Larunbat arratsaldean, tortura kasuak ikertzeko aldarria entzungo da Iruñeko erdiguneeko kaleetan. Horren aurrean, deialdia bultzatu duten eragileek salatu dute Iruñeko Udala trabak jartzen ari zaizkiela. Sarasate pasealekuan da amaitzekoa manifestazioa, eta han bozgorailuak jartzeko baimena ukatu du, «ez delako hamabost egun lehenago» jakinarazi. Nafarroako Torturatuen Sareak azpimarratu du torturaren aurkako mezua isilarazi nahi duela Navarra Sumaren udalak.
Espainiako Gobernu ordezkaritzak baimena aldatzera behartu ditu, halaber. Iruñeko autobus geltoki zaharrean zen hastekoa, 17:30ean, baina handik gertutik aterako da azkenik, Baluartetik. Sarasate pasealekuan da amaitzekoa, baina udalak trabak jarri nahi dizkiela salatu dute. «Errealitate hori ezkutatzeko ezein saiok ez du lortuko desagerraraztea, ezta erakunde nafarren torturaren gaineko ikerketa egiteko gure eskaera isilararaztea ere».
Nafarroako gizartea kalera ateratzera deitu dute, torturaren gaineko ikerketa aldarrikatzeko eta hori eragozteko saioak gaitzesteko. Hainbat eragilek atxikimendua adierazi diote deialdiari. Alderdien artean, oraingoz, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Nafarroako Ezker Batuak bat egin dute manifestazioarekin. Sindikatuen artean, LABek, Steilasek eta ESK-k. Gainera, beste eragile hauek ere babesa adierazi dute: Ernaiz, Zabaldi, Nafarroako Pentsionistak Martxan, - Zabaldi, Oneka, Sasoia, Euskal Herrian Euskaraz eta Etxerat.