Ertzaintzak atxilotu egin du igande goizaldean Irunen (Gipuzkoa) erasoa jasan eta hil egin zen gizonaren ustezko erasotzailea. 26 urteko gizon bat da, eta polizia aurrekariak ditu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gaur goizean atzeman dute ustezko erasotzailea Donostian, eta hilketa delitua leporatu dio Ertzaintzak. Igande goizaldean Irungo Kolon pasealekuan 45 urteko gizon bati muturrekoa eman eta hura hiltzea egotzi diote; izan ere, erasoaren ondorioz, gizona lurrera erori zen konorterik gabe, eta hil egin zen.
Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen erasoaren egilea identifikatzeko eta gertatutakoa argitzeko. Gaur atzeman dute ustezko erasotzailea, eta datozen orduetan epailearen esku utziko dute.