Iruñeko Udalak suntsitu egingo ditu iraungitako 408.000 maskara

Espainiako Gobernuak eman zizkion, 2022ko maiatzean. Bilboko portuko Nantek enpresara bidali ditu, plastikoa birziklatzeko.

Iraungitako maskarak kamioian kargatzen, gaur. IRUÑEKO UDALA
Iraungitako maskarak kamioian kargatzen, gaur. IRUÑEKO UDALA
jakes goikoetxea
2025eko otsailaren 11
15:45
Entzun

Iruñeko Udalak iraungitako 408.000 maskara zituen Arrotxapeko biltegi batean, 2022tik. Maskaraz betetako hamar palet: 408.000 maskara 8.160 kaxatan. Ingesa Espainiako Osasun Kudeaketarako Institutuak eman zizkion, 2022ko maiatzean, eta urtebete geroago iraungi ziren. Beraz, maskarak ezin ziren erabili, eta Iruñeko Udalak suntsitzea erabaki du.

Nantek enpresa arduratuko da maskarak suntsitzeaz: plastikoa birziklatzen dute. Udalak zehaztu du ez duela ezer ordaindu beharko, maskarak Nanteken biltegira —Bilboko portura— eramateko gastua soilik. Kopurua zehaztu du: 390 euro gehi BEZa. Gaur eraman dituzte maskarak Iruñetik Zierbenara (Bizkaia).

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren bidez jaso zituen maskarak Iruñeko Udalak. Maskarak behar ziren orduan osasun zentroetara, farmazietara eta garraiobideetara sartzeko. «Hala ere, ez zegoen maskara faltarik, pandemiaren lehen hilabeteetan gertatu zen moduan», Iruñeko Udalaren esanetan. Maskarak iraungi egin ziren.

Eztabaida sortu zen egungo Iruñeko Udaleko arduradunek maskaren berri izan zutenean, osasun materialaren inbentario bat egiten ari zirela. Izan ere, UPNko Enrique Maia alkate zela iritsi ziren, eta UPNko Cristina Ibarrola alkatetzara iritsi zen hilabetean iraungi.

«Ez dakigu zer gertatu den», azaldu zuen orduan Joseba Asiron alkateak: «Ezohiko egoera da, logika gutxikoa, eta ikusi beharko dugu zer egin daitekeen orain maskara horiekin. Oraintxe bertan ezertarako balio ez duten maskarak dira». Suntsitu egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.