Irunen atzemandako hiru kamioitik batek legez kanpoko hondakinak ditu

Frantzian zaborra bildu, eta Espainiako zabortegietara eramaten dute, tratamenduaren kostua aurrezteko.

JAKA HORIAK
Kamioiak, Irungo mugaren inguruan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
jakes goikoetxea
2024ko urtarrilaren 11
14:00
Entzun

Bada hondakin ilegalen salerosketarik, eta hondakin ilegal horietako asko Irungo (Gipuzkoa) mugan atzematen dituzte, Lapurditik Gipuzkoarako bidean: Espainiako Guardia Zibilak eta Frantziako Jendarmeriak ausaz egindako 120 kontroletan, 35-45 kamioik legez kanpoko hondakinak zeramatzaten, Efe agentziari emandako datuen arabera. Urtean zehar, hiru eguneko zenbait kontrol operazio egiten dituzte —Augias operazioa sortu zuten 2022an—, hondakin ilegalak atzemateko. Urtean zehar hondakin mota hori daramaten kamioien kopurua, beraz, askoz ere handiagoa da. 

Hondakinak Frantziatik Espainiara eramaten dituzte. Ez dute zehaztu abiapuntua Ipar Euskal Herria den, edota helmuga Hego Euskal Herria. Baina Lapurdiko eta Gipuzkoako errepideetatik joaten dira, gutxienez. Abenduan, 19 lagun atxilotu zituzten, Frantziako zaborra Zaragozako (Espainia) eta Lleidako (Herrialde Katalanak) zabortegietara eramateagatik. Frantziako zabor bilketako enpresek Espainiako eta Kataluniako enpresak kontratatzen zituzten beren hiri hondakinak garraiatzeko eta jasotzeko. Guardia Zibilak emandako datuen arabera, 2020tik hamasei milioi euro baino gehiago jaso zituzten, zaborra Frantzian bildu eta Zaragozako eta Lleidako zabortegietara eramateagatik.

Efek emandako datuen arabera, Frantzian 250 euro ordaindu behar dira hiri hondakinen tona bat «tratatzeko eta deuseztatzeko», zergen 50 euro barne; Espainian, aldiz, 40 euro. Adibide bat: hogei tona hondakin tratatzeko, 5.000 euro ordaindu beharko lirateke Frantzian; 800 euro, berriz, Espainian. Aldea lau mila euro baino gehiago da. Kamioiaren gastua kenduta ere —gidariaren soldata eta erregaia— merkeagoa da Frantziatik Espainiara bidaltzea, Lapurditik eta Gipuzkoatik barrena. 3.000 euro inguru aurreztu ditzakete halako kamioi bakoitzeko.

Hondakin tratatuak garraia daitezke herrialde batetik bestera; tratatu gabekoak, ez. Horregatik, Guardia Zibilak Eferi zehaztu dionez, kamioietan arriskurik gabeko hondakinen geruzak jartzen zituzten hasieran —papera eta kartoia, esaterako—, tratatu gabeko hiri hondakinak ezkutatzeko eta kontrolak pasatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.