Iruñeko Udalak ez du ikurrina jarriko gaurko txupinazoan

2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Ikurrina Iruñeko udaletxean jartzea eragozteko «izaera juridikoko mehatxua» dagoela ohartarazi du Joseba Asiron alkateak, eta jakinarazi du horregatik ez dutela balkoian jarriko Espainiako, Europako eta Iruñeko banderekin batera, gaur, sanferminen hasiera iragartzeko txupinazoan. Asironek adierazi du udaletxeko masta bat utziko dutela hutsik, «debekatutako identitateak» daudela adierazteko. «Egiaz kezkagarriena da gaur egun Europan, Nafarroan eta Iruñean jendea egotea pentsatzen duena banderak debeka daitezkeela», salatu du.

Ikurrina 1981ean jarri zuten azkenekoz, eta 2015ean berreskuratu zuten. Urte hartan, Nafarroako instituzio nagusietan izandako aldaketa politikoaren lehen erakusleetako bat izan zen erabaki hori.

Baina 2016ko ekainean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen neurria lege iruzurra izan zela, 2003ko Nafarroako Ikurren Legeaz eginiko interpretazioaren arabera. Hala, urte hartan hutsik geratu zen bosgarren haga. Dena den, ikurrina era ez-ofizialean azaldu zen balkoietako batean, EH Bilduko zinegotzien eskuetan.

2017ko martxoan, Nafarroako Parlamentuak Ikurren Legea indargabetu zuen, eta urte hartako bestetan jarri zuten berriz ikurrina. Aurten, baina, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiak kontrako epaia eman du, erabakiak legezko babesik ez duela iritzita, eta 8.000 euroko isuna jarri dio udalari. Epaimahaiak dio Ikurren Legea indargabetuta ere, beste legerik ez dagoela ikurrina jartzea baimentzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.