Arnaldo Otegik Aberri Egunean, martxoaren 31n, Iruñean manifestatzera deitu ditu euskal herritarrak, «gertaera jakinetatik, mugimendu taktikoetatik, bozketa zehatzetatik eta hauteskundeekin zerikusia duten garai politikoetatik harago, Euskal Herriak bere izaera nazionala erreklamatzen jarraitzen duelako». Euskal Herria «banatutako herria» da oraindik ere, «aitortzarik gabea», Otegiren hitzetan, eta haren eskubide nazionalak «ez dituzte errespetatzen». «Euskal Herriaren izaera nazionala errespetatu behar da», helarazi du koalizio abertzaleko koordinatzaile nagusiak, eta erantsi «bizitza politiko eta instituzionalaren izaerari eragingo dion eztabaida» egitea oso garrantzitsua dela.
Aberri Egunaren deialdia egiteko agerraldian, Otegik azaldu du Euskal Herriak merezi duela «nazio gisa errespetatua» izatea, eta ez bakarrik «horrek nortasun nazionalarekin lotutako eztabaida» ekarriko lukeelako, baizik eta «plurinazionalitateak eduki sozialak ere» badituelako. Horregatik, uste du Espainiako Estatuak «bere izaera plurinazionalari nola aurre egiten dion» aztertzen egon beharko lukeela dagoeneko.
Aberri Eguneko Iruñeko manifestazioa «sosegu osoz» egingo dela aurreratu du, ez ei direlako EH Bilduren interesekoak «lokatza, krispazioa eta zarata». Koalizioak erreibindikatu nahi du «Euskal Herria aurrera» doala, «oztopo guztien gainetik»; «etorkizun desberdin bat du eskura», erantsi du Otegik.