EH Bildu, Geroa Bai, PSN eta Zurekin Nafarroa Iruñeko udal taldeek adierazpen bat aurkeztu dute gaur, Carlos Salvador UPNko zinegotziaren jarrera gaitzesteko. Herritarrekiko Harremanetarako, Partaidetzako, Adinekoekiko Harremanetarako, Hezkuntzako, Berdintasuneko eta Kultura Aniztasuneko udal gobernuko arduraduna izaki, urriaren 5eko osoko bilkuran emakumeen aurkako indarkeriari buruz egindako «adierazpen negazionistengatik» arbuiatu dute haren jokaera. Adierazpen horiek Iruñean «indarkeria matxistaren aurkako borrokari kalte» egiten diotela adierazi dute oposizioko udal taldeek. Salvadorrek ez ditu adierazpenak zuzendu: esan du «emakumearen aurkako indarkeria ororen aurka» dagoela, eta baita «beste indarkeria mota guztien aurka» ere. Azkenerako, aurrera atera da Berdintasun zinegotziaren aurkako arbuio adierazpena, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroaren aldeko botoekin. UPNk eta PPk kontrako botoa eman dute.
Oposizioko taldeek gogoratu dutenez, «indarkeria matxista da emakumeen artean heriotza goiztiarren lehen arrazoia»; matxismoak hil egiten duela azpimarratu dute, eta «lehen mailako gai politikoa» izan behar duela, «prebentzio, arreta eta erreparazio politika eraginkorrekin, milaka emakumeren eta haien seme-alaben sufrimendua amaitzeko eta gizarte parekide batean aurrera egiteko». EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek adierazpen gogorrak egin dituzte Salvadorren aurka: «Emakumeen aurkako indarkeria zer den ez dakien pertsona batek ezin du egin gaitz horren aurka borrokatzeko politika egokirik».
Gaitzespen adierazpenean, oposizioko taldeek Cristina Ibarrola alkateari eskatu diote «berdintasun politiken eskuduntza Salvador jaunari kentzea». Era berean, «behin baino gehiagotan emakume eta gizonen arteko berdintasuna gutxietsi eta emakumeen aurkako indarkeria dagoenik ukatu duen zinegotzi bati» erantzukizun hori eman izana salatu dute. Salvador zinegotziak «gizartean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren ondorioz dagoen egiturazko indarkeria dagoenik» ukatu egiten duela azpimarratzen dute, halaber.
Salvador ultrakatoliko gisa duen militantziagatik da ezaguna. Esaterako, abortatu nahi duten emakumeei fetuaren argazki bat erakusteko eskatu zuen diputatu zenean, Espainiako Kongresuan, UPNren Madrilgo eledun izan baitzen (2004-2019).