Irunen duela 43 urte ustez lapurtu zioten semea topatu du emakume batek

Adierazi dute semeak ez duela emakumearekin harremanetan jarri nahi. 2012an hasi zen auzia, baina Irungo auzitegi batek kasua artxibatu zuen. Oraingoz ez dago epairik.

Irunen ustez semea lapurtu zioten emakumea, Granadan (Espainia). MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE
Irunen ustez semea lapurtu zioten emakumea, Granadan (Espainia). MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko apirilaren 14a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

1981eko urriaren 28an erditu zen Maria del Mar, Irungo ospitale batean (Gipuzkoa). Erditu berritan, semea hilik jaio zela esan zioten ospitaleko langileek eta amak. Emakumeak azken 43 urteetan adierazi izan duenez, baina, ezin izan zuen haurra ikusi, eta semea lapurtu ziotela salatu izan du. Horiek horrela, 2012an prozesu judiziala abiatu zuen egoera salatu eta semea aurkitzeko. Gaur jakinarazi duenez, semea topatzeko gai izan da.

Semeak 43 urte ditu orain, eta, emakumeak EFE agentziari jakinarazi dionez, gizonak ez du ama biologikoaren berririk izan nahi. Espainiako agentzia horrek eman du albistearen berri. Kaleratu duenez, emakumea Granadan (Espainia) bizi da, eta Sevilla Bebes Robados [Sevilla haur lapurtuak] elkarteari esker lortu du semea nor den jakitea. «Amore eman nuen ez nekielako nora jo, denek ixten zizkidatelako ateak. Orain ez dut itxaropena galtzen: berak egia jakin behar du. Nire bertsioa entzun dezala, eta gero erabaki dezala», esan dio Maria del Marrek EFEri.

Auzia 2012an hasi zen, emakumeak Gipuzkoako Fiskaltzan salaketa bat jarri zuenean. Izan ere, amak eta ospitaleko zenbait langilek esan zioten arren haurra hilik zegoela, erizain batek esan zion semea «esku onetan» geratuko zela, emakumeak albiste agentziari kontatu dionez. Eta, Euskal Herrian antzeko auziak zabaldu zituztela entzun ostean, berak ere auzitara jotzea erabaki zuen.

Aurreneko salaketak ez zuen aurrera egin, eta hilabete batzuk geroago auzia artxibatzea erabaki zuen Irungo epaitegi batek. 2021ean, Sevillako (Espainia) elkarteari esker, baina, froga gehiago aurkezteko gai izan zen emakumea, eta auzia berriz ireki zuten. 

Beste familia bati saldu

Emakumearen abokatuak azpimarratu duenez, «frogatutzat» jo daiteke Maria del Marren semea «beste familia bati saldu ziotela eta familia horrek adoptatu zuela». Are gehiago, salerosketa horretan Maria del Marren amak parte hartu zuela iritzi dio haren abokatuak.

Oraingoz, ordea, ez dago hori baieztatzen duen epairik. Izan ere, prozesua irekita dago oraindik. Epaileek argitu behar dute zer erantzukizun duten ustez haren semea denaren adopziozko amak, Maria del Marren amak eta gertakari horietan inplikatuta dagoen beste edozeinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.