Iruñeko Udaltzaingoak 740 salaketa jarri zituen iaz desgaitasunen bat dutenentzako aparkalekuekin lotutako arau hausteengatik. Desgaitasunen bat dutenentzako aparkalekuetan dagokion txartelik gabe aparkatzeagatik jarri zituzten horietatik 624. Gainerako 116ak, berriz, beste arrazoi batzuengatik: 54, txartela ikusgai ez izateagatik, eta 62, txartela modu desegokian erabiltzeagatik.
Aldi berean, udaltzaingoak 73 txartel kendu zituen, horietatik erdiak baino gehiago (43) Iruñetik kanpoko udalerrietakoak. Gainera, sei kasutan zigor prozedura abiatu dute epaitegian, dokumentuak faltsutzeagatik.
Aparkatzeko txartelak pertsonalak dira, eta titularrak bakarrik erabil ditzake, gidari edo bidaiari gisa. Bakoitzak kode bat du, eta erabiltzailea identifikatzeko zenbaki bat. Udaltzaingoak, bilatzaile batekin, erabiltzailearen txartel zenbakia eta iraungitze data egiaztatu ditzake. 2022tik, Nafarroako Gobernuak txartel horien erregistro bakarra ezarri zuen, bikoiztasunak eragozteko eta erabilera desegokiak hobeto kontrolatzeko.
54.720 euro isunetan
Desgaitasunen bat dutenentzako eremuan txartelik gabe aparkatzeak 200 euroko isuna dakar. Txartela behar ez bezala erabiltzeagatik, berriz, 500 euroko isuna ezartzen dute, eta batzuetan garabiak ibilgailua eraman dezake. Iruñeko Udaltzaingoak guztira 54.720 euro jarri zituen iaz isunetan.
Era berean, hirian aparkaleku arautua kontrolatzeaz arduratzen den enpresak 503 isun ezarri zituen mugikortasun urrikoentzako lekuetan aparkatzeagatik dagokion baimen txartelik gabe. Guztira, 1.243 salaketa jarri ziren hirian.
Iruñeak 4.000 txartel baino gehiago banatu ditu. Pertsona horiek erreserbatutako eta geolokalizatutako 600 aparkaleku erabiltzeko aukera dute. Lur gaineko eta lurpeko aparkalekuak dira, eta Iruñeko auzo guztietan daude.