Iruñeko Udalari egotzi diote adingabeak dituzten bi familia etxegabe artatu nahi ez izatea

Zenbait eragile sozialek konponbide bat eskatu diote udalari, eta errolda eskuratzeko erraztasunak eskatu, «hori izaten baita zenbait gizarte zerbitzu lortzeko gakoa».

Eragile sozialek gaur goizean egin duten protesta, Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuen eraikinean. BERRIA
Eragile sozialek gaur goizean egin duten protesta, Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuen eraikinean. BERRIA
inaki rubio
2024ko irailaren 27a
15:19
Entzun

Zaurgarritasun egoeran diren pertsonekin diharduten hainbat kolektibo bildu dira gaur goizean Iruñeko Udaleko gizarte eraikinaren parean, eta salatu dute adingabeak dituzten bi familia kalean daudela, babes sozialerako inongo aukerarik gabe. «Pertsona horiek migratzaileak dira, eta ez daude Iruñean erroldaturik; horregatik ez dituzte artatu», esan du Susana Cañete Migratzaileen Informazio Puntuko kideak.

Izan ere, 10:00 aldera, eragile sozial horietako kideek bazterketa egoera handian daudenak artatzen dituen zerbitzura lagundu dituzte bi familia horiek, egoerari irtenbide bat emate aldera. «Bosgarren aldia da hona konponbide eske etortzen garela, baina ez dugu erantzunik jaso», esan du Cañetek. Hain zuzen ere, bertan zerbitzurik eskaintzen ez dutela salatu du SOS Arrazakeriako kide Flavia Navarretek: «Ez dakigu zertan ari diren, baina egoera zaurgarrian direnak ez dira artatzen ari». Navarreteren esanetan, «aitzakiak baino ez dituzte jarri» gizarte zerbitzuko langileek: «Ustezko protokolo batez hitz egin digute, baina ez digute horren inguruko informaziorik eman». Halako egoerei entzungor egiteko «burokraziaren aitzakia» erabiltzen dutela salatu du Cañetek.

Gauzak horrela, eragileek udalari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete familia horiei aterpe bat eskain diezaietela, baita Iruñean errolda ditzatela ere: «Erroldarako sarbidea oso garrantzitsua da, hori gabe ezin baitira babes sozialerako sisteman sartu». Halaber, Iruñeko Udalari eskatu diote «ezkerreko politikak» egin ditzala: «EH Bilduk esan zuen ez zela inor geratuko etxerik gabe, baina orain ez dute konponbiderik bilatu nahi». Oraingoz, eragile sozialak arduratu dira familia horiek artatzeaz, Iruñeko Udalak konponbide bat eskaini bitartean.

Halaber, etxegabeen egoera larria dela azpimarratu nahi izan du Cañetek: «Iruñean 250 pertsona daude Aranzadi kalean lo egiten. Konponbide bat eskatzen diegu Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari, orain».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.