Iruñerri harro bat

Korrikak aurrera jarraitzen du, eta Iruñetik pasatu da: jende oldeak hartu ditu kaleak, eta gainezka egin du hiriburuak. Erakundeei eskatu diete euskara Nafarroa osoan ofiziala egitea eta haren aldeko politika publikoak bultzatzea.

Korrika
Emakume bat lekukoa eskuan duela, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Irati Urdalleta Lete.
IRUÑEA
2024ko martxoaren 16a
20:29
Entzun

«Zabaldu bidea, zabaldu bidea; ez gara kabitzen». Iruñeko Udaletxe plazak jendez lepo hartu du Korrika, eta bidea ireki behar izan diote antolatzaileek. Euskararekin egin liteke alderaketa. Behar du zabaltzea, eta behar ditu hori zabaltzeko lan egingo dutenak, baita bide hori egitea erabakiko dutenak ere, euskara ikasiko dutenak.

Jendez lepo Udaletxe plaza, eta jendez lepo gainerako kaleak ere. Ongietorri beroa eman dio Korrikari Iruñeak. Kilometro berezietako bat izan da EHE Euskal Herrian Euskaraz-ena, bereziki, lekuko aldaketa: EHEk Nafarroako Parlamentuari pasatu dio lekukoa, baina ez lekukoa bakarrik, baita gutun bat ere. Irmo mintzatu dira «instituzio nagusien» jarreraren kontra: «Euskaltzaleok aspertuta gaude euskararen alde zaudetela adierazi eta jende asko biltzen den Korrika bezalako ekitaldietan argazkian agertu bai, baina, ondoren, egunerokoan, euskararen eta euskaldunon aurkako politika publikoak egiten dituzuela ikusteaz». Horren aurrean, eskatu dute euskarak ofiziala izan behar lukeela Nafarroa osoan.

«Iruñeko haur eskola publikoak hamazazpi dira; bakar bat daukagu euskarazko murgiltze eredua duena».

AINHOA JAUREGIIruñeko Euskalgintzako kidea

EHEk bezala, beste zenbait eragilek ere galdegiten dute erakundeen babesa Iruñean eta inguruetan. Ainhoa Jauregi, esaterako, Iruñeko Euskalgintza taldeko kidea da, eta haur eskolen egoeraz mintzo da bereziki. Hitz gutxi behar ditu egoera deskribatzeko: «Iruñeko haur eskola publikoak hamazazpi dira; bakar bat daukagu euskarazko murgiltze eredua duena, eta uste dut lau edo bost direla eredu mistoa daukatenak: euskarazko lerroa daukate, baina baita gaztelerakoa ere». Badute egoera aldatzeko esperantza, baina uste du presazkoa dela euskarazko murgiltzea hedatzea: «Uste dut itxaropena ez dela galdu behar, are gutxiago jakinda nortzuk dauden orain. Uste dut aldaketak egongo direla, baina batzuetan agian pixka bat berandu helduko dira. Egoera nahiko larria da ja».

Ez dira bakarrak. Administrazioen jarrera ez du begi onez ikusten Euskararen Defentsarako Sareko Joseba Otanok ere: «Nafarroako Gobernuaren jarrera, gutxienez haien espazioa euskalduntzeari dagokionez, nahiko txarra da. Iruñeko Udala ere puntu beltza izan da, eta ikusiko dugu hemendik aurrera, baina itxaropen handirik ez dugu; azken batean, PSNren botoa giltza da». Taldeak, baina, ez du hori onartzen, eta erakunde publikoen nahiz auzitegien «erasoen» aurkako protestak antolatzen dituzte.

«Nafarroako Gobernuaren jarrera, gutxienez haien espazioa euskalduntzeari dagokionez, nahiko txarra da».

JOSEBA OTANOEuskararen Defentsarako Sarea

Iruñean egin du Korrikak arratsaldearen zatirik handiena, baina Iruñerriko beste zenbait lekutan ere zabaldu du euskararen aldeko mezua. Antsoainen, Zizur Nagusian, Berriozarren... harro erakutsi dute badela herri euskaltzale bat.

Iruñerriak bero hartu du Korrika, baina ez Iruñeak bakarrik. Gaur, Pirinio inguruan hasi du goiza, eta, batez ere, eremu mistoan ibili da. Bete egin ditu herriak: Irunberri, Agoitz... Euskararen egoera ez da bereziki erraza gaur Korrikak igaro dituen herrietan. Soziolinguistika Klusterraren 2021eko kaleko erabileraren azterketak ematen du neurria: Iruñerrian, esaterako, elkarrizketen %3 dira euskaraz; Pirinio aldean, %4. Halere, bertako ehunka eta ehunka herritarrek egin dute bat euskararen aldeko aldarriarekin, eta, asteburua izaki, familian eta lagunartean egun-pasa joan dira euskaltzale asko eta asko.

Bihar ere bidean

Horretarako aukera egongo da bihar ere. Erriberan igaroko du eguna: pasatuko da Tafallatik, Faltzesetik, Tuteratik...  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.