Irungo Gurutze Gorriak (Gipuzkoa) 6.253 migratzaile artatu zituen 2022an, aurreko urtean baino %20 gutxiago. Erakundeak atzo eman zuen datua, Pasaerako Migratzaileei Premiazko Arreta Emateko ErakundeartekoKoordinazio Mahaian. Irunen artatutako migratzaileen %78 gizonak izan ziren, eta %17, emakumeak; horien erdiek adingabeak zituzten bere kargu, eta artatutako guztizkoaren %5a izan ziren.
Gizonezko helduen batez besteko adina 24 urtekoa izan zen, eta emakumezkoena, 27koa. Adingabeen kasuan, mutikoek 4 urte zituzten batez beste, eta neskatoek, 5. Gehienak Gineakoak(%37) eta Boli Kostakoak (%25) izan ziren. Horrez gain, Sudandik iritsi ziren %9, Malitik %8, eta Senegaldik %5.
Guruze Gorriak Irunen daukan Hilanderas I zentroak 100 leku ditu, eta joan den urteko lehen hiruhilekoan bete ziren gehien; 850 etorkin artatu zituzten bertan. Urteak aurrera egin ahala, zentroan aterpe hartu zutenen kopurua erdira jaitsi zen.
Irungo Harrera Sareak behin baino gehiagotan salatu izan du Gurutze Gorriak «presioa» egiten diela Hilanderaseko erabiltzaileei, hasieratik esanez hiru gau bakarrik gera daitezkeela han, eta presio horrek «behar baino lehen» alde egitera bultzatzen dituela.
2018 eta 2022 bitartean migratzaile gutxiago heldu dira Irunera. Caminando Fronteras GKEaren ikerketa baten arabera, gero eta arriskutsuagoa da etorkinentzat migrazio prozesua: «Mugako kontrol mekanismoak gogortu dira, bizitzeko eskubideari modu garbian eragiten dioten interes geoestrategikoen mesedetan».
Irunen artatutako etorkin kopurua %20 jaitsi zen iaz
Gurutze Gorriak Irungo zentroan artatu dituen 1.063 emakumeetatik erdiek bere kargura zeuden adingabeekin egin zuten migrazio bidaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu