Iruñeko Udalak kobratu gabe utzi ditu 30 milioi euro, UPNk ez zuelako eguneratu katastro balioa

Cristina Ibarrolaren dimisioa eskatu dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, Tracasa sozietate publikoaren 2021eko txosten bat ezkutatzeagatik: «Alderdiaren interesak lehenetsi ditu, interes orokorraren kaltetan».

Cristina Ibarrola, burumakur, Iruñeko Udalaren osoko bilkura batean. Artxiboko irudia da. IÑIGO URIZ / FOKU
Cristina Ibarrola, burumakur, Iruñeko Udalaren osoko bilkura batean. Artxiboko irudia da. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko maiatzaren 10a
15:10
Entzun

30 milioi euro. Hori da azken hiru urteetan Iruñeko Udalak kobratu gabe utzitakoa, 2021etik katastro balioak ez eguneratzeagatik. Ez da kalkulu oker baten ondorio izan: Tracasa sozietate publikoak 2021ean helarazi zion udalari katastroari buruzko txostena, baina orduko alkateak, UPNko Enrique Maiak —Navarra Suma koalizioaren barruan, PPrekin batera—, uko egin zion hura tramitatzeari. Maiari lekukoa hartuta, Cristina Ibarrolak eutsi egin zion erabakiari; areago, ez zien eman Tracasaren txostenaren berri oposizioko taldeei. Horren ondorioz, higiezinen, industriaren eta lursailen balioa eguneratu gabe egon da hiru urtez, eta udalak askoz diru gutxiago jaso du zerga horien bidez: hamar milioi euro gutxiago urteko.

Duela bi asteko udal bilera batean atera zen auzia azalera, Tracasako teknikariek egungo agintariei azaldu zietenean aspalditik egina zegoela katastro balioen txostena, eta ez zekitela zergatik ez ziren aplikatu. Auziak ezinegona eta haserrea piztu ditu udal gobernuari eusten dioten taldeen artean. Gogorarazi dute garai hartan, oposizioan zirela, behin baino gehiagotan eskatu zutela katastro balioak eguneratzeko eta horren gaineko informazioa galdegin zietela bai Maiari bai Ibarrolari. Hori dela eta, gogor kritikatu dute UPNko kargudunen jokabidea, eta erantzukizun politikoa nork duen argitzeko eskatu. Joseba Asiron alkateak, esaterako, Ibarrolaren eta Maria Etxabarri zinegotziaren dimisioa galdegin du, 2021ean udal ogasunaren arduraduna baitzen: «Haien betebeharra zen herritarren interes orokorra lehenestea interes alderdikoien gainetik, eta argi dago ez dutela halakorik egin», azaldu du, Euskalerria Irratian egin dioten elkarrizketa batean. Alkateak gogorarazi du udalak kobratu ez dituen 30 milioi horiekin «lau Civivox [auzoetako zentro soziokulturalak] edo zazpi haur eskola» eraiki zitezkeela, besteak beste.

«UPNk pentsatu zuen hiriko tasak igotzeak kalte eginen ziola hauteskundeetan; beraz, alderdia jarri zuen hiriaren gainetik», alkateak esan duenez. Urte hauetan, higiezinen, industriaren eta lursailen balioa «nabarmen igo» dela gehitu du Asironek, «baina etxebizitza handienak eta garestienak garestitu dira gehien». Gainera, salatu du UPNk nahita ezkutatu dituela katastroari buruzko datuak: «2021eko urriko Presidentetza Batzordean, adierazpen bat onartu genuen, zeinean udala premiatzen baitzen katastro balioen txostena lehenbailehen eguneratzera; eta UPNk kontrako botoa eman zuen, jakinda eguneratze hori jada egina zegoela, eta tiraderan gordea».

Udal taldeentzat, «iruzurra»

PSNko bozeramaile Marina Curielek ere «oso larritzat» jo du gertatutakoa, eta gezurra esatea leporatu dio Cristina Ibarrola alkate ohiari: «Agintaldia hasi berritan, Ibarrolak esan zuen lan teknikoak egin zituztela katastroa eguneratzeko, eta orain harri eta zur geratu gara, jakinik lan horiek 2021ean egin zituztela, baina Navarra Sumak agindu zuela zergen eguneratzea geldiaraztea». Curielek esan du katastroari buruzkoa dela «UPNk ezarritako blokeoaren adibiderik garbiena», eta «berehalako neurriak» eskatu dizkio oraingo udaleko gobernu taldeari, zergak eguneratze aldera: Zergak eguneratzera derrigortzen du legeak, baina, horrez gain, ikuspegi sozial handiko neurria da, katastro balioak gaurkotzeak mesede eginen baitie familia zaurgarrienei. Errentarik txikienekoei %90 arteko bonifikazioa aplikatu ahalko zaie hiri kontribuzioan».

Geroa Bairen izenean, Mikel Armendariz zinegotziak azaldu du bi aldiz bakarrik berritu direla katastro balioak Iruñean: 2006an, eta 2016an. «Enrique Maiak eta UPNk bazekiten behar-beharrezkoa zela balorazio txostena eguneratzea, baina ez zuten halakorik egin: ez zuten kontribuzioa igo nahi izan, eta nahiago izan zuten txostena ezkutatu». Auziaren oinarrian UPNren interes «alderdikoiak eta hauteskundeetakoak» daudela uste du Armendarizek, «eta horren emaitza zera da, udalak 30 milioi euroko galera izan duela 2021az geroztik zerga bilketan».

Zurekin Nafarroa koalizioko bozeramaile Txema Mauleonek ere txarretsi egin du UPNk eta PPk «oinordetzan utzitako zulo ekonomikoa», eta salatu du alderdi horiek «funtsezko informazioa ukatu diotela» hiriari: «Gezurra esan, Iruñeko herritarrei iruzur egin, eta konpondu ezinezko kaltea eragin dute hiriaren gaitasun ekonomikoari dagokionez».

Ibarrola: «Zirriborro bat zen»

UPNko presidente eta Iruñeko Udaleko zinegotzi Cristina Ibarrolak agerraldia egin du gaur eguerdian, eta ukatu egin du Tracasaren txostena ezkutatu izana. Esan duenez, agiri hori «zirriborro fasean» zegoen, eta, hori aplikatu izan balitz, «Iruñeko zenbait auzok zerga gehiago ordaindu beharko zituzketen, bidegabeki». Alkate ohiak gogor jo du egungo gobernuari eusten dioten alderdien kontra eta, bereziki, PSNren kontra: «Astebete daramate desinformazioaren eta gezurren kontrako kanpaina egiten, eta hori da eurek egiten duten bakarra, gezurrak eta zurrumurruak zabaldu». Are, haren kontrako kanpainatzat jo du auzia: «Ez dute nahi nik dimisioa ematea: birrindu nahi naute, nire aurkako jazarpenak ez baitu etenik izan alkate izendatu nindutenetik». Argudiatu du Tracasak udal taldeei igorritakoa zera dela, 2021etik «bukatu gabe» zegoen txosten tekniko bat: «Fintzea falta zen, eta kalkuluak behar bezala egin gabe zeuden».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.