Iruñeko Zezenzaleen Klubari eraso egin dio talde animalista batek

Pintaketak egin dituzte, eta kanpoko leihoak apurtu dizkiete. Udal taldeetako bozeramaileek erasoa arbuiatu dute adierazpen batean

Tabernako beira apurtu eta margoketak egin zituzten. J. MANTEROLA / FOKU.
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Iruñeko Zezenzaleen Klubari eraso egin zioten, herenegun. Arrieta kalean dago elkartearen taberna, eta aurreko aldeko beira jo zuten, apurtu arte. Kolektibo animalisten logotipoak ere margotu zituzten kanpoaldean. Animalien Askapenerako Fronteko Sphyrnidae zelulak hartu du bere gain erasoa, eta ohar bat bidali zuen atzo hedabideetara, egindakoa azaltzeko. Iruñeko udal taldeetako bozeramaileek arbuiatu egin dute ekintza.

Erasoa bere gain hartu duen taldeak argudiatu du espazio horretan biltzen direnak «mundu guztiko zezen plazetan eskaintzen diren ikuskizun tradizionalen eta itsusien jarraitzaileak» direla. Halaber, animalien «askatasun osoa» aldarrikatu dute: «Gu ez gara zezenketen aurkakoak, espezisten aurkakoak baizik». Erasoa beren gain hartzeko igorritako mezuan gaineratu dute animaliak «beren helburuetarako» erabiltzen dituzten enpresen, instituzioen eta pertsonen kontra ere badaudela. «Egoera horiek sustatzen eta normalizatzen dituzte».

Taldeak onartu du «zezenzaletasunaren ikur batean kalte ekonomikoak» eragin nahi zituela. Hain justu, Iruñeko Zezenzaleen Klubeko arduradunek adierazi dute kalteak 18.000 eurorenak izan direla.

Iruñeko Udala osatzen duten taldeetako bozeramaileek erasoa baztertu dute, eta ekintza «arbuiatzeko» eta «kondenatzeko» adierazpen bat hitzartu. «Udalak adierazpen askatasunaren alde egiteko konpromisoa du, baina ideiak modu baketsuan adierazi behar dira, ez bortizkeria erabiliz», adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.