«Emakume handia eta hurrengo Iruñeko alkatea». Maria Txibite PSNko presidentegaiak halaxe aurkeztu du Iruñeko Udaleko zerrendaburu izango dena, Elma Saiz. Aurkezpen horretan, Txibitek salatu du azken zortzi urteak «galdutako bi legealdi» izan direla hiriburuarentzat. Bereziki kritiko agertu da Enrique Maia egungo alkatearekin, eta haren jardunbidea aukera galdua izan dela uste du. «Elkarrizketarako gaitasuna falta izan zaio hiriaren mesederako proiektuak aurrera ateratzeko, eta hori ez da gertatuko Elma alkate denean»
Txibitek gaineratu du Iruñea ez dela «ez kontserbadorea, ez independentea», eta bi indar horien aurrean proposamen zentrista dutela uste du. PSNren apustua da hiria eraldatzea, «XXI. mendeko erronkei erantzuteko jauzi handia ematea». Hiriko bi indar politiko nagusien aurrean, «ezkerreko alternatiba» ordezkatzen dutela azpimarratu du, eta Nafarroako Gobernuan zailtasun handiak kudeatzeko ahalmena erakutsi dutela ere esan du.
Udal hauteskundeei begira, ilusioa transmititu nahi izan dute sozialistek Lezkairu auzoko La Fabrica de la Goma eraikinean egindako ekitaldi politikoan. Bertan izan dira alderdiko aurpegi ezagunak: hala nola Ramon Alzorriz, Martin Zabalza, Javier Ramirez, Jorge Agirre...
Saizek bere taldea aurkeztu du banan-banan: hala nola Xabier Sagardoi, Marina Curiel, Eloy del Pozo, Nuria Medina, Tomas Rodriguez eta Maria Jose Blasco. Poz berezia agertu du zerrendako azken postuan Julian Balduz duela 36 urte alkate izandakoa joango delako.
Proposamenari begira, zazpi helburu nagusi aurkeztu ditu: zaintzan oinarritutako hiria, eremu publikoa sozializatzea, hirigintza iraunkorra, desberdintasunak murriztu eta aberastasuna sortzea, kulturaren eta kirolaren sustapena, elkarbizitza eta berrikuntza.
Aurkezpenean, egitarauko ideia eta proposamen batzuk azpimarratu dira. Besteak beste, Saizek aldarrikatu du Iruñea berrikuntza arloan puntako hiria izatea dutela asmo, eta hala nola hiri osoan wifia jartzea bultzatuko duela, alkate izanez gero.
Nabarmendutako kontuen artean daude ondare gastronomikoa sustatzea, ibaiari begirako plana bultzatzea, oinezkoentzako guneak eta bidegorriak handitzea, haur eskoletako eskaintza handitzea eta hirigintza arloko planifikazioan gazteen parte hartzea aktibatzea. Hizkuntzen elkarbizitzarako plana ere jasotzen du egitarauak. «Euskara guztiona da», adierazi du Saizek.