Iruñeko Udalari eskatu diote «lehentasuna» eman diezaiola euskarazko haur eskolen auziari

Iruñeko Euskalgintzak deituta, manifestazioa egin dute Iruñeko Alde Zaharrean, auzo guztietan euskarazko lerroa ezar dezatela galdegiteko.

haur eskolak
Euskarazko haur eskolen aldeko protesta, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko maiatzaren 16a
18:57
Entzun

Ez dute auzia are gehiago geroratu nahi. Euskaraz hezi nahi dituzte seme-alabak, eta, horretarako, ezinbestekotzat dute haurrak murgiltze ereduan eskolatzea hasiera-hasieratik. Iruñeko Udalak, baina, ez du inoiz eskubide hori bermatu: Yolanda Barcina alkate zen garaian, bi haur eskolatan soilik eskaintzen zuten euskarazko eredua; Joseba Asironen lehen agintaldian, lau auzotara zabaldu zuten eskaintza; eta UPN agintera itzulita, Enrique Maiak murriztu egin zuen atzera ere. Gaur egun, eskola bakarrak eskaintzen du euskarazko murgiltzea, Txantrea auzoan, eta beste hiru zentrotan, eredu «mistoak» eskaintzen dituzte, euskarazko eduki batzuekin. Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioaren ostean, euskaltzaleek uste zuten euskarazko haur eskolen eskaintzan islatuko zela aldaketa, baina ez da hala izan. Ez, behintzat, 2024-2025eko ikasturteari dagokionez. Hori dela eta, kalera atera dira gaur arratsaldean, udal gobernuari eskatzeko gai hau sar dezala behingoz «lehentasunen artean», eta konponbidea eman diezaiola «agintaldi honetan bertan».

Iruñeko Euskalgintza plataformak deituta, ehunka euskaltzalek manifestazioa egin dute Alde Zaharreko karriketan barna. Ibilbidea ez da luzea izan: Sarasate pasealekutik abiatu eta handik metro gutxira amaitu da protesta: Udaletxe plazan. Han izan dira, batetik, plataforma osatzen duten eragileen ordezkariak (AEK eta IKA euskaltegiak, Sortzen, HE Gurasoak, Administrazioan Euskaraz Taldea, eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuak); eta bestetik, Iruñeko haur eskoletako zenbait guraso. Protestarekin bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere.

«Gure helburua da auzo guztietan euskarazko haur eskolak izatea», laburbildu du Esti Martinezek, gurasoen izenean, manifestazioaren bukaeran: «Bizi kalitatea nahi dugu guretzat ere, eta ez izatea Iruñea alderik alde zeharkatzeko beharrik, seme-alabak euskaraz eskolatu ahal izateko». Hori dela eta, zenbait galdera egin dizkiete udalbatza osatzen duten talde politikoei: «Zergatik ezin dugu euskarazko haur eskolarik izan gure auzoan? Zeintzuk dira EH Bilduk, Geroa Baik, PSNk, UPNk, Zurekin Nafarroak eta PPk dituzten trabak, eskaera honi konponbidea emateko garaian?». Alderdi eta koalizio horien guztien artean, baina, udal gobernuari eusten dioten laurek dute arazoari konponbidea emateko gaitasuna. Horientzat izan dira Martinezen eskaerarik zehatzenak: «Zentsura mozioa aurkeztu zuten lau taldeek zerbait adostuko al dute gai honi buruz? Aukera izanen al dugu agintaldi honetan gure seme-alabak euskaraz matrikulatzeko?».

Euskararen ordenantza, bete gabe

Iruñeko Euskalgintza osatzen duten eragileen izenean, hitza hartu du haur eskolen LABeko ordezkari Amaia Razkin Juriok. Gogorarazi du hiriburuko euskararen ordenantzak propio aipatzen duela haur eskolak hedatzeko plan orokor bat, eta, horren barruan, aintzat hartuko direla euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak, «ahal den modurik hoberenean bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko duten eskubidea». Razkinek salatu du udalak ez duela eskubide hori betetzen, Txantreako eskola bakarrean eskaintzen baitu euskarazko murgiltze eredua: «Zertarako balio du arauak, aplikatu behar dutenek hala egin nahi ez badute?», galdetu du.

Iruñeak «beste zerbait» merezi duela gaineratu du LABeko kideak, eta horregatik, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa premiatu ditu euskarazko haur eskolen auziari konponbide bat adostera: «Ezin da beste agintaldi bat joan, berriro ere urteetako aldarrikapenari konponbiderik eman gabe». Areago: udalari galdegin dio gaia «agendan txertatzeko, lehentasunez», eta lehenbailehen lanean hasteko, 2025-2026ko ikasturtean euskarazko eskaintza bermatua egon dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.