureak dira» ohartarazi dute feministek, eta gizonei zuzendu zatzaizkie, eta esan diete euren buruak «kontrolatzeko» gai ez badira etxean gelditzeko. Uztailaren 6an festak hasi zirenetik, hemeretzi sexu erasoren salaketak ezagutu dira Iruñean; «intentsitate askotakoak» izan dira horiek: sexu ukituak, irainak, jazarpena eta bortxaketak ere bai. Lau eraso larriak izan direla zehaztu dute.
Uztailaren 7an beste elkarretaratze bat egin zuten Gazteluko plazan bertan, festaren lehen egunean bertan gertatu zirelako lehen sexu erasoak, baina beste elkarretaratze bat egiteko beharra ikusi dute, sexu erasoek ez dutelako etenik izan orduz geroztik.
«Ez erasorik egin, ez akosatu, ez bortxatu», esan diete mugimenduko kideek gizonei: «Uste baduzu erasotzaile bat izan zaitezkeela, ez ibili hortik, guk jarraitu nahi dugulako festan askatasunez, egunez eta gauez, eta ez gara etxean geratuko».
Uztailaren 7ko goizaldean salatu zituzten «intentsitate handiko» lehen bi sexu erasoak. Handik bi egunera heldu zen era horretako hirugarren salaketa, eta udalak egunotan jakinarazi du laugarrena. Uztailaren 9an agerraldi bat egin zuten feministek prentsaren aurrean, eta festaren eremu guztiak okupatzeko eskubidea aldarrikatu zuten: «Onartezina da gizon batzuek emakumeekin duten jarrera: ukitzeak, jokabide lerdetsuak, jazarpenak, hitz jario amaigabeak, bortxaketak, irainak... Nazkatuta gaude matxiruloez», azaldu zuen Iruñerriko Mugimendu Feministako kide Paula Garciak.
Esan zuen emakumeek ez dutela «bidesaririk» ordaindu behar festetan aske gozatu ahal izateko eta haienak ere badiren esparruak okupatzeko: «Kaleak, gauak, jaiak gureak dira. Hauek gure sanferminak dira, gure jaiak, eta ez gara inora joanen. Hobeto esanda: nahi dugun lekura joanen gara, eta askatasunez biziko ditugu gure jaiak». Feministek behin baino gehiagotan azpimarratu dute sanferminetan eta beste edozein festatan erasotzaileak direla «sobran» dauden bakarrak: «Gure hirian ez dugu erasotzailerik onartuko, eta kanporatuko ditugu; aurrean izanen gaituzue».
Ikusi gehiago
Iruñeko Udalak gogorarazi du 112 telefonoan salatu daitezkeela era guztietako eraso matxistak, eta ez dela beharrezkoa salaketa aurkeztea, eraso baten berri emateko. Sexu indarkerian formakuntza jasotako profesionalek eskainiko diote arta erasoa pairatu duen emakumeari. Mugimendu feministak ere eskuragarri jarri du eraso sexistak salatzeko telefono bat: 660-34 46 92.